“Bizit Euskadi”, aurtengo Aste Santuan Euskadi bisitatu eta bizitzera bultzatzeko kanpaina berria

2022-03-17
  • Aste Santuko turismo-kanpaina berriaren esloganak “visit” (bisitatu ingelesez) eta “bizi” kontzeptuak lotzen ditu, Euskadin esperientzia bat bizitzera bultzatzeko

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Euskadiko Aste Santurako turismo-kanpaina aurkeztu du gaur. Kanpaina Estatuko bisitariei zuzenduta dago nagusiki, baina Frantziako hegoaldea eta Portugalen zati bat ere barnean hartuta. Helburua, nolanahi ere, Euskadi bisitatzea “esperientzia paregabea bizitzea” izan dadin lortzea da.

Sailburuak azaldu duenez, turismo-arloko abiapuntuko aurreikuspenak onak ziren 2022rako. Nolanahi ere, 2021. urtean, “1,2 milioi bidaiari berreskuratu genituen 2020. urtearekin alderatuta, eta, beraz, % 83ko igoera izan zen. Nazioarteko turismoaren beherakada arindu eta Estatuko turisten kopurua % 32ko proportzioan igotzea lortu genuen. Batez ere, 2021eko bigarren seihilekoa izan zen ona 2019koarekin alderatuta. Izan ere, zifra handiagoak lortu ziren abuztuan eta urrian sarrerei, ostatu-gauei eta batez besteko tarifei dagokienez”.

Sailburuaren ustez, Ukrainako inbasioak eta haren ondorio ekonomikoek eta mugikortasunaren arlokoek hainbat sektoretan izango dute eragina, hala nola turismoan eta garraioan, oraindik zer neurritan ez badakigu ere. Hala ere, adituen aurreikuspenak positiboak dira Aste Santuko erreserbei begira, “eta lanean jarraituko dugu, hainbat aukera kontuan hartzera behartu gaituen ziurgabetasunarekin eta gure sektoreak beren jardueran babesten eta bultzatzen jarraitzeko helburuarekin”.

Kanpaina nazionala da nagusiki, eta Euskadi helmugaren ezagutza dagoeneko ertaina/handia da Estatuan. Hori kontuan hartuta, “modu emozionalago batean adierazi nahi izan dugu zer garen. Badakigu turistek esperientzia paregabeak bizi nahi dituztela gero eta neurri handiagoan, eta bisitatzen duten lekuan murgilduta sentitu  nahi dutela, bertako biztanleen antzera. Eta guk, hartzen ditugunok, gutako bat bezala sentitu daitezen nahi dugu, hori baita modurik onena itzuli nahi izan dezaten eta gure helmugaren benetako enbaxadore bihur daitezen. Euskadi bizi dezaten nahi dugu”.

Horregatik sortu da Bizit Euskadi kanpaina, “visit Euskadi” ingelesezko claimarekin (helmuga ugaritan erabiltzen dena) eta euskarazko bizi aditzarekin. “Kontzeptu horrek gure bisitariei eskaini nahi diegun bizi-esperientzia laburtzen du 2 hitzetan”.

 “Kanpaina ikus-entzunezkoa izango da nagusiki, eta, haren bidez, osatzen dugun askotariko Euskadi hori agertzen dugu, turismo-aberastasun eta turismo-barietate handia, nazioarteko ospea duen gastronomia eta 2 orduko distantzian plan mota asko eta asko egiteko aukera handia eskaintzen digun ingurunea dituena. Halaber, ingurunea errespetatzen duen eta bisitariak ingurune horren parte direla senti daitezen nahi duen gure turismoaren indarra erakutsi nahi dugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak