Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik erakusten du Europar Batasunaren industria politika berriak jarraitu beharreko bidea

2011.eko urriak 09

Patxi Lopez lehendakariak Bruselan azalduko du asteartean sektoreak datozen urteetan hartu beharreko bideari buruzko

Eskualdeen Lantaldearen irizpena Eusko Jaurlaritza buru duen eta urtebeteren ondoren aho batez adosturiko dokumentuak 90 gomendio ezartzen ditu hainbat alderdietan, hala nola I+G+B+N-a, enpresen dimentsioa eta egungo finantzaketa-arazoak gainditzeko premia. Berlaymont eraikinean izango den osoko bilkuran parte hartuko du lehendakariak, Europako Batzordeko lehendakariorde Antonio Tajani bertan izango dela. EBk bere aldez aurreko proposamenean ondorioztatzen duenez, “Europak inoiz baino gehiago behar du industria eta industriak Europa behar du”.

Duela urtebete, Europako Batzordeak Eskualdeen Lantaldeari agindu zion irizpen bat lantzea industria-arloan erkidegoaren etorkizuneko politikak bideratzeko. EBko eskualde eta herrietako kolektibitateen 344 ordezkari biltzen dituen kontsulta-organo horrek Patxi Lopez lehendakaria aukeratu zuen lanaren txostengile gisa, Europa osoan industria-arloan guztientzako ere erreferentzia delako. Europa osoan industria-potentzia gisa Euskadik duen ospeari zor zaio taldearen buru izateko Eusko Jaurlaritza aukeratu izana.

Azken urtean, Europako Batzordeak eskatuta, Eusko Jaurlaritzak bi mintegi abiarazten parte hartu du, Europako industria metalmekanikoaren sektoreari buruz. Ia urtebetez Ekonomia eta Gizarte Ekonomia Politikako Batzordearekin izandako lan eta bileren ondoren, lehendakariak datorren asteartean aurkeztuko du irizpena Eskualdeen Lantaldeak Bruselako Berlaymont eraikinean egingo duen osoko bilkuran, Europako Batzordeko lehendakariorde Antonio Tajani bertan izango dela.

Denbora horretan, beste hainbat eskualderekin adosturiko dokumentua landu du Euskadik, uztailaren 5eko batzordean aho batez onarturiko dokumentua, hain zuzen ere. Ez ziren hutsetik abiatzen.

Aldez aurretik, 2010eko urriaren 28an zehazki, Europako Batzordeak berak proposamen bat igorri zien Erkidegoko erakundeei, bere ideien oinarriak ezartzen zituen proposamena. Komunikazio horretan, honako hau adierazten zuen Europako Batzordeak: “Europak inoiz baino gehiago behar du industria eta industriak Europa behar du.

Merkatu bakarra, 500 miloi kontsumitzaile baino gehiago, 220 milioi langile eta 20 milioi enpresa biltzen dituen merkatu bakarra, funtsezko tresna da lehiakorra izango den Europa industriala lortzeko. Europar Batasuneko sektore pribatuko lau enplegutik bat manufaktura-industrian dago, eta lautik gutxienez batek lotutako zerbitzuekin –hornitzaile eta bezero gisa industriaren mende daudenekin– zerikusia du.. Sektore pribatuaren ikerketa- eta garapen-jarduera guztien % 80 industrian egikaritzen da, gure gizarteek aurre egin beharreko erronkei konponbideak eskaintzen dizkion berrikuntza-motorra baita industria”.

Ondorioen artean, EBk uste du “funtsezkoa dela manufaktura-industriaren eta hari loturiko zerbitzuen produktibitatea gehitzea hazkundearen eta enpleguaren susperraldia bermatzeko”. Gainera, ETEek Europar Batasuneko enpleguaren bi heren sortzen dituztenez, “ETEen sorreraren, hazkundearen eta nazioartekotzearen sustapenak lehentasunezkoa izan behar du EBn integraturiko industria-politika berrian”.

Irizpenaren 90 proposamen

Oinarri horrekin egin dute lan azken irizpena adostu arte, lehendakariak asteartean aurkeztu eta honako izenburu hau duena: ‘Globalizazioaren arorako industria-politika integratu bat: lehiakortasun eta iraunkortasuna jomugan’. Guztira 90 gomendio biltzen ditu, industria-politika berriak Europar Batasunean hartu beharreko bideari buruzkoa. Horietako batzuk, egungo euskal industria-politikaren ezaugarri nabarmenak dauzkate. Ezartzen diren lehentasunen artean hainbat arlotako (hala nola esparru-baldintza eta gorbernantza ekonomikoak) eraginkortasuna, lehiakortasuna, inbertsioak eta finantza-sektorearen arkitektura, berrikuntza eta ikerketa, energia eta baliabideak, edo agenda digitala ageri dira.

Dokumentuak bere ondorioetan gogorarazten duenez, “lehiakortasun-parametro berriek zalantzan jarri dute EBren ekonomiak munduan duen zeregina” eta Europako Batzordeari eskatzen dio zuzen ditzala “oraindik ere EBn dirauten desorekak”, eta industria-politika da horretarako tresna baliagarrienetako bat. Eskualdeen Lantaldean adosturiko irizpenak onartzen du industriaren kontzeptuak bere bilakaera izan duela, ‘industria lausoaren’ edo ‘industria berriaren’ agerpenarekin, balio erantsi handiko zerbitzuak bertan bilduta. “Lehiakortasun-politika” baten alde egiten du, gehiago bideratuta “jakintzan oinarrituriko EBren ekonomiaren garapen adimendunerantz, baita I+Gko inbertsio estrategikorantz, eta zientzia eta teknologiara bideraturiko prestakuntzarantz ere, besteak beste”.

Batzordearen ustez premiazkoa da “erreforma estrukturalak burutzea enpresa-testuingurua eraginpean hartzen duten erabateko aldaketak direla-eta”, hala nola garatzeko bidean dauden herrialde berrien agerpena. Eskatzen du, halaber, ezabatzeko “enpresa-hazkundea mugatzen duten trabak”. Ondorioen artean ere jasota dago lagundu beharra “enpresek nitxo espezifikoetan dimentsio eraginkorra lor dezaten aukerak sortzeko; horrela izango da posible EBk nitxoko ETE multinazionalak izatea”.

Adierazi duenez, halaber, nazioartekotzea “gizarte osoaren baterako erronka da, ez pertsonena soilik”, eta horrek esan nahi du kontzeptu horretara gaineratu egin behar direla “pertsonak, unibertsitateak, prestakuntza-zentroak edo sistema zientifiko-teknologikoa”. Patxi Lopezek defendatuko duen irizpenak neurri eraginkorrak eskatzen ditu “finantza-merkatuak behar bezala arautzeko eta horrela espekulazioari aurre egiteko”, EB osorako Lehiakortasun Plan bat abiarazteko. Klusterreko edo kluster arteko proiektuen alde ere egiten du dokumentuak, eta ETEei laguntzearen alde "pentsatu lehenik eskala txikian" printzipioa oinarri haratuta.

Batzordeak bere gain hartzen du “EBn proiektu estrategikoen —hala nola ‘ibilgailu ekologikoen’ industria-garapena, ‘eraikin eraginkorrak ikuspuntu energetikotik begiratuta’ eta ‘etorkizuneko fabrikak’”— alde apustu egitearen premia, baita erosketa publiko berritzailearen eta kultura ekintzailea sustatzearen alde egitearena ere. Erkidegoko erakundeak I+G+B+N-aren alde egiten du, hau da, nazioartekotzea berrikuntzari eta teknologiari lotzearen alde, eta azpimarratu egiten du, gainera, “finantzaketa publiko-pribatua bilatzeko” premia azpiegitura estrategikoetarako eta produkzio-inbertsio handietarako, baita industria-politikaren garapenean ere. Eskatzen du, halaber, “koordinazio handiagoa ikerketaren eta industriaren artean”, eta patentea lortzeko prozedura sinplifikatzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda