Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak mugikortasun seguru eta jasangarria sustatu du Bilbo-Bilbo Martxa Zikloturistaren inaugurazioan

2022-03-27
  • Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak inauguratu du martxa, eta begirunea eskatu du errepidean zaurgarriak diren kolektiboentzat
  • Jaurlaritzak finkatu egin du martxa zikloturistari ematen dion laguntza, eta zintzilikatzeko 8.000 linterna banatu ditu parte-hartzaileen artean.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Bilbo-Bilbo Martxa Zikloturista inauguratu du gaur goizean Deustuko zubitik, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko beste agintari batzuekin batera.

Martxa zikloturistaren 33. edizioan 8.000 bat parte-hartzaile izan dira, eta hiru ibilbide izan dituzte aukeran, euren gaitasunen arabera egiteko: laburra (85 km-koa), klasikoa (115 km-koa) eta luzea (125 km-koa).   

KOLEKTIBO ZAURGARRIAK

Trafikoko zuzendariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela Euskadin hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten istripuak gutxitzeko, eta Zero Biktima ikuspegiarekin ari da, Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoak ezarritakoari jarraituz. Planak errepidean zaurgarrienak diren kolektiboak, bereziki oinezkoak, motozaleak eta txirrindulariak, gehiago babestearen alde egiten du. Alde horretatik, Sonia Díaz de Corcuerak begirunea eskatu du horientzat guztientzat: “Zuhurtziarako deia egiten dugu, errepideak erabiltzen dituzten guztien elkarbizitza hobetzeko, zirkulazio-arauak eta, zehazki, errepidean ziklomotorrak edo txirrindulariak aurreratzerakoan, tarteak errespetatuz. Segurtasun osoz aurreratzeko, nahitaezkoa da alboko erreian erabat sartzea, norabide bakoitzean errei bat baino gehiago dagoenean. Halakorik ezean, gutxienez metro eta erdiko tartea utzi behar da. Funtsezkoa da gogora ekartzea bide-segurtasuna denon erantzukizuna dela”.

LANKIDETZA

Eusko Jaurlaritzak zintzilikatzeko 8.000 linterna eman dizkie probaren antolatzaileei, parte-hartzaileen artean bana ditzaten. Bestalde, bide-segurtasunari buruzko aholkuak emateko mezuak prestatu ditu posta elektroniko bidez bidaltzeko martxa zikloturistarekin erlazionatutako 37.000 bat pertsonari (bai aurtengo edizioko parte-hartzaileei bai aurreko edizioetakoei). Horrela, Jaurlaritzak Euskadiko errepide-sarean mugikortasun segurua eta jasangarria lortzeko sentsibilizazio-lana sakontzen jarraitzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan