Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du euskal ekonomia % 4,5 haziko dela 2022an eta % 4,1 2023an (Gobernu Bilera 2022-3-22)

2022-03-22
  • Ukrainako gerraren ondorioek 2,2 hamarren jaitsi dute aurreko aurreikuspenaren hazkunde-maila 2022rako

Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomiarako hazkunde-aurreikuspenak berrikusi ditu, Ukrainako gerraren ondorioek eraginda; horren arabera, 2022an EAEko BPGd % 4,5 haziko da  —aurreko aurreikuspena baino 2,2 hamarren azpitik—, eta 2023an % 4,1 haziko dela aurreikusten du. Enpleguari dagokionez, 2022an langabezia-tasa %9,5ekoa izango da, eta 16.600 enplegu sortuko dira -aurreko datuek %9,2ko langabezia-tasa eta 11.500 enplegu sortzea planteatzen zuten-, eta 2023an, berriz, langabezia % 9,1ekoa izatea eta 8.000 enplegu sortzea aurreikusten da. Pandemiak eragindako arazoak bideratzen hasita ziren eta konfiantza eragile ekonomikoengana itzultzen ari zen une batean, Errusiak Ukraina inbaditu izanak erabat aldatu du 2022-2023 aldirako mundu osoko egoera.

Gerraren eta herrialde erasotzaileari ezarritako zigorren ondorioek kalte egiten diote euskal ekonomiari, eta euskal ekonomian askotariko eraginak dituzte. Berehalakoena osagai energetikoen prezioek azkar gora egitea izan da. Izan ere, gerra hasi zenetik, petrolioaren, gasaren eta elektrizitatearen prezioak izugarri igo dira, eta horrek energiaren erabilera intentsiboa egiten duten euskal enpresei eragiten die. Jarduera batzuk gogoratzearren, garraioa, metalurgiak, altzairutegiak, arrantza eta papergintza aipa daitezke. Horietako batzuek jarduera eten egin dute martxoan, prezioaren igoerari aurre egin ezin ziotelako.

Beste inpaktu bat lehengaien eta industria-metalen urritasunarekin lotuta dago, Errusia haien erreferentziazko esportatzailea baita. Hori da, besteak beste, nikelaren eta paladioaren kasua, eta ez da ahaztu behar Ukrainak zerealak hornitzen dizkiela Europako eta Afrikako herrialde askori. Beraz, manufakturek eta nekazaritzako elikagaien industriak jasango dute eragina. Gainera, ziurgabetasuna eragile ekonomikoen artean zabaltzen ari da, eta zuhurtasunak gastuari eustera bultzatzen du. Familien kasuan, inflazioak erosteko ahalmena kentzen du, eta, beraz, kontsumo pribatua murriztu egingo da. Enpresen kasuan, haien bazkide komertzialek eskaria murriztuko dute ziurgabetasun horrengatik, eta horri hornidura-kateetan berriro agertuko diren tentsioak gehitu beharko zaizkio.

Eskariaren aldetik, egoera berria aurrekoaren desberdina da kanpo-saldoaren jokatzeko moduan. 2021ean, euskal esportazioek emaitza bikaina izan zuten, eta BPGd-ari ekarpen positiboa egin zitzaion bigarren seihilekoan. Horregatik, aurreko koadro makroekonomikoan aldeko joera horri eusten zitzaion, eta 2022an ekarpen positibo berri bat espero zen. Hala ere, kanpo-eskari txikiagoa, ziurgabetasun handiagoa, inflazio handia eta botila-lepoak ematen diren egungo testuingurua dela-eta, pentsa daiteke merkataritza-saldoa zertxobait negatiboa izan daitekeela aurten, eta positiboa, txikia bada ere, datorren urtean.

Familiek euren kontsumoa apalduko dute inflazioaren igoeragatik eta gerrak ekarri duen ziurgabetasunagatik. Horren ondorioz, pandemian pilatutako aurrezpena kontsumoan beranduago zehaztuko da. Hori dela eta, kontsumo pribatuaren zenbatespena jaitsi egin da, abenduko egoeraren % 6,6tik gaur egungo % 4,8ra. Aitzitik, kontsumo publikoak 2021eko hedapen-mailari eutsi beharko dio, eta orain aurtengo urterako igoera lau hamarren hazi dela ikusten da.

Testuinguru berriak kapital-eraketa gordinean duen eragina ere oso esanguratsua da, antzeko arrazoiengatik: ziurgabetasuna, lehengaien garestitzea, eskariaren murrizketa eta eskaeren atzerapenak. Kasu horretan, aurreikuspena jaitsi egin da, abenduko % 6,7tik egungo % 5,0ra.

Eskaintzaren azterketan, egoerak okerrera egin du sektore nagusi guztietan. Guztien gainetik industriaren beheranzko zuzenketa nabarmentzen da, aurreko % 6,6tik egungo % 3,9ko hazkundera igaro baita. Hasiera batean, horixe izango da unean uneko zailtasuna gehien nabarmenduko duen ekoizpen-jarduera, baina gainerakoei ere eragingo die. Eraikuntzak intentsitatea galduko du lehengaien garestitzeagatik; horrek ekoizpena mugatuko baitu. Azkenik, zerbitzuek, bereziki familien eskaria asetzera bideratutakoek, kontsumo pribatuaren beherakada nabarituko dute.

Esan bezala, inflazioa da gerrak Europa ekialdean izan duen ondoriorik nabarmenetako bat. BPGd-aren deflaktorea aurten % 4,2ra igotzea espero da, urteko batez bestekoan, nahiz eta hurrengo urtean % 2,3raino jaitsiko den, urte amaiera % 2tik beherakoa izanik. 2021az geroztik prezioek igo egin dutenez, urte horretako BPGd nominala aurreikusitakoa baino gehiago hazi da. Urte honetarako, BPGd erreala 2021ean baino nabarmen gutxiago handituko den arren (% 4,5, iazko % 5,6aren aldean), prezioen igoerak BPGd nominala % 8,8 igotzea eragingo du. 2023an, aurreikusitako igoera % 6,5ekoa da.

Gatazkaren iraupenak eta Europak zerga- eta diru-gaietan ematen duen erantzunak definituko dute gure ekonomiak hurrengo hiruhilekoetan izango duen bilakaera. 

EUSKAL EKONOMIARAKO AURREIKUSPENAK 

Urte arteko aldaketa-tasak

 

2022

2023

EAEko BPGd

4,5

4,1

Azken kontsumo-gastua

4,4

3,7

Etxeetako kontsumo-gastua

4,8

4,0

Herri-administrazioen kontsumo-gastua

3,2

2,6

MOF

5,0

4,3

Barne-eskaria

4,6

3,8

 

 

 

Barne-eskariaren ekarpena

4,8

3,9

Kanpo-eskariaren ekarpena

-0,3

0,2

 

 

 

Lehen sektorea

-1,4

-5,5

Industria

3,9

4,2

Eraikuntza

3,4

4,0

Zerbitzuak

4,8

4,2

Balio erantsi gordina

4,4

4,1

Produktuen gaineko zergak

4,6

3,9

 

 

 

BPGd nominala

8,8

6,5

BPGd-aren deflaktorea

4,2

2,3

Enplegua (PTTC)

2,8

1,8

Lanean dauden pertsonak (PRA)

1,8

0,8

Langabezia-tasa

9,5

9,1

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko