Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Osasun arloko 100 profesional baino gehiago bildu dira Bilbon, patologianiztun paziente kronikoari egin beharreko asistentzia-jarraipena nola hobetu eztabaidatzeko

2011.eko urriak 06

Helburua da lehen mailako arretako eta barneko mediku eta erizainen, sozietate zientifikoen eta osasun arloko kudeatzaileen arteko aliantzak sustatzea, integrazio klinikoko sistemak hobetzeko

Gaur goizean osasun arloko 100 profesional baino gehiago elkartu dira Basurtuko Ospitalean jardunaldi honetan parte hartzeko: "Patologianiztun paziente kronikoari egin beharreko asistentzia-jarraipena hobetzeko estrategiak: profesionalen, kudeatzaileen eta sozietate zientifikoen aliantzak sustatzea".

Jardunaldian parte hartu dute lehen mailako arretako, barne medikuntzako eta erizaintzako klinikoek, Osakidetzako kudeatzaileek, Osasun eta Kontsumo Sailekoek eta SEMI, OSATZEN, EFEKEFE eta SEMERGEN sozietate zientifikoetako ordezkariek.

Hain zuzen ere, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen tratamenduari aliantzak bilatuta heltzeko moduari erantzuten dio sozietate zientifiko horiek jardunaldian egoteak. Helburua da asistentzia-mailen arteko integrazio klinikoa hobetzea; horixe jasotzen da Euskadin Kronikotasunaren Erronkari heltzeko Estrategian.

Jardunaldian azaldu dira Mendebaldeko eskualdean eta Mendaroko Ospitalean izandako integrazio klinikoko esperientziak, bai eta Ekialdeko eskualdean eta Donostia Ospitalean eta OAI Bidasoan izandakoak ere. Horiek dira abiaburu; izan ere, antzeko beste ekimen batzuk ere nahi dira bultzatu, eta beste zenbaitetan ari dira praktikan jartzen, Osakidetza sarean. Horietako batzuetan zerbitzuak bateratu egin dira erakunde bakarrean; horren adibide da Bizkaiko Osasun Mentaleko sarea; beste batzuetan, berriz, ez dago horretara iristeko asmorik ere, baina bai, elkarren artean harreman gehiago izatera iristekoa; horren adibide da, esaterako, Galdakaoko Ospitalea eta Barrualdeko Eskualdearen arteko kasua.

 

Alde horretatik, Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak jardunaldiaren aurkezpen-ekitaldian nabarmendu du honelako prozesuak funtsezkoak direla euskal osasun-sistemako asistentzia-eredua aldatzeko proiektuari indarra emateko, eta adierazi du epe laburrerako helburua dela Osakidetzaren erakunde askok arreta klinikoko prozesuak integratuta izatea, horrekin lortuko baita paziente kronikoaren beharrei erantzun hobea, eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa ematea. Horregatik nabarmendu du osasun arloko profesionalek eta sare horretatik bertatik abian jartzen ari diren proiektuek ezinbesteko zeregina dutela, paziente kronikoen tratamenduetan ahalik eta eraginkortasunik gehien lortzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan