Eusko Jaurlaritzak Ingurumen-hezkuntzaren alorrean egindako aurrerapenak aurkeztu ditu Pragako Munduko Biltzarrean

2022-03-16

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriartek parte hartu du, Eskozia, Baden-Wuttenberg eta Kataluniak gobernuetako arduradunekin batera, Lonbardiako Ingurumen Agentziak (FLANET) eta Lonbardiako Gobernuak antolatutako saioan. Ekitaldia gaur goizean izan da, Ingurumen-hezkuntzaren 11. Munduko Bitzarraren baitan. Saio paralelo bat, helburutzat izan duena jasangarritasunerako hezkuntza-ekintzen aplikazioa eta  garapena beste europar eskualde batzuekin konpartitzea, eskualde-administrazioen politika eta programen alorrean.

“Euskadi abangoardiako lurralde bat da bere jasangarritasun-politikengatik. 2018az geroztik Euskadi Basque Country 2030 Agenda du abiatuta, eta Eusko Jaurlaritzak bere egin du Europako itun berdea, Basque Green Deal ekimenaren bitartez.  Azken berrogei urteetan, jasangarritasunarekin hartuta duen konpromisoari lotuta, Euskadik ingurumen-hezkuntza txertatu du, gero eta neurri handiagoan, bere ingurumen-politikaren ardatz estrategiko gisa”, adierazi du Uriartek. 

Eskualdeetako ordezkari instituzionalen arteko elkarrizketaren ardatza UNESCOk berriki argitaratu duen GHJ 2030en bide-orrian emandako jarraibideen esparrua izan da –Garapenerako Hezkuntza Jasangarriari buruzko dokumentu horrek  administrazioak eta nazio azpiko alderdi interesatuak gidatu nahi ditu jasangarritasunerako hezkuntza-prozesuen inplementaziorantz-.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du ia prest duela Jasangarritasunerako Ingurumen-hezkuntza Bultzatzeko proiektu berri bat, bere ahaleginak Eskolako Agenda 2030 eta Eskola Jasangarriaren Zigilua euskal ikastetxeetan ezartzera zuzenduko dituena. Hori guztia nahitaezko eraldaketa digitalaz, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzerako tresnen garapenaz eta hezitzailean prestakuntzaz baliatuz.

Ingurumen-hezkuntzaren alorreko 550 aditu baino gehiago -50 herrialdetakoak, gutxi gorabehera- Ingurumen-hezkuntzaren 11. Munduko Biltzarrean parte hartzen ari dira, aste honetan, Txekiar Errepublikan. Horien artean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat dago, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren, Ingurugela zentroen eta Ihobe - Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren arduradun tekniko eta adituz osatua. Zehazki, poster formatuko bi komunikazio, bideo bat eta “Eskola jasangarri bat herrialde jasangarri batean: Eskolako Agenda 2030” izeneko ahozko komunikazio bat aurkeztu dira, eskoletako ingurumen-hezkuntzaren ikuspegi parte-hartzaileetara zuzenduta martxoaren 17an –osteguna- egingo den saio teknikoaren barruan.

Biltzarraren egitaraua modu bateratuan prestatu dute Txekiako eta atzerriko unibertsitateetako, zentro ekologikoetako eta ingurumen-hezkuntzan aritzen diren beste erakunde batzuetako adituek. “Ingurumen-arazoak, hala nola klima-aldaketa, ez dira mundutik desagertuko. Gazteak hezteko formarik onenak aurkitu behar ditugu, herritar aktiboak eta naturarekin sentikorrak izan daitezen, eta, aldi berean, demokraziak arazo horiek konpontzeko ahalmena duela sinetsi dezaten”, dio Jan Činčerak, batzorde antolatzailearen buruak.

Parte-hartzaileen artean, enpresen munduko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen eremuko ordezkariak ere badira. Biltzarraren forma hibridoak konexioa bermatuko du pandemiaren oraingo egoeran, zeren Pragara etorri ezin izan direnen parte-hartze aktiboa ahalbidetzen baitu.

“Zalantzarik gabe, aldi berriak –desafio handikoa izango dela azpimarratu behar dut- ingurumen-hezkuntza ulertzeko eta itxuratzeko ikuspegi berriak eskatuko ditu. Adibidez, klima-aldaketari heltzeko premiaren eraginez, beharrezkoa izan daiteke hezkuntzaren jardunbide tradizionalak aldatzea edo berrinterpretatzea eta ikuspegi eta jardunbide berriak gehitzea”, esan zuen Txekiako Ingurumen ministro Anna Hubáčkovák (KDU-ČSL).

Ingurumen-hezkuntzaren 11. Munduko Biltzarraren antolatzaileak honako hauek dira: Masaryk Unibertsitateko Gizarte Ikasketen Fakultateko Ingurumen Ikerketen Saila, AIM Group International eta Ingurumen-hezkuntzako Biltzarren Munduko Sarea.

Biltzarrak honako erakunde hauen sostengua eta babesa ditu: Txekiar Errepublikako Ingurumen Ministerioa, Carolina Unibertsitatea, Praga Hiria, UNESCO, Txekiar Errepublikako Parlamentuko Senatua eta Solar Impulse Fundazioa.  Halaber, Biltzarrak beste eragile hauen sostengua ere jaso du: Pragako Bitzarren Zentroa, CEZ Taldea, Txekiar Errepublikako Britainiar Merkataritza Ganbera eta Suitzar Konfederazioaren Txekiar Errepublikako Enbaxada.

Batzarraren egitaraua esperientziak konpartitzera eta ingurumen-hezkuntzaren teoria eta praktikarako bide berriak aurkitzera zuzendutako hitzaldi, mahai-inguru eta mintegiz osatuta dago. Ekitaldiaren atal garrantzitsu bat Gazteentzako Ingurumen-hezkuntzaren Biltzarra da. Ehun eta berrogeita hamar ikaslek ingurumen-hezkuntzaren eraldaketa eztabaidatuko dute euren ikuspegitik.  Bi biltzarren parte-hartzaileak saio bateratu batean elkartuko dira datorren astearen erdialdean.

Biltzarraren bigarren zatia Txekiar Errepublikako ingurumen-hezkuntzako zentrotan eta aukeratutako leku naturaletan garatuko da; bertan, parte-hartzaileek esperientzia praktikoak trukatuko dituzte eta  nazioarteko lankidetza handiagoa ezarriko dute.

Eskolako Agenda 2030

Eskolako Agenda 2030 (lehengo Eskolako Agenda 21) Eusko Jaurlaritzak abiatutako hezkuntza-berrikuntzarako programaren hezkuntza formalaren tresna nagusia da. Agenda euskal ingurumen-hezkuntzan finkatuta dagoen erreferente bat da, eta Ingurugela zentroek  rol garrantzitsua jokatzen dute beraren aldeko bultzadan, ikastetxeei aholkularitza eskainiz eta bertan prestakuntza-saioak eginez.

Eskolako Agenda 2030en helburua jasangarritasunaren kultura hezkuntza-komunitatean integratzea da, ikasleak ahaldunduz eta euren ingurunearen aldaketaren protagonista eta eragile eraldatzaile bihurtuz. Gaur egun, Euskadiko 117 udalerritako 452 eskolak parte hartzen dute, 231.800 ikaslerengana baino gehiagorengana iritsiz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak