Euskadik klima-aldaketari eta genero-ikuspegiari buruzko mundu mailako ekitaldi bat aurkeztu du

2022-03-23
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Emakundek NBEren CSW66aren barne antolatutako ekitaldia aurkeztu du
  • Emakundek antolatu du,  Euskadiko Europar Batasunerako delegazioarekin batera eta Itsas eta Periferiako Eskualdeen Konferentziako (CRPM) Genero Lantaldearekin lankidetzan  
  • Zenbait adituk Europako eskualdeek genero-berdintasunaren eta klima-aldaketaren arteko loturaren inguruan egin dezaketenari buruz eztabaidatu dute

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere sailak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen bidez antolatutako The gender perspective in climate change: The role of the European regions saioa aurkeztu du gaur. Ekitaldi hau Itsas eta Periferiako Eskualdeen Konferentziako (CRPM) Genero Lantaldearekin lankidetzan antolatu du Emakundek, Euskadiko Europar Batasunerako delegazioarekin batera, Nazio Batuen Emakumearen 66. Batzorde Juridiko eta Sozialaren (CSW) programa ofizialean barruan ekitaldi paralelo bat bezala. CSW66 egun hauetan New Yorken egiten ari den urteko berdintasunari buruzko munduko topaketarik garrantzitsuena da.

Ekitaldia Marta María, Europar Batasunerako Euskadiko delegatuak moderatu du eta akademia munduko, EBko erakundeetako eta Europako eskualdeetako adituak bildu ditu, genero-berdintasunaren eta klima-aldaketaren arteko loturei buruz eztabaidatzeko eta Europar Batasunean klima-aldaketari buruzko politiken agertokia genero-ikuspegitik ezartzeko. Parte hartu duten adituen artean, Gill Allwood, Nottingham Trenteko Unibertsitateko irakaslea; Christine Schneider, Europako Parlamentuko diputatua; Kata Tütto, Eskualdeen Europako Batzordeko kidea; Katy Wiese, Europako Ingurumen Bulegoko trantsizio ekonomikorako eta genero-berdintasunerako politiken arduraduna; eta Neus Pociello, l 'Institut Català de les Dones erakundeko zuzendari exekutiboa.

Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez, aurre egin behar diogu erronka klimatikoari, baita pandemiaren berreskuratzeari, eta aldi berean konturatu aukera historikoa dela “egiteko modu berriak identifikatzeko, lehentasunak birplanteatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko, eta zeregin horretan genero-ikuspegia sartzea garrantzitsua da, ingurumen-krisi honek are gehiago areagotzen dituelako ezberdintasunak eta diskriminazioak, inoiz ez baitira neutroak”. Artolazabalen hitzetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea eta klima-aldaketaren aurkako borroka dira XXI. mendean ditugun erronkarik handienetako bi, eta biei eman beharreko erantzuna bata bestearen eskutik etor daiteke.

Sailburuak gogorarazi du Euskadin Berdintasunerako Lege berri bat onartu berri dela, plan estrategikoetan eta sektorialetan genero-ikuspegia txertatzeko beharra jasotzen duena, eta 2030 agenda ere aipatu du: “Agenda horren helburuen artean dago klima-aldaketari aurre egitea, zeharka emakumeen eta gizonen berdintasuna ere kontuan hartuta”. Artolazabalek ondorioztatu duenez, “emakumeen eta gizonen berdintasunean eta emakumeen eta nesken ahalduntzean inbertitzea mundua hobetzen inbertitzea da, baita ingurumenaren kontserbazioa hobetzen inbertitzea ere”.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eskerrak eman dizkie Euskadik EBerako duen ordezkaritzari eta Euskadik New Yorken duen ordezkaritzari, ekitaldiaren antolaketan parte hartzeagatik, Emakundeko lantaldeari, bai eta CRPMko Genero Berdintasuneko Lantaldeari ere. Era berean, eskerrak luzatu dizkie hainbat eskualdeetako ehundik gorako partehartzaileei: Umbria, Okzitania, Salzburgo, Ile de France, Ipar Irlanda edo Eskozia, besteak beste.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak