Eusko Jaurlaritzak 2,43 milioi euro bideratuko ditu ikus-entzunezko ekoizpenak diruz laguntzera (Gobernu Bilera 2022-3-22)

2022-03-22

Gobernu Kontseiluak ikus-entzunezko produkziorako diru-laguntzen deialdia onartu du gaur. Laguntza horien helburua da ikus-entzunezko lanen ekoizpena sustatzea eta kulturaren ikuspegitik hain garrantzitsua eta beharrezkoa den ikus-entzunezko azpiegitura indartzen eta sendotzen laguntzea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.430.000 milioi euro bideratuko ditu, iaz baino 70.000 euro gehiago, modalitate hauetako proiektuak bultzatzera: 

  • Film luzeen produkziorako laguntzak: 2,27 miloi euroko aurrekontua honela banatuko da:  
    • Zinemarako diren fikziozko film luzeak ekoizteko laguntzak: 1.160.000 euroko aurrekontua 60 minutu edo gehiagoko iraupena duten eta zinema-aretoetan merkatal ustiapenerako diren obrak finantzatzeko erabiliko da.
    • Aurrekontu txikiko zinemarako diren fikziozko film luzeen produkziorako laguntzak: Aurrekontua 300.000 euro baino txikiagoa duten lanak finantzatuko dira beti ere jatorrizko bertsioa euskarazkoa badute. Guztira 250.000 euroko aurrekontua du atal honek.
    • Zinemarako diren animaziozko film luzeen produkziorako laguntzak: 600.000 euro bideratuko dira edozein hizkuntzatan dauden eta zinemarako diren animaziozko film luzeak egitea sustatzeko.
    • Sortze-dokumental film luzeen produkziorako laguntzak: Edozein hizkuntzatan dauden sortze-dokumental luzeak egitea sustatuko da. Errealitatetik hartutako gaia duten proiektuak izan beharko dira, originalak eta gai zehatz bati buruzko ikerketa edo azterlana beti ere gutxienez merkataritza-ordu beteko iraupena dutenak eta telebista edo zinemarako direnak. Laguntza modalitate honetarako aurrekontua 260.000 eurokoa da. 
  • Film laburren produkziorako laguntzak: Edozein hizkuntzatan dauden eta zinemarako diren film laburrak egitea sustatuko da beti ere film laburtzat hartuta edozein euskarritan egindako 30 minutu baino gutxiagoko lanak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 160.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara. 

Iazko deialdian 25 dirulaguntza eman ziren, horietatik 6 zinemarako diren fikziozko film luzeak ekoizteko, bat aurrekontu txikiko fikziozko film luze zinematografiko baterako, beste bat animaziozko film luze zinematografiko baterako, 8 sortze-dokumental film luzeen produkziorako eta 9 film laburren produkziorako. 

Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 12tik aurrera hilabetekoa izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko