Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariari elkarrizketan Radio Euskadin

2010.eko urtarrilak 11

Lehendakariak ziurtatu du PPrekin duten akordioa "legegintzaldi osorako" dela, baina Urkullurekin bilduko dela "herrialde proposamen bat" adosteko. Lópezek iragarri du datozen egunotan publikoki aurkeztuko duela bere "herrialde proposamena". Lehendakariak, horrekin, "etorkizuneko Euskadi zehazteko oinarriak ezarri" nahi ditu. López lasai agertu da Auzitegi Gorenak, datorren asteazkenetik aurrera, 2006ko uztailean ezker abertzalearekin izan zituen bileren gainean erabaki dezakeenari dagokionez.

Radio Euskadiko Boulevard saioari egindako adierazpenetan, Patxi López lehendakariak iragarri du, laster Iñigo Urkullu EAJko buruari "deituko diola", bien arteko "harreman ona" berrezartzeko eta etorkizuneko Euskadirako "herrialde eredu" bat zehazteko lehendakariak duen proposamena aztertzen hasteko. Harreman horiek, ordea, ez dute PPrekin lortutako akordioa aldatuko, izan ere, Lópezen esanetan, akordio hori "legegintzaldi osorako" baita.

Patxi López lehendakariak ziurtatu du, laster, Iñigo Urkullu EAJko lehendakariarekin harremanetan jarriko dela, alderdi nazionalistarekin topaketak instituzionalizatzeko eta, horrela, bien arteko "harreman ona" berreskuratzeko. Topaketa horrek, besteak beste, lehendakariak berak, etorkizuneko Euskadin pentsatuz, "herrialde proposamen" bat adostearen inguruan bideratutako eztabaida aztertzeko balioko du. Lópezek azpimarratu du topaketa honek ez duela eraginik izango PPrekin duen akordioan, izan ere, bere esanetan akordio hori "legegintzaldi osoa" irauteko diseinatuta baitago. "PPrekin oinarrien akordio bat dugu, baina, aldi berean, EAJrekin egonkortasun instituzionalaren akordio bat dugu, ez gehiago ez gutxiago, eta hori da herri batentzat garrantzitsuena, erakunde guztietan egonkortasuna lortzea, bai Eusko Jaurlaritzan, bai Foru Aldundietan, bai udal guztietan", nabarmendu du.

Radio Euskadiko Boulevard saioari egindako adierazpenetan, lehendakariak esan du ziur dagoela euskal gizarteak bere gobernuari buruz duen balorazioa "egunez egun" hobetzen joango dela, zeren "ulertzen du premiazkoenak diren beharrei konponbidea jartzen ari dela". Lópezek onartu du azken Euskobarometroaren emaitzek "ohartarazpen gisa balio dutela, gauzak hobetzeko eta iritzi egoerak antzemateko".

Urkullurekin izango duen bilerari dagokionez, lehendakariak adierazi du "Euskadirentzat onena ulermen plurala dela"; horrenbestez, itxaropentsu agertu da EAJk, "zenbait gehiegikeria eta gezur" gorabehera, bere jarduera oposizio "eraikitzaile" baterantz bideratuko duelakoan. "Nahiago dut oposizioa adostasunerako espazioak zehazteko gai denean. Hori jarrera eraikitzaile bat da, Estatuko gai deritzen gauza horiek, non gobernua eta oposizioa elkar ulertzeko gai diren, herritarrek benetan behar dutenari erantzunak emateko", gehitu du.

Herrialde eredua

Datozen egunotan, lehendakariak publikoki aurkeztuko du bere "herrialde proposamena", etorkizuneko Euskadi zehazteko oinarriak ezartzen hasteko. Hazkuntza ekonomikoaren ereduari buruzko proposamen bat da. Lehendakariaren esanetan, "ezagutzan eta berrikuntzan oinarrituta egon behar du, I+G+b delakoan; eta guk horri hirugarren ‘i' bat gehitu nahi diogu, internazionalizazioarena", adierazi du. Gainera, Lópezek uste du "etorkizuneko osasungintza" zehazteko garaia dela, gaixo larriak kontuan hartzen dituena. Halaber, hezkuntza eredua zehazteko garaia da, "ez soilik orain bultzatzen ari garen eredu hirueleduna, baizik eta bikaintasunerako joera duen bat", baloratu du. Era berean, "gizarte babesaren eta gizarte politiken sistema" zehazteko apustua egin du eta adierazi du "oso onak direla, baina ezin dutela herri hau subsidiatuen herri bat izateko joera izan", gehitu du.

Bestalde, lehendakariak ziurtatu du ezker abertzaleen hausnarketa, "teorian, alde batetik doala, baina ETA beste batetik doala", hau da, "mina zabaltzearen aldetik". Adierazpenok, pasa den larunbat gauean Garikoitz García eta Iratxe Yánez ETAko bi kideen atxiloketaren harira egin ditu. Bi etakideek, Zamoran Guardia Zibilaren kontrol batetik ihes egiten saiatzean atxilotu zituzten, lehergailuz betetako furgoneta batean zihoazela.

Lópezek ezker abertzaleari mezua igorri dio. Eskatu dio "muturreko abertzaletasunaren mundu horri, politika egin nahi duela dioen horri, gainerakook egiten dugun bezala egiteko, indarkeriarekiko lotura behin betiko hautsiz, eta beraz, soil-soilik politikarenak diren tresnak baliatuz". "Ziur nago une hartan egin zen horretan ez dagoela ezer zigorgarririk eta epaiketa hau ezerezean geratuko dela", gehitu du.

Kasu honi, Egunkariarenari eta Kataluniako Estatutarenari buruz galdetu zaionean, Eusko Jaurlaritzako buruak adierazi du, "hiru kasuotan aurretiko zerbait dagoela, botere judizialaren independentzia, eta gobernuak beti bere epaiak ontzat hartu eta errespetatuko dituela, nahiz eta batzuetan gehiago gustatu eta beste batzuetan gutxiago". ‘Egunkaria kasuari' dagokionez, Lópezek adierazi du bere nahia dela "justizia egitea, baina, era berean, egia dela epaiketa hau egiteko zortzi urte igaro behar izanak ezbaian jartzen duela Justiziaren Justizia".

"Elkartasuna eta gertutasuna"

López, halaber, Urdaibai eskualdea flotarazteko proiektuari buruz aritu da. Lehendakariak ulertzen du mahai baten inguruan aztertu beharrekoa dela eta ez komunikabideetan ‘harrokerien' bidez, Bizkaiko diputatu nagusiak egin duen bezala, "hau berak ordainduko duela" esan duenean. Lópezek adierazi du ez dagoela ziur Guggenheim bezalako "makromuseo bat biosfera batentzat onena denik, eta gogorarazi du "sekula ez dela euro bakar bat ere egon aurrekontuan proiektu horretarako. Are gehiago, aurreko gobernuak uneren batean espreski uko egin zion", nabarmendu du.

Azkenik, lehendakariak elkarrizketa baliatu du pasa den asteburuan Pirinioetan zendu ziren hiru mendizaleen sendiei euskal gizartearen "elkartasuna eta gertutasuna" agertzeko. Hiruak Iruñean bizi ziren, baina horietako bat jatorriz Bizkaiko Arrigorriaga herrikoa zen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria