Eman odola!
Berriak Hezkuntza
qrcode

Eskola jazarpenaren bilakera Euskadin, 2020-2021 ikasturtea

2022-03-18
  • Joan zen 2020-2021 ikasturtean 129 jazarpen kasu identifikatu ziren Euskadin; Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako 966 kasuen %13,35
  • Hezkuntza Sailak Kongresua antolatu du martxoaren 30 eta 31rako Bilbon: “Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok bat

Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak 2020-2021 ikasturtean eskola-jazarpen kasuek Euskadin izan duten bilakaera aurkeztu du gaur goizez Bilbon, Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak ezagutaraziz. Zeregin horretan, Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusia izan du lagun zuzendariak.

Igoera aztertutako kasuetan

2020-2021 ikasturtean, eskola-jazarpen gisa identifikatutako 129 kasu egon dira Euskadiko ikastetxeetan; hau da, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 966 kasuen % 13,35. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruan igoera nabarmena izan dela ikus daiteke (795etik 966ra egin du). Ondorioz, jazarpen gisa identifikatutako kasuetan ere gorakada ikusten da (100etik 129ra).

Dena den, ehunekoetan, jazarpen moduan identifikatutako kasuen portzentajea azken urteetan egonkortu egin dela ikus daiteke: aztertutako kasuen %12 eta %14 tartean.

Horrela bada, nabarmentzekoa da azken hamarkada pasatxo honetan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela (2009-2010 ikasturtean 89 kasu izatetik, joan den ikasturtean 966 izatera); hala ere, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruan: 32 kasutatik 129ra, hamabi ikasturteko epe berean.

Sentsibilizazio handiagoa

Datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia, hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullying-arekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa da, jazarpen kasuen gorakada bat baino gehiago. Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dute gai honetan, eta, horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da. Halaber, datu hauek azaltzen dituzten arrazoien artean nabarmentzekoa da Ikuskaritzak azken urteetan gai honen aurrean hartu duen jarrera aktiboagoa ere.

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 129 kasu horietatik 78 etapa honi dagozkio (12-18 urte), kasu guztien %60,5.

Azpimarratzekoa da, bestalde, identifikatutako 129 kasu horietatik 41ean (%31,7) jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ziberbullying kasuak esaten zaie hauei.

Bizikasi ekimena

Azken ikasturteko datuak aurkeztearekin batera,Torrealday zuzendariak Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, duela bost urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskola-jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Bullying-ari aurre egitea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Xede horrekin formazioa, orientazioa eta erremintak ematen dizkie ikastetxeei.

Horretarako, urte hauetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin dela gogorarazi du sailburuordeak. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Ekimen honen baitan, elementurik berriena, Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma izan da, ikasleak ahalduntzeko xedez. Hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan.

Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren webgunean dago eskura. Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu. Webgune bizia da, etengabe elikatzen dena, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea du helburu.

Kongresua, martxoaren 30 eta 31n

Ikastetxeetako bizikidetza ardatz hartuta, eta Bizikasi ekimenaren baitan, zuzendariak aurreratu du Hezkuntza Saila kongresua ari dela antolatzen martxoaren 30 eta 31rako Bilbon, Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok batleloarekin. Euskalduna Jauregian izango da.

Bizikidetzan eta bizikidetzarako hezteko erronkari eta erantzukizunari buruz gogoeta egiteko elkargunea izan nahi du kongresu honek. Erronka hori lortzen laguntzeko asmoz prestatu den programan bat egingo dute maila goreneko hizlariek, bizikidetza positiboa eraikitzeko tresnen aurkezpenak eta helburua lortzeko lanean jarraitzeko esperientzia pedagogiko inspiratzaileak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak