
Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dituzte Euskadin abiadura kontrolatzeko kanpainak
- Zaintza-lana areagotzeko kanpaina berriak martxoaren 21etik 27ra eta apirilaren 13tik 18ra egingo dituzte Euskadiko errepide-sareko bide eta kaleetan
Eusko Jaurlaritzak areagotu egingo du abiadura-kontrola datorren astean, martxoaren 21etik 27ra eta, Aste Santuarekin bat etorriz, apirilaren 13tik, asteazkenetik, apirilaren 18ra, astelehenera, egingo dituen kanpaina berriekin.
Ertzaintzak, udaltzaingoarekin lankidetzan, abiadura-mugak betetzen diren zainduko du, Euskadiko errepide-sareko istripuen tasa eta zaurituen eta hildakoen kopurua murrizteko. Kontrolak, edonola ere, prebentziozkoak izango dira, eta abiadurari lotutako arriskuko bide-zatietan egingo dira, bai eta ezarritako muga gaindituta zirkulatzen den eta istripu-tasa handia dagoen puntuetan ere.
Sonia Díaz de Corcuera trafiko zuzendariaren arabera: “Abiadura desegokia da hildakoak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, arreta-galtzeekin eta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin batera. Mugikortasun segurua eta jasangarria bermatu ahal izateko, ezinbestekoa da ezarritako mugak errespetatzea eta, gainera, abiadura bidearen eta eguraldiaren inguruabarretara egokitzea”.
Egiaztatuta dago abiadurak zerikusi zuzena duela trafiko-istripuen kaltegarritasunarekin. Abiadura handian gidatzen denean, ezbeharren kopuruak eta horien larritasunak gora egiten dute modu esponentzialean. Gainera, kontuan izan behar da zenbait eta handiagoa izan abiadura orduan eta distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko. Kalkulatzen da, batez beste, 120km/h-an zirkulatzen bada, futbol-zelai batena baino distantzia handiagoa beharko dela gelditzeko.
Abiadura kontrolatzeko kanpaina horiek trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan daude.