Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak etengabeko komunikazioa adostu du Ukrainaren inbasioak ekonomian eta lanean izango duen eragina murrizteko

2022-03-15
  • Ikuskaritzari buruzko talde berriak sortzea erabaki du, Instituzioen Partaidetzari buruzko Legea egiteko eta Osasunari buruzkoa

Euskadiko Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak erabaki du etengabeko komunikazio-bideari eustea, Ukrainaren inbasioaren eragin sozioekonomikoa eta lanekoa minimizatzeko. Hirugarren ohiko bileran, gainera, foroak lantalde berriak sortu ditu Laneko Ikuskaritzaren hurrengo Kudeaketa Planaren jarraipena egiteko, Partaidetza Instituzionalari buruzko Legea eta osasunari eta giza baliabideen kudeaketari buruzko lege teknikoa idazteko.

Mahaiaren legegintzaldi honetako ohiko hirugarren bileran, Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia buru izan dela, Eusko Jaurlaritzaren aldetik Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan dira. Baita Mahaiko koordinatzaile eta Laneko sailburuorde Elena Pérez Barredo ere, gainerako sailburuordeekin eta Emakundeko zuzendariarekin batera, lan-taldeetako presidenteak diren aldetik.

Confebasken aldetik, Eduardo Zubiaurre presidenteak eta lurraldeko enpresa-erakundeetako ordezkariek hartu dute parte. Sindikatuen ordezkari gisa, Langile Komisioen ordezkaritza bat, Loli García Euskadiko idazkari nagusia buru, eta UGT Euskadiko beste bat, Raúl Arza idazkari nagusia buru.

Gobernuak eta eragile sozialek Adierazpen bat onartu dute, Ukrainaren inbasioa gaitzesteko, “bidegabea eta ez-legitimoa”, ihesa egiten dutenak babesteko hartu beharreko neurri guztiak defendatzeko eta gure ekonomiaren, enpresen eta langileen aurrerabidearen aurkako mehatxua salatzeko. Mahaikideak bat datoz energia-prezioak mugatzeko “premiazko” neurriak hartzearekin eta baliabide guztiak erabiltzearekin, enpresen etorkizuna bermatzeko eta enplegua ez suntsitzeko. Azkenik, adostu dute etengabeko komunikazio-bideari eustea, foroari dagokion eremuan “gerrak herritarrengan, enpresengan eta langileengan duen eragin sozioekonomikoa minimizatzeko”.

“Elkarrizketa Sozialerako Mahai hau jakitun da bere eginkizunaz. Hiru urte baino gutxiagoko aintzatespen instituzionalarekin, aurre egin behar izan genion erronka ekonomiko eta sozial handienari, pandemiari, arrakastaz erantzun dio. Eta konpromiso berarekin jarraituko dugu aurkezten zaizkigun ezezagunen aurrean konponbideak ematen. Denok dakigu zein larria den unea, eta denok jakingo dugu berriro adosten, gizarte osoaren mesedetan”, lehendakariordeak laburbildu duenez.

Lan-plana talde berriekin

Mahaiak iaz egindako jardueraren jarraipen-txostena onartu du, baita 2022rako lan-plana ere, hogeita hamar jarduera-ildo biltzen dituena. Adostutako neurrien artean, azpitalde bat sortzea dago. Azpitalde horrek Euskal Autonomia Erkidegoko lehen Laneko Ikuskaritza Kudeatzeko Planaren jarraipena egingo du, laster onartuko dena, eta beste azpitalde tekniko bat, Mahaiko kide ez diren eta Osasun Saila barne hartzen duen erakundeen parte-hartzearekin, langileen osasun-baldintzak eta giza baliabideen kudeaketa hobetzeko proposamenak aztertzeko.

Era berean, foro horren zeregina indartzeko talde berri bat sortzea erabaki da, Instituzioen Partaidetzari buruzko Legea egiteko. Aurreikuspen hori Elkarrizketa Sozialeko Mahaia instituzionalizatzeko dekretuan bertan jasotzen da. Lehendakariordeak adierazi duenez, “lege horrek Konstituzioaren 7. artikulua garatzea ere badakar; izan ere, artikulu horrek funtsezko zeregina ematen die gizarte-eragileei beren jardun-eremuko politika publikoen parte-hartzean”.

Ildo horretan, Mendiak aurreratu egin ditu foro honen zereginari prestigioa eta zabalkundea emateko beste neurri batzuk, eta une kritiko berri honetan eman beharreko erantzunak adosten jarraitzeko beharra adierazi du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak