Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmena beste hiru urterako berritu dute

2022-03-11
  • Sektorearekin lankidetzan landutako hitzarmena 2019an sinatu zen lehenengoz eta orain jarraipena emango zaio eta 2022-2024 epealdirako indarrean egongo da
  • Guztira urtero 11,5 milioi euro bideratuko dira euskarazko hedabide pribatuak finantzatzera

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmena beste hiru urterako berritu dute gaur. Bigarren aldia da hitzarmen hau sinatzen dela. Lehenengoa 2019an izan zen. Euskara hutsezko hedabideen finantzazio markoa adostea helburutzat duen akordioak lankidetza du oinarri eta euskara hutsezko hedabideak diruz laguntzeko irizpideak bateratzen ditu, hedabide horiek kudeatzen dituzten enpresa egiturak indartuz eta banatu diren dirulaguntzen estaldura maila orekatuz.

Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egin den ekitaldian euskal erakundeetako eta euskarazko hedabide pribatuetako ordezkariak izan dira. Bertan izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari nagusi Xabier Arauzo, Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabal, Hekimen elkarteko zuzendari Igor Astibia, Argiako lehendakari Bego Zuza, Berria Taldeko lehendakari Beatriz Zabalondo eta Tokikom-eko zuzendari Alaitz Artolazabal.

2019. urtean sinatu zuten lehenengoz Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek euskara hutsezko hedabideak finantzatzeko oinarriak zehazten dituen hitzarmena. Jatorria 2017. urtearen hasieran dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hekimen elkarteak hedabide hauen etorkizunaren inguruko gogoeta bat abian jarri zutenean. Eusko Jaurlaritza bildu zen ondoren hausnarketara, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek ere bat egin zuten gogoeta horrekin. Beste hiru urterako berresten den hitzarmenak helburu bikoitza du. Batetik euskararen sustapenean hedabide hauek daukaten garrantzia aitortzea eta bestetik sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu berri bat bilatzea. 

2019an sinatu zen hitzarmenak zehazten zuenez oraingo honetan ere erakunde bakoitzak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardura hartuko du. Eusko Jaurlaritzak bideratuko ditu EAE osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak, toki telebistak, toki irratiak eta hedabide digital hutsen dirulaguntzak. Hiru foru aldundiek aldiz, bakoitzaren lurraldean euskara hutsean argitaratzen diren herri edo eskualde mailako paperezko hedabideak laguntzen dituzte. Guztira urtero 11,5 milioi euro izango dira, aurreko hitzarmenean, 2019an, adostutakoa baino %4,4 gehiago. Hitzarmenaren funtzionamendu egokia zaintzeaz Jarraipen Batzorde bat arduratzen da. 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak azaldu duenez “Eusko Jaurlaritzaren legealdi honetako Gobernu Programak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko konpromisoa hartzen du eta joan den astean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genuen Euskararen Agenda Estrategikoak ere bere egiten du konpromiso hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidean behar beharrezko ikusten du euskarazko hedabideen eginkizuna, bai publikoena eta baita pribatuena ere. Euskararen kalitatezko erabileraren ikuspegitik ere ekarpen azpimarragarria egiten dute. Gure hizkuntzak euskarazko hedabideak behar ditu”.

Zupiriak gaineratu duenez “euskarazko hedabideei egiten diegun aitortzaz gain hitzarmen honek sektorea egonkortzeko helburua ere badu. Euskara hutsezko hedabideen finantzazio markoa adostea helburutzat duen akordioak lankidetza du oinarri eta euskara hutsezko hedabideak diruz laguntzeko irizpideak bateratzen ditu, hedabide horiek kudeatzen dituzten enpresa egiturak indartuz eta banatu diren dirulaguntzen estaldura maila orekatuz”.

Hekimen elkartetik Igor Astibiak adierazi duenez “hizkuntzaren normalizazioa bilatzen duen edozein egitasmorentzat berebiziko garrantzia du euskarazko komunikabide sare zabal eta sendoa izateak. Izan ere, eskaintza horri esker, milaka lagunek euskaraz bizitzeko aukera gehiago dute. Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada, eskaintza aniztasuna baita iritzi aniztasunaren oinarrietako bat. Eta ez dezagun ahaztu, iritzi aniztasuna da demokraziarako bermea”.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak