Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren bidaia Estonia eta Finlandiara

2022-03-23
  • Bildarratz sailburuaren agendak bi herrialde horietako hezkuntza sistema hurbiletik ezagutzea du ardatz: irakasleen prestakuntza, eskola-antolamendua eta ikaskuntza-esperientziak
  • Bihar Finlandiako Hezkuntza ministroarekin eta Helsinkiko alkateordearekin izango ditu bilerak

Lehen bi egunak Estoniako hiriburuan, Tallinnen, egin ondoren, Hezkuntza sailburua Europako iparraldean egiten ari den bidaia Finlandiara iritsi da. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearekin eta Xabier Aizpurua Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearekin batera, Bildarratzek Helsinkin du gaur lan-agenda, Finlandiako hiriburuan.

Goizean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Helsinkiko Abo Akademi Unibertsitateko Hezkuntza eta Ongizate Ikasketetako Fakultateko dekanotzako kideekin bildu da. Tuuli From irakaslearen eskutik, Finlandiako hezkuntzaren egungo testuingurua ezagutu dute.

Hainbat esperientzia Tallinnen (Estonian)

Bildarratz sailburuaren bidaia astelehenean, martxoaren 21ean, hasi zen Estoniako hiriburuan, Tallinnen. Lehenengo bi egun horietan, hainbat ikastetxe eta hezkuntza-esperientzia ezagutu ahal izan dituzte, eskola-etapa guztietan. Eskoletako zuzendaritza taldeekin zein irakasleekin solasean aritu ahal izan dira, instalazioak eta geletako egunerokoa ere bisitatuz.

Estoniako hiriburuan bertan, Tallinngo Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Fakultatean lan-bilera bat izan dute, Eve Eisenschmidt irakaslearekin eta haren taldearekin. Estoniako hezkuntzak aurrean dituen erronkak eta egungo indarguneak aztertu dituzte bertan.

Estoniak, Euskadik bezala, garrantzi handia ematen dio irakasleen prestakuntzari – bai hasierako prestakuntzari, bai bizitzan zeharrekoari –, eta udalek zeresan handia dute hezkuntzan. Sistema eleaniztuna da, eta ikastetxe bakoitzak atzerriko hizkuntza baten garrantzia azpimarratzen du, bere hezkuntza-proiektuaren arabera, “baina beti, oinarri bezala, estoniera dute”, azpimarratu du Jokin Bildarratzek. Ezaugarri horiekin batera, ikastetxe bakoitzak duen autonomia zabala ere nabarmendu du sailburuak. “Mundu mailan, berdintasunean eta bikaintasunean erreferente diren bi errealitateak dira Estonia eta Finlandia”, gehitu du.

Hemen ikusi eta entzun daitezke Jokin Bildarratz sailburuaren adierazpenak

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Finlandian egiten ari den bidaiako hitzordu garrantzitsuenetako bat bihar izango da. Li Andersson Hezkuntza ministroarekin eta honen taldearekin izango du bilera. Aurretik, eskola batera egingo duen bisitaren testuinguruan (Jätkäsaari Comprehensive School), Nasima Razmyar Helsinkiko alkateorde eta Hezkuntza zinegotziarekin bilduko dira Bildarratz eta Pedrosa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)