Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Tolosaldea LHII bisitatu du eta bertatik bertara ezagutu du Euskadiko Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko lankidetza estua

2022-03-16
  • Tkgune sarean parte hartzen duten Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek berrikuntza aplikatuko proiektuak garatzen dituzte beren inguruneko enpresa txiki eta ertainentzat
  • Lanbide Heziketaren eta enpresaren arteko lankidetza horrek enpresen produktuak eta prozesuak hobetzea ahalbidetzen du, eta bide ematen dio eskuratutako ezagutzak noranzko bietan transferitzeari

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzekin batera, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua bisitatu du gaur Tolosan. Horiekin batera izan dira bisitan Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo eta Tolosako alkate Olatz Peon, baita ikastetxearekin lankidetzan jarduten duten eskualdeko zenbait enpresaren ordezkariak ere.

Ikastetxera egindako bisitan, Lehendakariak eta sailburuak bertatik bertara ezagutu dute Lanbide Heziketako euskal ikastetxeek beren inguruneko enpresentzat betetzen duten funtsezko zeregina, bereziki enpresa txiki eta ertainentzat, horien beharrei erantzuten dieten berrikuntza-proiektuak garatzen baitituzte.

Hezkuntza Sailak bultzatu eta Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak( koordinatzen duen Tkgune sarean integratutako Lanbide Heziketako ikastetxe horiek berrikuntza-proiektuak garatzen dituzte enpresekin lankidetzan. Proiektu horiek irakasleen eguneratze zientifiko-teknologikorako premiei erantzuten diete, euskal enpresa-ehunaren lehiakortasunari bultzada emanez aldi berean.

Ikastetxeko zuzendaritza gidari zutela, Tolosaldea LHII-ren instalazio nagusiak bisitatu dituzte. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, domotika, robotika, mekanika, mekatronika edo soldadura esparruak lantzen dituzten lantegiak. Tolosaldean egoitza duten LEMU eta CADINOX enpresen arduradunek Lanbide Heziketako ikastetxe honekiko lankidetzan izan duten esperientzia azaldu dute.

Tolosan kokaturik, Tolosaldea LHII-k 600 ikasle baino gehixeago ditu 2021-2022 ikasturte honetan (heziketa-zikloen eskaintza arautuan). Gainera, beste 250 ikaslek arratsaldez ematen diren prestakuntza ez-arautuko ikastaroetan parte hartzen dute (landunei eta langabeei zuzendutakoak). Ikasle horiei guztiei 96 irakaslek ematen dizkiete eskolak.

Ikastetxe horrek, gaur egun, erdi-mailako 6 prestakuntza-ziklo eta goi-mailako 9 ziklo eskaintzen ditu, honako lanbide-arlo hauetan: Administrazioa eta kudeaketa; Merkataritza eta marketina; Fabrikazio mekanikoa; Elektrizitatea eta elektronika; Instalatze eta mantentze-lanak; Jarduera fisikoak eta kirolak; Informatika eta komunikazioak

Berrikuntza, etorkizunerako giltza

Tolosaldea LHII ikastetxea Tkgune sarean parte hartzen duten Euskadiko Lanbide Heziketako 42 ikastetxeetako bat da, Lanbide Heziketa enpresentzat, bereziki enpresa txiki eta ertainentzat, berrikuntzarako ezinbesteko bidelaguna dela erakusten duen adibide bikaina.

Gaur egungo testuinguru ekonomikoan, berrikuntza bultzatzea funtsezkoa da enpresa baten lehiakortasuna bermatzeko. Horretaz jabeturik, Tkgune sarea osatzen duten ikastetxeek berrikuntza-proiektuak garatzen dituzte, Lanbide Heziketaren eta enpresa txiki eta ertainen artean noranzko biko ezagutza-transferentzia ahalbidetzeko. Hots, bi alderdiek ateratzen diote etekina garatzen duten lankidetza-prozesuari.

Ekimen horren barruan sortzen den Lanbide Heziketaren eta enpresaren arteko lankidetzak enpresen produktuak eta prozesuak hobetzea ahalbidetzen du. Lanbide Heziketako ikastetxeak eta enpresak premiak identifikatu, datuak analizatu eta proiektu zientifiko-teknologikoak garatzen dituzte, elkarrekin, eta arazo errealetarako konponbide posibleak bilatzen dituzte. Horrela, enpresak merkatu berrietan sar daitezke balio erantsi handiagoaren bidez, eta soluzio berriak eskaintzen dizkiete beren bezeroei.

Formula horrek berrikuntza sustatzen du bai enpresa txiki eta ertainetan bai Lanbide Heziketako ikastetxeetan, eta egiten dituen urratsetako bakar batean ere ez du ahazten helburu garrantzitsuenetako bat: transferentzia. Eskuratutako ezagutza ikastetxeko ikasle eta irakasleei helarazten zaie, eta Lanbide Heziketako ikastetxeen sarean partekatzen da.

Tkgune sareko ikastetxeek sei arlotan garatzen dituzte beren proiektuak: Mugikortasuna; Energia eta ingurumena; Digitalizazioa eta konektagarritasuna; 4.0 industria eta fabrikazio aurreratua; Bioteknologia eta osasuna; Merkataritza elektronikoa, ostalaritza eta turismoa.

Kasu errealak

Tolosaldea LHII ikastetxeak eskualdeko enpresei fabrikazio aurreratuaren arloan laguntza teknologikoa eskainiz hartzen du parte programan. Azken hamarkadan harreman estua izan du 320 enpresa txiki eta ertain baino gehiagorekin, eta urtean berrikuntza aplikatuko 20 proiektu garatu ditu batez beste.

Tolosaldea ikastetxeak garatu dituen proiektuen zerrenda luzean, eskualdeko zenbait paper-fabrikari proposatutako soluzioak daude, besteak beste. Erronka horietako bat papera mozteko makina baterako frenatze-sistema sentsorizatu bat garatzea izan zen. Horretarako, frenatze-soluzio alternatibo guztiz sentsorizatua diseinatu behar izan zuten enpresarekin lankidetzan, eta, gainera, sistema hori makinan probak eginez balidatu behar izan zuten.

Papergintzaren sektoreko beste enpresa bati zuzenduta, Tolosaldea LHII ikastetxeak artean fabrikatu gabe zegoen etiketatze-makina baten 3D simulazio bat egin zuen, Milaneko (Italia) azoka garrantzitsu batean erakusgai jartzeko.

Era berean, txirrindularitza-taldeentzako bizikleta-euskarriak eta osagarriak eskuz eta neurrira fabrikatzen aritzen den enpresa txiki eta ertain batentzat, Lanbide Heziketako ikastetxe horrek bizikletak eramateko pintza berri batzuen diseinuan eta fabrikazioan parte hartu du. Horretarako, prototipoak teknologia gehigarriaren bidez fabrikatu dituzte. Edo bizikletak zintzilik biltegiratzeko neurrirako sistema bat diseinatu eta fabrikatu du, kasu horretan bizikleta-denda batentzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak