Eusko Jaurlaritzako larrialdietako teknikariak ari dira koordinatzen bidasoa ibaia igerian zeharkatzen saiatu denean desagertu den pertsona baten bila ari diren ertzaintzako, gurutze gorriko eta guardia zibileko urpekariak eta ontziak
- Xabier Legarreta erreskatea koordinatzeko mahaian parte hartzen ari da
Vitoria-Gasteiz, 2022/03/13
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendaria Iruna joan da gaur, atzo Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen saiatu zenean desagertu zen pertsona bilatzeko lanen jarraipena egiteko. Egiaztatu duenez, Eusko Jaurlaritzako larrialdietako teknikariak ari dira koordinatzen pertsona horren bila ari diren Ertzaintzako, Gurutze Gorriko eta Guardia Zibileko urpekariak eta ontziak.
Legarretak gaur ere berretsi du pertsonen zirkulazioa bermatzea aldarrikatu behar dela, “korridore humanitarioak aldezten ditugu. Bai Afrikatik iristen diren pertsonentzat baina une hauetan Ukrainatik irten beharra dutenentzat”.
Atzo hiru pertsonak jauzi egin zuten Bidasoa ibaira, eta bik bakarrik lortu zuten ibaia zehartzea. Aktibatu ziren bilaketa-taldeek motxila bat aurkitu zuten. Argi faltaren ondorioz, atzo gauean ezin izan zuten bilaketa-lanekin jarraitu, eta gaur goizean ekin zaie berriz.
2021ean hiru pertsona hil ziren Bidasoa zeharkatzen saiatu zirenean: Yaya Karamoko, Boli Kostakoa, 28 urtekoa, itota hil zen maiatzaren 22an; bere gorpua Burgoseko hilerri musulman batean ehortzita dago. Abdoulaye Coulibaly, Ginea Konakrykoa, 18 urtekoa, abuztuaren 8an hil zen; gorpua Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz aberriratu zuten. Hirugarren gorpu bat azaroaren 20an aurkitu zuten Bidasoako uretan, baina ez da ofizialki identifikatzerik izan.
Bestalde, Legarretak gogorarazi du Jaurlaritzak Irunen dispositibo bat duela gaituta Bidasoa ibaiaren arriskuaz ohartarazteko, eta kartelak ditu jarrita frantsesez, ingelesez eta arabieraz. Gainera, Hilanderas kaleko aterpetxean ahoz ematen zaie arrisku horren berri bertatik igarotzen diren migratzaileei.