Hauteskundeak 2024
qrcode

Egiteke dauden transferentziak legegintzaldi honetan gauzatzeko denbora dagoela dio Garamendi Sailburuak, “borondatea badago”

2022-03-17
  • IMVren eskualdatzea mugarri izan dela azpimarratu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak, Gizarte Segurantzaren prestazioak Euskaditik kudeatu daitezkeela erakutsi duelako
  • Aurrerantzean transferentzien negoziazioa “beste erritmo batean” egingo dela espero du Garamendik, eta Estatutua bete dadin etengabe eskatuko duela berretsi du

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuarentzat IMVaren eskualdatzea mugarria eta aurrerapauso handia izan da autogobernuari dagokionez. “Borondatea eta gogoa badago”, agendan dauden beste eskumenak desblokeatzeko inflexio-puntua izan litekeela berretsi eta transferentziak legegintzaldi honetan gauzatu daitezen bizkorrago joatea eskatu du oraindik makina bat gai eskualdatzeke dagoelako.

Gizarte Segurantzaren gaia ezinezkotzat jo izan dela azpimarratu du Garamendik, “baina frogatu dugu hori ez dela horrela, izan ere prestazio asko dago Euskaditik kudeatu ditzakegunak, ezer apurtu gabe”. Honen harira, gaineratu du bere esku dagoen guztia emango duela Gernikako Estatutua guztiz betetzeko. “Batzuetan ez da erraza pazientzia izatea, baina argi daukat ahal dudan guztia emango dudala falta diren gaitasun guztiak etxera ekartzeko, eta pazientzia izan behar bada, izango dut, baina hori bai, etengabe eskatuko dut hori bete dadin”, gaineratu du.

Duela hiruhilabete Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari helarazi zizkion hiru transferentzia proposamenen inguruan, Sailburuak adierazi du dagoeneko Lurralde Politikako Ministerioak mahai gainean dituela Meteorologia, Zinematografia babesteko funtsa eta Itsasertzaren kudeaketaren transferentziarako proposamenak, “eta ezin dugu jarraitu itxaroten, beste erritmo bat egongo dela espero dut”. Hiru transferentzia horiez gain, gogoratu du Trenbide garraioari buruzko eskualdatzea lantzen ari direla Ministerioa eta bere Saila, “espero dut negoziazioak ez izatea IMVren zailtasun bera”.

IMVren eskualdatzea itxi eta ofizial egiteko asteazkenean egindako Transferentzien Batzorde Mistoaren bileraren biharamunean, Garamendik esan du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa Euskaditik kudeatzeko tresnak egon badaudela. Horren adibide IMVren traspasoa bera aipatu du Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan gaur egindako elkarrizketan: “Madrili erakutsi diogu Gizarte Segurantza hemendik kudea litekeela, lurralde arteko elkartasuna apurtu barik” eta kutxa bakarra hautsi gabe. Espainiako Gobernuak Euskadiren “foru singularitatea” onartzeko zailtasunak izan dituela adierazi ondoren, egin behar zen moduan egin dela berretsi du, betiere transferentzia osoa eta baldintzarik gabe izan dadin eta denbora-mugarik gabe.

Enplegu publikoa Transferentziez gain, Garamendik enplegu publikoa ere hartu du hizpide. Administrazio Orokorrerako lanpostuen bi dealdia aterako direla gogoratu du: 1.400 lanpostukoa lehenbizi eta 1.700 ingurukoa gero. Zehaztu duenez, deialdi bakoitzean bi prozedura izango dira, meritu lehiaketa eta oposizio lehiaketa. Oinarriak lantzen ari direla azpimarratu ostean, Sailburuak esan du “prozedura argia eta gardena izango dela eta, batik bat, segurtasun juridikoarekin egingo direla.  Bere esanetan, “honelako prozesuetan pertsona askoren bizi-proiektuak daude jokoan eta, horregatik, gauzak ondo egin behar dira, garden eta indarrean dagoen araudia kontuan hartuta”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak