Eusko Jaurlaritzak eta Txernobyleko umeei harrera egiteko elkarteek korridore humanitarioa eskatzen dute, haien eae-ko familiekin berriz elkartu ahal izateko

2022-03-16
  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Errusiaren inbasioaren kalteak jasaten ari den eremu horretatik irten litezkeen 200 adingabeez hitz egin du
  • Topaketan, sailburuarekin batera, Chernobileko umeak, Chernobil Elkartea, Chernobilen Lagunak eta Ukrania Gaztea elkarteetako ordezkariek parte hartu dute
  • Sailburuak azpimarratu du herritarren elkartasunak administrazioak eta hirugarren sektoreko erakundeek antolatuta egotea beharrezkoa dela: “Borondaterik onenak eragin kaltegarriak ekar ditzake”

Vitoria-Gasteiz, 2022/03/16

Eusko Jaurlaritzak eta EAEn diharduten Txernobyleko umeei harrera egiteko lau elkarteek eskaera bat bidali diete agintariei, korridore humanitario bat sortu dadin bultzatzeko, Txernobyleko eremutik EAEko harrera-familiek aldarrikatzen dituzten adingabeak irten ahal izateko. Eskaera, batetik, Espainiako Gobernuari zuzendu zaio eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren beraren izenpekoa du.

“200 adingabe baino gehiago atera nahi ditugu, gure harrerako seme-alaba diren gazteak; haiek, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gure herriaren zati dira”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Sailburuak agerraldia egin du, gaur goizean, Chernobileko umeak, Chernobil Elkartea, Chernobilen Lagunak eta Ukrania Gaztea elkarteetako ordezkariekin batera; haiek zehaztu dute eskaera horren helburua dela umeekin elkartzea, bai eta haien neba-arrebekin eta familiekin ere.

Urkullu Lehendakariak pasa den igandean La Palman presidenteen topaketan iragarri zuenez, familia berriz elkartzearen antzeko prozedura izango litzateke.

“Badakigu, elkarteek jakinarazten digutenaren arabera, haien egoera jasanezina dela, duela egun batzuetatik hona. Ume horiek, dagoeneko, osasun-, heldutasun- eta garapen-egoera larriak dituzte. EAEko familiek adingabe horiek hazten ikusi dituzte, eta senitartekotzat dituzte”, esan du sailburuak.

Bestalde, elkarteek adierazpenaren zati bat irakurri dute: “Txernobyleko bazterketa-eremutik hurbil dauden herrietan bizi diren umeei urteak harrera egiten daramatzaten EAEko lau erakundeok, jasaten ari diren muturreko egoera egiaztatuta, Eusko Jaurlaritzarekin batera eskatzen dugu, korridore humanitario bat berehala irekitzeko, handik atera ahal izateko, haien neba-arreba eta amekin”.

Dokumentuak, jarraian, honako hau eskatzen du: “Ebakuazio segurua Poloniara edo Ukrainaren mugakide den Europar Batasuneko beste estatu kide batera, guk hartu ahal izateko eta, betiere, nahi badute, gure familiekin batu ahal izateko, gure familiak haienak ere badirela jotzen baitute eta geuk ere berenak direla sentitzen baitugu. Prozedura hori familia berriro elkartzeko printzipioarekin koherentea da; hura printzipio antolatua da, eta bermeduna adingabeentzat eta haien senitartekoentzat. Elkarlanean jarduteko erabat prest gaudela adierazi nahi diegu”.

Elkartasun antolatua

Horrekin batera, Beatriz Artolazabal sailburuak dei egin du, berriro, herritarren elkartasun-seinale guztiak Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak gaitutako eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak horretarako kudeatutako buzoiaren bidez (errefuxiatuak@euskadi.eus) eta Gurutze Gorriaren telefonoaren (945 222 222) bidez antolatzeko.

“Elkartasun hori bideratzen jarraitu behar da, eta antolatzen, eraginkorra izan dadin; izan ere, borondaterik onenak eragin kaltegarriak ekar ditzake”, esan du sailburuak. Sailburuak esan du “esker oneko hitzak” baino ez dituela herritarren bat-bateko elkartasun-seinale handiengatik. “Pertsonek eta familiek laguntza materialak eta pertsonalak behar dituzte, eta guk eskaini diezazkiekegu, baina garrantzitsua da egoki eta modu antolatuan egitea”, esan du.

Artolazabalek hiru gomendio egin dizkie herritarrei: “Benetako beharrizanak ezagutu behar dira, arreta eman ahal izateko; eskaintza bat egiten dugunean noraino iritsi gaitezkeen jakin behar dugu, eta, azkenik, garrantzitsua da guztia administrazioen eta esperientzia duten gizarte-erakundeen bitartez bideratzea”.

Azkenik, honako hau ohartarazi nahi izan du, Ukrainako lurretik adingabeak irteteari dagokionez: “Ukrainan bakarrik dauden adingabeek modu antolatuan edo kontrol publikoarekin irtetea ezinbestekoa, garrantzitsua eta behar-beharrezkoa da. Hala baino ez dugu bermatuko beren segurtasuna”.

Harrera-datuak

Martxoaren 13an, erakundeek antolatutako eta Gurutze Gorriak, CEARek eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak kudeatutako baliabideen bitartez, EAEn Ukrainatik etorritako 262 pertsonari ematen ari zaie arreta.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak CEARen esku, Estatuko harrera-sistema kudeatzen duen erakundearen esku, jarri ditu Arabako Foru Aldundiaren Santa María fundazioaren aterpetxeko 90 plaza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hondarribiko aterpetxeko beste 150 plaza. Oraingoz, plaza horiek ez dituzte bete.

Oraingoz, ezinezkoa da EAEn Ukrainako diasporaren aldetik edo herritarren eta beste erakunde batzuen banako eta kolektiboko ekimenen aldetik egituratu gabeko baliabideetan hartutako pertsonen inguruko datu fidagarriak izatea.

errefuxiatuak@euskadi.eus helbideak 2.500 mezu jaso ditu. Eta 945 222 222 telefonoak, Gurutze Gorriak EAEko hiru hiriburuetan arretarako gaitutakoak, 858 dei erregistratu ditu; haietatik, 577 eskaintzetarako izan dira eta 292, laguntza jasotzeko eskaerak, dela aholkularitza juridikorako dela baliabideen laguntzarako dela mota guztietako kontsultetarako.

Lurraldeen arabera, Bizkaiak 333 dei jaso ditu (219 eskaintza eta 120 laguntza-eskaera); Arabak, 252 dei (186 eskaintza eta 69 laguntza-eskaera) eta, Gipuzkoak, 191 dei (111 eskaintza eta 82 laguntza-eskaera).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak