Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 41 zuzkidura-bizitoki eraikiko ditu Irunen

2011.eko urriak 07

Irungo Udalaren eta Jaurlaritzaren arteko akordioa lur-zatia kudeatzeko

 

Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde ordezkari Pablo Peñacobak gaur sinatu duten dokumentuaren arabera, Irungo Udalak dohainik lagako dio Eusko Jaurlaritzari Larzabal eremuko lur-zati bat, 41 zuzkidura-bizitokiren (apartamentuak) sustapenerako, alegia.

Irungo Udalak 2010eko abenduaren 29an onartutako Plan Bereziaren arabera, lur-zatiak 995 m2s-ko azalera du eta eraikigarritasunari dagokionean, 2.928 m2tc-koa azalean eta 810 m2tc-koa sestrapean.

Lagatako lur-zatia udal ondarera itzuliko da automatikoki, bere ondasunekin eta osagarriekin, lagapenaren xedea betetzeari utziz gero, igarotako denbora edozein dela ere.

Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren arabera, lur-zati horretan 41 zuzkidura-bizitoki edo apartamentu eraikiko dira gazteentzat. Proiektuak 3,2 milioi euroko kostua dauka, 2012ko ekainaren inguruan esleituko da eta obrak datorren urte amaieran hasiko dira. Obrak gauzatzeko epea 24 hilabetekoa da.

Hiru motatakoak izango dira apartamentuak:

  • 4 apartamentu espazio bakarrekoak, 35 metro koadroko estudioak, alegia.
  • 29 apartamentu logela aparte dutenak eta 42 metro koadrokoak.
  • 8 apartamentu logela bikoak eta 50 metro koadrokoak.

Sotoan 20 plaza egingo dira ibilgailuentzat eta 40 bizikletentzat. Egongela erkidea izango dute, 58 metro koadrokoa, sukaldea eta guzti,  eta 30 metro koadroko gunea arropa-garbitegia eta lehorgailuarekin.

Errentariek ordaindu beharreko errenta edo kanona 150 eta 420 euro artekoa izango da, diru-sarreren eta etxebizitzaren tipologiaren arabera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan