(H)ABIAN 2030 estrategiak 5 urte bete ditu gizarte justuago, solidarioago eta iraunkorrago bati begira

2022-03-15
  • 16 erakunde publikok, GGKEk, kultura-eragilek eta ikastetxek osatzen dute (H)ABIAN 2030 Gizarte-eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategia
  • Urteurrena ospatu du jardunaldi batzuekin non Euskadiko, Estatuko eta Europako sei esperientzia aurkeztu dituzten 

 

5 urte haritik tiraka lelopean, (H)ABIAN 2030 Gizarte-eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategiak bere bosgarren urteurrena ospatu du 200 pertsona baino gehiagok parte hartu duten jardunaldi batzuekin; tartean, Europako gobernu deszentralizatuetako eragileak. Estrategiak osatzen dute Euskadiko 16 erakunde publikok, GGKEk, kultura-eragilek eta ikastetxek, eta sortu zen berdintasunean oinarritutako eta giza eskubideak errespetatuko dituen gizarte baterantz aurrera egiteko konpromisoarekin; horretarako, hezkuntza erabiltzen dute.

Amaiera ekitaldian Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, gogorarazi du garrantzitsua dela borondateak batzen jarraitzea munduan ikusi nahi ditugun aldaketa horietarako, eta, horretarako, eragile gehiagok estrategiarekin bat egin dezaten animatu du, “bost urte barru aurrerapenak ikusi ahal izateko; izan ere, hezkuntzak gauza bat badu, orainean ez ezik, etorkizunean ere eragina duen prozesu bat dela”.

Jardunaldia gaur goizean hasi da mahai-inguru batekin. Bertan, estrategia sustatu duten erakundetako ordezkariek bere indarguneak eta erronkak nabarmendu dituzte. Hala, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako zuzendariak, Paul Ortegak, azpimarratu du, "gaur inoiz baino gehiago jabetzen gara bakearen, bizikidetzaren eta aniztasunaren aldeko hezkuntzaren garrantziaz".

Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak Jose Antonio Rodríguez Ranzek, bestalde, duela bost urte sortu izanaren arrazoiak aipatu ditu, oraindik indarrean jarraitzen dutenak: "Lehenengo erronketako bat izan zen gu batzea, euskal herritarrak beste errealitate batzuekin lotzeko, begirada kritikoa izateko eta tokiko ingurunea eraldatzeko konpromisoa hartzeko, gure ekintzek eragina baitute pertsona askoren bizitzan".

Mahaian ere parte hartu du Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatuak, Teresa Laespadak. Estrategiaren sei ideia nagusiak gogorarazi ditu: hezkuntza-ekintza orotan subjektuak protagonista izan beharko lituzkete; ikuspegi politiko-pedagogikoa eta eskubide-ikuspegia izan beharko lukete, tokikoak zein globalak, eta erantzunkidetasuna eta etengabeko ikaskuntza sustatu. Ernesto Sainzek, Euskal Fondoako presidenteak, bestalde, gizarte eraldaketarako hezkuntzan udalek duten garrantzia aipatu du.

Hasierako hitzaldia Nélida Zaitegi irakasle eta pedagogoak eman du, eta azpimarratu du gaur egun bizi dugun ziurgabetasun egoera gorabehera, berdintasunean oinarritzen den eta toleranteagoa izango den gizarte baterantz aldaketa garrantzitsuak egiteko aukera dugula.  

Gizartea eraldatzen jarraitzeko esperientziak hurbilagotik ezagutzeko asmoz, jardunaldian sei proiektu aurkeztu dituzte, hezkuntzaren esparruan erakunde publikoak zein gizarte zibila inplikatzen dituztenak; besteak beste, Herbehereetan eta Nikaraguan, Letonian, Balear Uharteetan, Andaluzian edo Euskadin.

 

Gizartea eraldatzeko bidean

2017an, Euskadiko 10 erakunde publikok, GGKEk, Gizarte mugimenduk eta ikastetxek konpromisoa hartu zuten giza eskubideetan eta berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzen lagunduko zuten hezkuntza ekimenak egiteko, Euskadi eta beste hainbat lurralderekin loturak izango zituztenak.

Egun, 16 erakundek osatzen dute (H)ABIAN 2030, eta bost urte hauetan zinema jaialdiak, jardunaldiak, erakusketak, lantegiak, gidak eta eskuliburuak eta komunikazio ekintzak egin dituzte hezkuntza eremu formalean zein ez formalean. Gainera, elkarrekin egin zuten COVID-19aren pandemiaren inguruko komunikazio kanpaina bat, munduko biztanleen arteko interdependentzia lotuz. Baita estrategia osatzen duten eragileen konpromisoari esker eman diren aldaketen berri ematen duen ikerketa ere egin dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Teresa Laespada ( Diputada Foral de Empleo, Inclusion Social e Igualdad de Bizkaia); Ernesto Sainz (Presidente de "Euskal Fondoak")