Generation equality ekimenararekin bultzatzen ari den esperientzia aurkeztu du Euskadik berdintasun arloko munduko topaketarik garrantzitsuenean

2022-03-16
  • Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, helburua da prozesu hau berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko herri-itun bihurtzea
  • Emakundek duela urtebetetik bultzatutako ekimenak herrialdeko ehun erakunde ingururen atxikimendua lortu du eta gune berrietara zabaldu nahi da

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera, Generation Equality ekimenaren barruan Euskaditik bultzatzen ari den esperientzia aurkeztu du gaur. Online bidez egin dute, Nazio Batuen Emakumearen Batzorde Juridiko eta Sozialaren (CSW) ekitaldietako batean. CSW berdintasunari buruzko munduko topaketarik garrantzitsuena da eta egun hauetan New Yorken egiten ari da. Euskadik bere esperientzia aurkeztu du NBE Emakumeak erakundeak hala eskatuta, hemengo esperientzia nabarmendu nahi izan baitute.

Generation Equality ekimena NBE Emakumeak erakundeak diseinatukoa da eta EAEn Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatu du Emakunderen bitartez. Dagoeneko ehun erakunde inguruk hartu dute parte ekimenean: Udalak, ikastetxeak, enpresak, elkarteak, sindikatuak, unibertsitateak… Emakundek erakunde eta enpresa bakoitzari ibilbide bat eskaini dio, eta ibilbide honetan azken urteetan berdintasunaren arloan egindako aurrerapenen barne-diagnostiko bat egin eta etorkizunari begira zenbait konpromiso hartu behar dituzte berdintasunaren inguruan. (Euskal Generation Equality esperientziaren inguruko bideoa).

Artolazabalek CSWk biltzen duen nazioarteko publikoaren aurrean azaldu duenez, konpromiso horien bidez elikatu nahi da Berdintasunaren eta indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko herri-itun bat. Sailburuaren hitzetan, “helburua herri konpromiso bat erakustea da, berdintasunaren aurrerapena bizkortzeko; izan ere, azken hamarkadetan aurrerapen asko egin diren arren, erritmoa bizkortu behar da eta berdintasunaren gainean dauden mehatxuei aurre egin”. Alde horretatik, mehatxu horien artean Artolazabalek aipatu ditu Covid 19ak eragindako krisia, alde batetik, berdintasunarentzat ondorio kaltegarriak izan dituena, eta ultraeskuinetik datozen berdintasunaren aurkako diskurtsoak, bestetik.

Sailburuak nabarmendu duenez, mundu osoan eta gure herrian ere berdintasunerako une garrantzitsua bizitzen ari gara: “Hilabete honetan bertan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Lege berria onartu dugu. Lorpen kolektibo hori 2005ean gure lehen Berdintasun Legea onartu zenetik urte askoan eraiki diren berdintasun-zimenduen gainean sortu da”.

Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, duela urtebetetik egindako lan-prozesuaren ondoren, hurrengo erronka landutako guztia berdintasunaren aldeko herrialde-ituna sostengatuko duen testu batean islatzea da. Horrela, itunak Generation Equalityren Ekintzarako Koalizioetarako aukeratutako 6 esparruak jasoko dituela aurreratu du: Genero-indarkeria; Justizia eta eskubide ekonomikoak; Emakumeen eta neskatoen ahalduntzea; Justizia klimatikorako ekintza feminista; Genero-berdintasunerako teknologia eta berrikuntza; eta Mugimendu eta lidergo feministak. Landaidak adierazi duenez, helburua da lanean jarraitzea ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko, bai erakundeenak, bai gizabanakoenak. Arreta berezia jarriko da normalean berdintasunaren agendan inplikatuta ez dauden pertsonengana eta gizarte-eragileengana iristeko. Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, “mugak gainditu nahi ditugu, espazio berriak okupatu, berdintasunaren aldeko ekintzak sortzen ez diren edo iristeko zailtasunak aurkitzen dituzten tokietara iritsi”.

Artolazabal sailburuak eta Emakundeko zuzendariak eskerrak eman dizkiete prozesuan parte hartu duten erakunde guztiei, bereziki Gazteriaren Euskal Kontseiluari (EGK) eta Emakunderen Aholku Batzordeko kideei, izan ere, ekimena modu pilotuan hasi zuten belaunaldien arteko topaketa batzuekin, 25 eta 75 urte bitarteko emakumeak bilduz. Maialen Olabe EGK-ko presidenteak eta Yolanda Baronak, Emakunderen aholku batzordeko kideak, ekimen honek belaunaldi arteko elkarrizketa ahalbidetu duela azpimarratu dute gaurko ekitaldian. Parte hartzaileen artean ere izan dira Lauxeta ikastolako ikasleak;  Anne Enbeita, Txorierriko Mankomunitatearen izenean;  Marie-Lucie Monsheneke , Famekeren izenean; eta María Silvestre, Deustoko Unibertsitatea ordezkatuz, eurek ere parte hartzen ari baitira ekimenean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak