Eusko Jaurlaritzak BGAE-en araudia eguneratuko du sozialki arduratsuak diren inbertsioei lehentasuna emateko, eta Gizarte-aurreikuspen Osagarriaren Behatokia jarriko du abian aurten

2022-03-23

Eusko Jaurlaritza lanean ari da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) araudia eguneratzeko Dekretu bat behin betiko idazteko asmoz. Horren bidez, sektoreak berak gizarte-aurreikuspeneko tresna horietatik eskatzen dituen funtsezko alderdiak arautu nahi dira.

Ekimen arauemaile horren berri eman du gaur goizean Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde Hernando Lacallek, Euskadiko BGAE Federazioak aurkeztutako urteko balantzea dela eta; halaber, erretiroaren osagarri gisa euskal herritarren pentsioetan horrek duen eragina ere aipatu du. Kasu horretan, Lacallek jakinarazi du aste honetan bertan igorri zaiola federazio horri lantzen ari diren dekretu honen zirriborroa, berak ezagutu dezan.

Arau-testu horrek, azken idazketan, gizarte-aurreikuspeneko tresna horien inbertsioetarako aktibo egokiak eguneratuak izango ditu, eta une konplexu eta hegakorretan merkatuen egungo beharretara egokituko da, egun bazkide diren pertsonentzako inbertsio errentagarriak eta seguruak bilatzeko.

Era berean, Lacallek Dekretuaren zirriborroan jasotako beste lan-ildo bat nabarmendu du, hau da, “gure gizartean hedatutako sentsibilitate bat txertatzea, sozialki arduratsuak diren eta gizarte, ingurumen eta gobernu korporatiboko helburuak biltzen dituzten inbertsioen eskaera gero eta handiagoari lehentasuna emateko eta hari erantzuteko”. Ildo horretan, gogorarazi du inbertsioak sozialki arduratsuak direla enpresak garatzen dituen jardueren izaeraren arabera.

Besteak beste, EAEko BGAEen gizarte-aurreikuspeneko planak ondoren aipatuko ditugunak bezalako inbertsioetan zentratuta daude:

  • Justizia sozialarekiko konpromisoa.
  • Adikzio-substantziak edo -ohiturak ekoizten edo saltzen dituzten enpresetan inbertitzea saihestea. Hau da, tabakoa edo edari alkoholdunak ekoizten edo ausazko jokoak ardatz dituzten enpresak, besteak beste.
  • Ordezko energiekin eta teknologia garbiekin lotutako ekimenak.
  • Ingurumen-jasangarritasuna.   

Dekretu honetan islatuko den beste alderdi garrantzitsu bat indarrean dauden gizarte-premietara egokitzea da, hala nola bazkideek BGAEen gobernu-organoetan parte hartzea, gizarte-eragileek erabakiak hartzeko duten garrantzia, eta BGAEen, bazkide sustatzaileen eta administrazioan esku hartzen duten beste eragile batzuen artean lotutako eragiketak arautzea.

Bestalde, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak jakinarazi du aurten Finantza Politikako Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokia jarriko duela martxan.

Gizartearen, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen, Administrazioaren eta arlo horretako adituen arteko topagunea izan nahi duen organoa, gizartearen dokumentuak, txostenak, azterketak eta ekarpenak partekatuz. “Datozen urteetan gure gizartearen zahartzeak ekarriko duen erronka garrantzitsua eta horrek ekarriko dituen estaldura osagarrien beharrak guztion artean hobeto ulertzeko” ekimena, Hernando Lacallek gaur aurreratu duenez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak