Eusko Jaurlaritzak bizirik dauden euskal artisten arte garaikidea erostera beste 200.000 euro bideratuko ditu aurten

2022-03-23
  • Orain arte, guztira, 2020an eta 2021ean 300.000 euro bideratu dira Bilboko Arte Ederren Museoaren, Artium Museoaren eta Tabakaleraren bilduma partekatua osotzera 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Bilboko Arte Ederren Museoan iragarri duenez, sailak aurten ere bizirik dauden euskal artisten arte garaikidea erosteko diru partida bat bideratuko du. Guztira 200.000 euro izango dira. Aurreko bi urteetan baino 50.000 euro gehiago. 2020an eta 2021ean 150.000 euro bideratu ziren helburu honetara. Maider López artistaren “Arnasa” bideo-instalazioaren aurkezpenean egin du iragarpena Zupiria sailburuak. 

Hirugarren aldia izango da Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza hau ematen duena. 2020an COVID-ak artearen munduan eragindako kalteak arintzeko helburuarekin eman ziren lehengoz baina berez, helburua hirukoitza da: batetik Covid-19ak gogor jotako sektore ezegonkorrean ekonomia arintzea, bestetik ondare historiko artistiko publikoa aberastea eta eguneratzea, eta azkenik museoen eta euskal arte garaikidean espezializatutako zentroen arteko ekintza bateratua eta koordinatua indartzea. Eusko Jaurlaritzak diseinatutako jarduera honen bidez, Artium Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak euskal arte garaikidearen funtsak aberastuko dituzten erosketak koordinatzen dituzte. Lan horien erosketa Artium Museoak gidatuko du, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Tabakalera zentroarekin lankidetza estuan.

2020an 24 artistaren 34 lan eta edizio grafikoko 8 ale erosi ziren. Tartean dago gaur Arte Ederren Museoan aurkeztu den Maider López-en “Arnasa” bideo instalazioa. Artelana Museoan bertan 2020ko ekainaren 4tik 2021eko urtarrilaren 1era gauetan egindako instalaziotik sortu zen. Maider López obra hau ekainaren 27ra bitartean egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoko 33. Aretoan.

Bestalde, 2021eko 150.000 euroko dirulaguntzarekin 15 artistaren 49 lanekin osotu zen bilduma partekatua. Hautatutako piezen artean margolanak, argazkiak, eskulturak, collageak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta obra grafikoak daude, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak