Gobernu Kontseiluak 2022ko Gure Artea sarien deialdia onartu du (Gobernu Bilera 2022-3-22)

2022-03-22

Artistek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena dira Gure Artea sariak eta aurtengo deialdia gaur onartu du Gobernu Kontseiluak. Arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko helburuz ematen diran sari hauek hiru modalitatetan banatzen dira eta guztira 56.000 euro banatuko dira, iaz baino 2.000 gehiago: 

  • Ibilbide artistikoa aitortzeko saria (20.000 euro, orain arte baino 2.000 gehiago): lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria da. 20.000 euroko saria jasoko du, orain arte baino 2.000 euro gehiago.
  • Sorkuntza-lana aitortzeko saria (18.000 euro): azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.
  • Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria (18.000 euro): Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria. 

Epaimahaikideek aurkeztuko dituzte beraien hautagaiak eta ondoren hautagaitzak aztertu eta epaia emango dute. Honako hauek osotuko dute aurtengo Gure Artea sarien epaimahaia: Damaris Pan Vega, Fernando Perez Gómez, Jesus Maria Lazkano Perez, Maite Garbayo Maeztu eta Mikel Lertxundi Galiana. 

Gure Artea sariak 2022 banatzeko ekitaldia, urtero bezala, udazkenean egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko