Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro bideratuko ditu itsasertzeko eremuak sustatu eta garatzera (Gobernu Bilera 2022-3-15)

2022-03-15
  •  Laguntzak oinarrizko zerbitzuak txertatzera eta itsasertzeko ondarea kontserbatzera bideratuko dira
  • Azken lau urteetan bi milioi euro inguru bideratu dira xede horretara, eta, diru horri esker, 4,6 milioi inguruko inbertsioak egin dira 

Eusko Jaurlaritzako Batzordeak oniritzia eman dio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantza Tapiaren Aginduari. Horren bidez, 500.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzetara (ITSASPEN programa) 2022. urtean.

Agindu horrek bi laguntza-ildo arautzen ditu:

  • Itsasertzeko ondarearen kontserbazioa eta hobekuntza. 

Hartzaileak:  Administrazio publikoez gain, zuzenean edo beren erakunde autonomoen eta fundazioen bidez, kasu honetan, honako hauek ere izan daitezke onuradunak: irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuak, pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak (publikoak edo pribatuak) eta izaera juridikorik ez duten baina diruz lagundu ahal diren jarduketak egin ditzaketen ondasun-erkidegoak. 

  • Itsasertzeko ekonomiarako eta herritarrentzako oinarrizko zerbitzuen ezarpena. 

Hartzaileak: udalerriak, zuzenean edo beren erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen, fundazio publikoen, nortasun juridikoko udal-partzuergoen, mankomunitateen eta eskualdeen bidez. 

Aurreko deialdiei buruzko datuak 

Laguntza hauen aurreko lau deialdietan guztira 38 proiektu izan dira onuradun, eta 1,8 milioi euro baino gehiago jaso dituzte, guztira 4,6 milioiko inbertsioak egiteko. 

2018an, hamaika proiektu onetsi ziren, eta ia bi milioi euroko inbertsioa egin zen. Proiektu horietarako, 573.000 euroko Itsapen laguntza jaso zen. 

2019an, zazpi proiektu onetsi ziren, eta 482.300 euro jaso zituzten 800.000 eurotik gorako inbertsioetarako. 2020an, halaber, zazpi eskaerak jaso zuten oniritzia eta 430.000 euroko kopuru globala, eta 990.000 euro bideratu ziren proposatutako gastuetarako. 

2021ari dagokionez, hamahiru eskaera onetsi ziren, 900.000 euroko inbertsioa egin zen eta 373.000 euroko laguntzak bideratu ziren gastu horietarako. 

 Eskaerak eta epea

Laguntza-eskaerak elektronikoki aurkeztu beharko dira eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politikako zuzendariari helaraziko zaizkio. Eskaera izapidetzeko zehaztasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko dokumentazioa https://www.euskadi.eus/servicios/0113708 helbidean daude eskuragarri. Eskaera egin osteko izapideak https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidean egingo dira elektronikoki.

Epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko