Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak ´legez´ bermatuko ditu errenta txikienentzako alokairua ordaintzeko laguntzak eta horiek heziketa eta lan bilaketarekin lotuko ditu

2010.eko urtarrilak 12


Gobernu Kontseiluak Etxebizitzaren Prestazio Osagarria arautzen duen dekretua onartu du, 43 milioi euroko aurrekontuarekin, 20.000 euskaldunen beharrak artatuko dituena

Gobernu Kontseiluak, gaur goizean, Etxebizitzaren Prestazio Osagarria arautzen duen dekretua onartu du. Dekretu honek alokairuaren Gizarte Premietarako Laguntzak ordezkatuko ditu eta legez bermatuko du laguntza hau gabe ez direla geratuko, aurrekontu ezagatik, beharra dutela kreditatzen duten pertsona guztiak.

Gobernu Kontseiluak aurrerapauso bat eman du, aurrekontu ezagatik bere etxebizitzaren alokairua ordaindu ahal izateko laguntza bat jasotzeko beharra kreditatzen duen pertsona oro "legez" bermatzeko, laguntza hori gabe geratu ez dadin. Etxebizitzaren Prestazio Osagarri berriak 43 milioi euroko esleipena du, kalkuluen arabera, hori beharko luketen 20.000 pertsona artatzeko. Baina Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak azaldu du hori "zabaldu egin daitekeela" eskaria handiagoa baldin bada.

Asteroko Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Idoia Mendia gobernuko bozeramaileak eta Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak bileran adostutako akordioak azaldu dituzte. Nabarmenen artean, pasa den urtarrilaren 1ean, atzeraeraginezko izaerarekin, indarrean sartu den Etxebizitzaren Prestazio Osagarria dago.

Gemma Zabaleta sailburuak azaldu du erabaki horrekin laguntza hauek "eskubide subjektibo perfektua" bihurtzen direla, hau da, herritarrek eskatu egin ahal izango dituzte. Laguntza hau eskatzeko izapideak ez dira aldatu eta udalen bitartez izapidetzen jarraituko dira. Gainera, udalek ez dute itxaron beharko gobernuak aurrekontu partidak eman arte, orain arte gertatu izan den bezala. Izan ere, 43 milioiko partida bat zuzkitu da, eta hau zabaltzeko aukera egongo da beharra dagoen bitartean. Gemma Zabaletak nabarmendu duen bezala, "hori ez zen gertatzen alokairuko Gizarte Premietarako Laguntzekin, izan ere, ez ziren eskubide subjektibo bat".

Prestazio berria lortzeko, Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren prestazioaren titularra izan behar da, edo hori izateko eskubidea eduki behar da, eta bi urterako emango da. Epe hori luzatu ahal izango da premia egoera mantentzen baldin bada eta hori jasotzen duten pertsonek legeak ezartzen dituen betebeharrak betetzen baldin badituzte. Betebehar horiek ondokoak dira: gizarteratzeko eta laneratzeko hitzarmena sinatzea eta heziketa jaso eta lana bilatzeko konpromisoa, izan ere, Sailak lortu nahi duena da laguntza hau, hartzaileak, lana bilatuz edo bere heziketa hobetuz, gizartean eta lan munduan sartzeko ahalegin bat egitearekin lotzea. Zentzu honetan, Zabaletak ondokoa azpimarratu du: "Gure sailak gizarte eta lan zerbitzuetako profesionalen laguntzarekin, ahal duen guztia egingo du, gizarteratzea eta laneratzea errazteko, baina prestazioak jasotzen dituenarekin zorrotzak izango gara".

Etxebizitzaren Prestazio Osagarriak zenbateko bat aurreikusten du, oro har, hilean 250 eurokoa, eta hilean 320 euroko beste bat, adingabeko bi seme-alaba dituzten sendien kasuan, edo kideren batek lan errentak dituen sendien kasuan.

Zabaletak azaldu du gobernuaren asmoa sendiei etxebizitza partekatzen laguntzea dela, eta prestazio hori bizileku bereko bi pertsonari ematea onartuko dela, bizilekua partekatzen dutenen kasuan. "Ona izan daiteke bizileku bat partekatzea behar adinako dirusarrerak jasotzen ez badira", defendatu du. Dena den, gobernua "zelatan egongo da eta kontuz ibiliko da, inork sistema hau prestazioetatik edo hauek jasotzen dituzten pertsonen kontura onura bidegaberik ez lortzeko", adierazi du 'pisu patera' deritzenei erreferentzia eginez.

Etxebizitzaren Prestazio Osagarri berriak, lehenengo seihilekoan onartuko diren Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren dekretuarekin, gizarteratzeko eta laneratzeko hitzarmenekin, Gizarte Premietarako Laguntzekin eta 2010-2015 bosturtekorako gizarteratzeko eta laneratzeko III Euskal Planarekin batera, Dirusarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Legearen araudia osatuko du.

Herrialde eredua

Bestalde, Idoia Mendia gobernuko bozeramaileak aurreratu du lehendakaria, datorren ostegunean, bere gobernuko goi karguekin bilduko dela, "ez soilik aurtengo jarduera ildo estrategikoak bakarrik" emateko, baita lehendakariak herritarrei helarazi nahi dien herrialde proiektuaren "neurri ebaluagarriak eta konpromiso zehatzak" jakinarazteko ere.

2006an ezker abertzaleko kideekin biltzeagatik ustezko desobedientziarengatik lehendakariaren aurkako auzia artxibatzeko Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka Foro de Ermua eta Dignidad y Justiciak aurkeztutako errekurtsoaren gainean Auzitegi Gorenaren Zigor Arloko Salak emango duen ebazpenari buruz galdetu zaionean, bozeramaileak ziurtatu du gobernua eta lehendakaria "oso lasai" daudela eta epaileek "zuzenbidearen araberako erabakia hartuko dutela" uste dutela.

Azkenik, Mendiak PPrekin adostutako akordioa eta López Ajuria Eneara iritsi zenetik eman dituen emaitzak "positiboak" direla adierazi du eta ziurtatu du Jaurlaritzak gobernatzeko "askatasun eta autonomia osoa" dituela. Izan ere, bozeramaileak berriz esan du, laster, lehendakaria Iñigo Urkullu EBBko presidentearekin bilduko dela eta hori, gobernu berriak abian daramatzan "zortzi hilabeteotan erakutsi den lehendakariaren eta Jaurlaritzaren autonomiaren erakusgarri" dela.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-01-12n hartutako erabakiak

Iruzkin bat
  • 2010.eko maiatzak 15

    Señora zabaleta,permitame que le exponga mi opinion sobre las ayudas sociales,yo las apoyo completamente,pero con mucho cuidado,?usted cree que la gente va a buscar trabajo ganando a veces mas sin trabajar¿y a las pruevas me remito,coja un matrimonio cualquiera,que este recibiendo sus ayudas,720 euros,+ renta+gas+luz+piscinas+autobus+dentista,mas lo que ganan en el trabajo sin declarar,y le puedo jurar que como este caso ay a cientos,como esto no se comtrole llegara el dia que no se podrar ayudar a nadie,pues la vaca se seco,un saludo

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria