Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak 77 milioi euro bideratuko ditu hainbat ikastetxe publikotan in situ jantoki-zerbitzua emateko (Gobernu Bilera 2022-3-15)

2022-03-15
  • Hezkuntza Departamentuak lizitaziora aterako du, 22 lotetan, 115 eskola-jantokiren in situ zerbitzua

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 76.905.221,59 euro bideratzea hezkuntza-sailaren kudeaketa zuzeneko hainbat eskola-jantokien zerbitzua elikagaiz eta lehengaiz hornitzeko eta zerbitzu osagarriak emateko kontrataziorako. Kontratazio hauek janariak prestatzeko in situ modalitate duten ikastetxe publikoetako jantokietarako izango dira. Modalitate honetan, jakiak eskolako instalazioetan bertan prestatzen dira.

Gobernu Kontseiluak gaur gastua onartu ondoren, Hezkuntza Sailak jantoki-zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatuko du.

Kontratazio publikoan ETEek (enpresa txiki eta ertainek) parte-hartze handiagoa izatea sustatzeko, Hezkuntza Sailak hainbat lizitazio prestatu ditu, ematen den zerbitzu motaren arabera (kasu honetan, in situ deritzon mota) eta zerbitzua zein Lurralde Historikotan emango den kontuan hartuta. Horrela, guztira 22 lote aterako dira lehiaketara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 115 eskola-jantokitan zerbitzua emateko, era honetan banatuta:

  • Araba: Lurralde Historiko honetan, gaur egun, 19 eskola-jantoki daude in situ zerbitzua daukatenak. Zerbitzu hori emateko 6 lote eskainiko dira lehiaketan, 9.301.725,51 euroko balioarekin.
  • Bizkaia: Lurralde Historiko honetan ezaugarri horiek dituzten 63 eskola-jantoki daude. Zerbitzu hau emateko 8 lote eskainiko dira lehiaketan, 47.718.671,94 euroko balioarekin.
  • Gipuzkoa: Gaur egun, ezaugarri horiek dituzten 33 eskola-jantoki daude Gipuzkoan, eta 8 lotetan lizitatuko dira, 19.884.824,14 euroko balioarekin.

Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko jantoki hauetan guztietan in situ janari zerbitzua eskaintzen da, eta 26.400 menu inguru ematen dira eguneko. Kontratu hauen iraupena 30 hilabetekoa izango da (uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe), eta luzatzeko aukera izango da.

Zerbitzua esleitzeko irizpideek, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituzten kalitate zein kontrol-estandarrak eta elikagaien segurtasun-neurriak betetzeaz gain, ingurumen-jasangarritasuna eta elikadura osasungarria sustatzeko irizpideak ere jasotzen dituzte.

Gaur egun, Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko 515 jantoki daude Euskadin guztira (horietatik 115 dira in situ deituriko zerbitzua ematen dutenak), eta egunero 94.000 menu inguru zerbitzatzen dira horietan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen artean. Jantoki horiek menu eta dieta mota hauek eskaintzen dituzte: menu basala; arrautza-esneki-barazkien menua; arrautza-esneki-barazki eta arrain menua; txerrikirik gabeko menua; eta nutrizio-premia berezietarako dietak (intolerantziak, alergiak, eta dieta bidezko tratamendu espezifikoa daukaten patologietarako dietak, espezialistaren txosten mediku ofizialarekin).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko