Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritza “euskal gizartearen elkartasun espontaneo hori elkartasun antolatu” bihurtzeko lanean ari da

2022-03-15
  • Pertsona kalteberen babesa Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuaren ardatz nagusietako bat izango da

  • Hezkuntza Sailak 77 milioi euro bideratuko ditu hainbat ikastetxe publikotan in situ jantoki-zerbitzua emateko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin batera.

Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza lanean ari da euskal gizartearen elkartasun espontaneo hori elkartasun antolatu bihurtzeko, eta, horretarako, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen eskura jarri dira erakunde publikoen eta gizarte-erakundeen baliabide guztiak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, Ukrainako krisia Euskadiko enpresa-sarean izaten ari den inpaktuaren egoera berrikusi du Gobernu Kontseiluak gaur. Hala, adierazi du jakina dela energiaren prezioaren desakoplamenduari lotutako Europako erabakien eta estatu mailan aktibatu daitezkeen neurrien zain egoteaz gain, igandean Presidenteen Konferentzian adostutakoaren ildotik, beharrezkoa izango dela Euskadin ere ezohiko egoera honetarako neurriak hartzea.

Ildo horretan, Bingen Zupiriak iragarri du Gobernu Kontseiluak Finantzen Euskal Institutuan aztertzen ari den finantzaketa-tresna berriak aktibatzea erabaki duela,  une honetan merkatu horiekin lan egiten duten enpresa jakin batzuek jasaten ari diren karga eta arazoak arintzeko. "Goiz da zenbatekoei eta artikulazioari buruzko xehetasunak emateko, baina espero dugu hurrengo Gobernu Kontseiluan tresna berri horiek eskura izango ditugula", adierazi du.

Enpresa-lehiakortasuna energia-kostuei lotutako alderdietan ahultzen ari dela kontuan hartuta, bozeramaileak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, dei egin dio euskal enpresari Energiaren Euskal Erakundeak bultzatutako eta aurrezteari, eraginkortasunari eta mendeko iturrietatik bereizitako energiak sortzeari eta kudeatzeari laguntzen dioten programei hel diezaien.

Zupiria sailburuak azaldu duenez, 150 milioi euro lirateke laguntza-programetan, “berehalako irtenbiderik ez dute ematen, baina epe ertainean enpresen etorkizunari begira laguntza handiko irtenbideak eskain ditzaketen energia-sistemak ezartzen laguntzen dute”.

Bere aldetik, Ukrainatik ihesi Euskadira iristen ari diren neska-mutilen eskolatzeaz galdetuta, Hezkuntza sailburuak datu bat eman du: dagoeneko 35 haur ukrainar eskolatu direla Euskadin, eta datozen egunetan kopuru horrek haziz jarraitzea aurreikusten dela.

KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEN ESTATUTUAREN LEGE-PROIEKTUA

Bere aldetik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Gobernu Kontseiluan gaur onartu den Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren Lege Aurreproiektua aurkeztu du. Legeak pertsona kalteberen babesa azpimarratuko du, ikuskapena eta zehapena indartuko dituzten mekanismoak gaituko ditu, eta kontsumo arduratsua bultzatuko du, kontsumo-ohitura berrietara egokituta.

Horrela, Hurtado sailburuak azaldu du Euskadiko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren Lege Aurreproiektuak pertsona kalteberen babesean jartzen duela arreta bereziki, Europako eta Estatuko araudietara egokituz; eta baita zehapenen arloan ere, eragiten dieten arau-hausteetan zehapenak areagotuz. “Berrikuntza juridiko garrantzitsu gisa, kontsumitzaileei eman beharreko kalte-ordaina zehapenean bertan sartzeko aukera jasotzen du, bide judiziala saihesteko. Gainera, enpresa arau-hausleen izenak iragartzeko aukera emango du, kontsumitzaileei babes handiagoa emateko”, zehaztu du. Era berean, legedi berriak Kontsumobidek euskal kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsan duen protagonismoa bultzatuko duela azpimarratu du.

HEZKUNTZA HITZARMENA

Datorren martxoaren 25erako hezkuntzako sindikatuek egin duten greba deialdiaz, Bildarratzek azaldu du “nekez uler daitekeela” oraindik ezagutzen ez den testu baten aurrean grebarako deia egitea. Horri dagokionez, gogorarazi du legebiltzar-taldeak oraindik zuzenketak negoziatzeko prozesuan ari direla “eredugarritzat har daitekeen prozesuan”, eta argitu nahi izan du ez dagoela oraindik etorkizuneko Hezkuntza Legearen zirriborrorik, baizik eta “hitzarmena lotzeko lanean ari dira, akordiorako oinarria lantzen”, azaldu du.

JANTOKI-ZERBITZUA

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu duela 77 milioi euro bideratzea hezkuntza-sailaren kudeaketa zuzeneko hainbat eskola-jantokien zerbitzua elikagaiz eta lehengaiz hornitzeko eta zerbitzu osagarriak emateko kontrataziorako. Kontratazio hauek janariak prestatzeko in situ modalitate duten ikastetxe publikoetako jantokietarako izango dira. Modalitate honetan, jakiak eskolako instalazioetan bertan prestatzen dira.

Gobernu Kontseiluak gaur gastua onartu ondoren, Hezkuntza Sailak jantoki-zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatuko du.

Kontratazio publikoan ETEek (enpresa txiki eta ertainek) parte-hartze handiagoa izatea sustatzeko, Bildarratz sailburuak azaldu du hainbat lizitazio prestatu direla, ematen den zerbitzu motaren arabera (kasu honetan, in situ deritzon mota) eta zerbitzua zein Lurralde Historikotan emango den kontuan hartuta. Horrela, guztira 22 lote aterako dira lehiaketara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 115 eskola-jantokitan zerbitzua emateko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 2022rako aurreikusitako Urteko Araugintza Plana argitaratzea. Planak jasotzen ditu aurten Jaurlaritzako sail bakoitzak Gobernu Kontseiluan onartzeko aurkeztuko dituen arau-ekimenak (Lege-aurreproiektuak eta Dekretuak).

Lan eta enpleguari lotuta, Gobernu Kontseiluak onartu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 2,2 milioi euro bideratzea 2022an lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak finantzatzeko, eta horiekin 1.500 pertsona inguru kontratatzea aurreikusten da.

Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak onartu duela 700.000 eurorekin euskarazko eta gaztelaniazko literatura ekoizpena finantzatzea, aurreko edizioan baino 60.000 euro gehiago. Euskarazko audioliburuen ekoizpena sustatzeko modalitate berri bat sortu da eta horretarako bideratzen da batez ere diru-laguntzen igoera.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak