Uvescok eta Laboral Kutxak bat egin dute Basque Ecodesign Center ekimenarekin, eta Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra aurkeztu da. Euskal ekonomia zirkularrerako bultzada bikoitza

2022-03-11
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia buru zela egin dira gaur goizean Ekonomia Zirkularra erreferente duten bi ekitaldi. Lehen bilera Basque Ecodesign Center zentroaren Batzorde Estrategikoaren bilera izan da eta bertan beste bi kide sartzea onartu da: Uvesco taldea eta Laboral Kutxa. Gainera, Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra aurkeztu da. Programa hori Eusko Jaurlaritzaren —Ihobe eta Spri erakunde publikoen bidez— eta enpresa eragileen arteko lankidetza-itun handia da, eta horri esker, 500 enpresa txiki eta ertain mobilizatu nahi dira Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren ezarpenean aurrera egin dezaten.

Barakaldon bildu da gaur Basque Ecodesign Center zentroa, eta beste bi kide atxiki zaizkio ekimenari: Uvesco taldea eta Laboral Kutxa. Bi enpresa horiekin, dagoeneko 16 dira Basque Ecodesign Center zentroa osatzen duten euskal enpresa handiak. Hartara, 16 enpresa handik bat egin dute ekonomia zirkularra euskal enpresa-sarean zabaltzeko Eusko Jaurlaritzaren eta euskal enpresa handien arteko lankidetza publiko/pribatuaren arteko itunarekin.

Arantxa Tapia buru dela egin da bilera, eta enpresa bazkideen ordezkari gorenek parte hartu dute. Uvesco taldeak eta Laboral Kutxak bat egin dute, beraz, lehenengo sei bazkide sortzaileek 2011n eratu zuten itunarekin. Eratu zenetik, handitu egin da ekimena, orain arte osatu duten 14 kide izateraino: Arcelor Mittal, Batz Group, CAF, Grupo Campezo, CIE Automotive, EDP, Eroski, Iberdrola, Kutxabank, Ormazabal, Orona, Siemens Gamesa Renewable Energy, Vicinay Sestao eta Viuda de Sainz (Ihobe eta Spri erakunde publikoen koordinaziopean). Itun hori osatzen duten enpresek urtean 59 mila milioi euro fakturatzen dituzte, 148 mila pertsonari ematen diete lana eta 103 mila erakunde hornitzaile dituzte. 

Basque Ecodesign Center itun berezia da, eta Europako hegoaldean erreferentziazko poloetako bat da ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren arloan. Itun horren helburuak dira: batetik, ekonomia zirkularraren arloko ezagutza sortzea, euskal industria-sareari transferi dakizkiokeen lehentasuneko arloetan berritzearen bidez; eta, bestetik, balio-katea ekonomia zirkularreko eredu baterantz zuzentzea.

Akordio berritua

Ekainaren 9an, berritu egin zen Basque Ecodesign Center zentroaren oinarri den akordioa, eta 2025. urtera arteko lan-esparrua ezarri zen. Horrez gain, Batzorde Estrategiko bat sortzea erabaki zen. Batzorde hori gutxienez urtean behin bilduko zen, Arantxa Tapia sailburuaren lehendakaritzapean eta enpresa bazkideen ordezkari gorenen parte-hartzearekin.

Hauek dira, besteak beste, Batzorde Estrategiko horren eginkizunak: think tank gisa jardutea eta Basque Ecodesign Center zentroan garatutako jarduerek enpresa-sarean duten eraginari buruz gogoeta estrategikoa egitea; ingurumen-politikekin eta etorkizuneko erronka berriekin bat etortzea; Euskadiko ingurumen-politika hobetzeko gomendioak ematea; erabaki estrategikoak hartzea; lanerako gai berriak sartzea; eta lankidetza berriak ezartzea unibertsitateekin, zentro teknologikoekin, klusterrekin eta nazioarteko elkarteekin edo erakundeekin.

“Basque Ecodesign Center zentroak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen gainerakoari bidea ireki behar dio, erronkak aukera bihur daitezen eta lehiakortasun handiagoa lor dadin. Klima-neutraltasuna lortzeak, gure ingurune naturala zaintzeak eta lehiakortasun ekonomikoa indartzeak ekonomia guztiz zirkularra eskatzen du”, aditzera eman du Arantxa Tapia sailburuak.

2021eko ekainean berritu ostean eta beste enpresa eta sektore batzuk atxiki ondoren, Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategian (2030) zehaztutako lehentasuneko 7 balio-kateetako 6 estaltzen dira. Gauzatzen ari diren proiektuen kopurua ere nabarmen handitu da. Gaur egun, Basque Ecodesign Center zentroan 55 proiektu baino gehiago ari dira garatzen, eta hori asmo handiko lan-plana da, batik bat kontuan hartzen bada aurreko lau urteetako aldian (2016-2020) guztira 95 proiektu garatu zirela enpresa bazkideekin.

2022.urte honetan garatzen ari diren proiektu horien gaiek askotariko erronkak betetzen dituzte, barnean direla produktuen eta erakundeen ingurumen-ebaluazioa sistematizatzea, ingurumen-arloko hornikuntza-kateari eragiteko tresnak garatzea, deskarbonizazioko eta ekonomia zirkularreko plan integratuak bizi-zikloaren ikuspegiarekin egitea, eta Finantza Jasangarrien Erregelamendua behar bezala aplikatzeko laguntza ematea.

Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra

Basque Ecodesign Center zentroaren bileraren ondoren, Tapia sailburuak Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra aurkeztu du. Programa hori Eusko Jaurlaritzaren —Ihobe eta Spri erakunde publikoen bidez— eta enpresa eragileen arteko lankidetza-itun handia da, eta itun horri esker, 500 enpresa txiki eta ertain mobilizatu nahi dira, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia ezartzen aurrera egin dezaten. Horretarako, hainbat zerbitzu eta laguntza-lerro ekonomiko bat zehazten ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen enpresa-lehiakortasuna hobe dadin eta ekonomia zirkularrerako trantsizioan lagun dakien.

Helburu hori lortze aldera, bitarteko eragileen eginkizuna funtsezkoa da, eta, lehen fase honetan, jada lehen 22 bitarteko eragile batu zaizkio Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularrari. Eragile horiek 2.000 enpresa baino gehiago mobilizatzen dituzte, baita Euskal Autonomia Erkidego osoan industria-balioko kateetako 175.000 langile baino gehiago. Hala ere, akordio hau sinatu duten Confebask edo Garapen gisako erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guztietara iristen dira. Bitarteko eragiletzat joko da bere eragin-eremuko enpresen lehiakortasuna sustatu eta hobetzeko zerbitzuak egiten dituen irabazi asmorik gabeko edozein enpresa-erakunde edo -elkarte, hala nola klusterrak, enpresa- eta sektore-elkarteak, merkataritza-ganberak eta tokiko eta eskualdeko garapen-agentziak.

“Bitarteko agenteen eginkizuna funtsezkoa da, eta haien kapilaritatea aprobetxatu nahi dugu 2024an bostehun bat enpresa txiki eta ertainetara iristeko eta, hala, enpresa txiki eta ertainak lehiakortasuna hobetzeko programetara irits daitezen errazteko”, adierazi du Tapia sailburuak. “Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko itun zirkularra abian jartzearen bidez, erantzun nahi zaie merkatu aldakor eta gero eta zorrotzago batek enpresa txiki eta ertainentzat ekarriko dituen erronka zehatzei. Erronka horiek enpresa handien eskakizunen ondoriozkoak dira, baita materialen hornidura (material sekundarioak eta birziklatuak barne) ziurtatzeko beharraren eta balio-kate berriak sortzearen ondoriozkoak ere”, erantsi du.

Jarduketa-arloak

Helburu horiek bete daitezen, Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularrak bost jarduketa-arlo planteatzen ditu:

  • Ingurumen-zaintzako jarduerak egitea, ekonomia zirkularraren arloan merkatuak dituen erronkak eta aukerak identifika daitezen.
  • Euskal enpresa txiki eta ertainak prestatzea eta gaitzea detektatutako erronka eta aukera horietan, baita horiek aplikatzeko beharrezkoak diren ezagutza metodologikoetan ere.
  • Proiektu teknikoak abian jartzea, Basque Circular HUB Bilboko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroarekin lankidetzan. Europako hegoaldean ezaugarri horiek dituen zentro bakarra da, eta merkatuko prospektiba-zerbitzuak, trebakuntza aurreratuko zerbitzuak, joeren azterketarako zerbitzuak eta aditu-ezagutza sortzeko zerbitzuak eskaintzen ditu.
  • Euskal enpresa txiki eta ertainei aukera ematea Basque Ecodesign Center zentroa (Eusko Jaurlaritzaren eta 16 euskal enpresa handien arteko itun publiko-pribatua) osatzen duten enpresekin proiektu teknikoak garatzeko.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen enpresa-lehiakortasuna hobetzera —enpresekin elkarlanean— zuzentzen diren merkatu-tresnak aplikatzeko laguntza-programa.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handiekin, eta Basque Ecodesign Center zentroaren bidez, ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean egiten ari den lanaren ondoren, eta batez ere profesionalak gaitzeko eta prestatzeko zerbitzu aurreratuen ildotik, Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra sortu zen Basque Circular HUBean, enpresa-sarearen % 99 osatzen duten euskal enpresa txiki eta ertainei estaldura eman dakien. “Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa da zirkulua ixtea ahalbidetzen duen hirugarren pieza, eta programa zirkular horren xedea da enpresa horien lehiakortasuna hobetzen laguntzea eta ekonomia zirkularrerako trantsizioan laguntzea”, aditzera eman du Tapia sailburuak.

Diruz lagundutako lehen proiektuak

Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra laguntza-lerro bat baino askoz programa zabalagoa den arren, finantza-laguntza funtsezkoa da trantsizio horretarako, eta, beraz, urtean milioi bat euro erabiliko dira proiektuak finantzatzeko, bitarteko eragileen laguntzarekin.

2021.urtearen amaieran, Eusko Jaurlaritzak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, abian jarri zuen Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra finantzatzeko lehenengo jarduketa: enpresa txiki eta ertainetan ekonomia zirkularreko metodoak eta jarduketak aplika daitezen bultzatzeko berariazko laguntza-lerroa, ikuspegiak eta ikaskuntzak partekatuko diren talde-proiektuak susta daitezen.

Laguntza ildo horri esker, dagoeneko 12 proiektu esleitu zaizkie tarteko 9 eragileri, 1.052.000 euroko balioarekin. Proiektu horietan 106 enpresa txiki eta ertainek hartuko dute parte. “Asmoa da, Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularraren laguntza-deialdi horretan, urtero milioi bat euro bideratzea enpresa txiki eta ertainetarako; alabaina, zenbateko hori handitu daiteke”, adierazi du sailburuak.

Deialdi horrek gehienez 100.000 €-rekin finantzatuko du proiektu bakoitza: proiektua garatzeko laguntza tekniko espezializatuaren kontratazioa; analitiken eta entseguen kontratazioa; hirugarren independente batek egiaztapenak egitea; eta proiektua sustatu, kudeatu eta gainbegiratzeko jarduerak egitea, tarteko eragileen erantzukizunen parte gisa.

Proiektuak abian jarri aurretik, tarteko eragile bakoitzak jardunaldi publiko bat egingo du proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen artean aurkezteko. Bertan, proiektua eta helburua deskribatuko dira, baita dagokion ingurumen-kudeatzailea, lan-metodologia, lehiakortasunaren hobekuntza eta parte-hartzaileen arteko elkarrekiko balio-ekarpenaren aurreikuspena ere. Interesa duten beste enpresa batzuei ere parte hartzeko aukera emango zaie. Une honetan, lehen deialdi honetako tarteko eragile adjudikaziodunak jada lan egiten ari dira proiektuari hasiera emateko bilera-egutegi horretan.

“Gaur, Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko itun zirkularra aurkezten dugu jendaurrean, baina lanaren zati bat dagoeneko abian dago, eta oraindik lan handia dugu 2024an bostehun enpresa txiki eta ertain horietara iristeko. Enpresa horiek zirkularragoak eta lehiakorragoak izango dira eta hobeto posizionatuta egongo dira. Euskadik ere aurrera egiten jarrai dezan ahalbidetuko dute”, erantsi du Tapiak.

Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularrari atxiki zaizkion lehenengo 22 tarteko eragileak

1. ACICAE – Euskadiko Automozio Klusterra

2. Aclima, Basque Environment Cluster

3. AFM – Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Klusterra

4. HEGAN – Euskal Herriko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartea

5. ACE – Energiaren Kluster Elkartea

6. Euskadiko Elikaduraren Kluster Elkartea

7. HABIC - Euskal Herriko Habitataren, Zuraren eta Contractaren Kluster Elkartea

8. GARAPEN – Garapen Agentzien Euskal Elkartea

9. Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkartea

10. Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera

11. CONFEBASK eta bere kide diren erakundeak, hiru erakundeen ordezkaritzan: Gipuzkoako Enpresen Elkartea (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (CEBEK) eta Arabako Enpresariak (SEA).

12. Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra

13. Elkargi

14. ERAIKUNE – Euskadiko Eraikuntzaren Kluster Elkartea

15. EUSKALIT – Kudeaketa Aurreratua

16. Fastening Competence Center-FEX

17. Euskal Herriko Itsas Foroa

18. IRAURGI BERRITZEN (Iraurgi Lantzen SA), Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia

19. Izaite – Jasangarritasunaren Aldeko Euskal Enpresen Elkartea

20. Mafex – Trenbide Material, Ekipamendu eta Zerbitzuen Fabrikatzaileen eta Esportatzaileen Espainiako Elkartea

21. Siderex – Siderurgiaren Kluster Elkartea

22. Tolosaldea Garatzen SA

 

2 iruzkin
  • 2022-03-14

    Alferrik galdu gabe berrerabiltzen saiatzea, batzuetan gauzak botatzen dira, beste erabilera bat eman daiteke beste leku batean, dela piezengatik, isuriak kolapsatu eta fabrikazio berriarekin talka egin beharrean, inbentarioan ere lan handia dago, kasualitatea deritzona zorteari uztea askotan ez da sinestekoa izaten.

  • 2022-03-14

    Tratar de reutilizar sin desperdicio, a veces se tiran cosas se puede dar otra utilidad en otro lugar ya sea por piezas en vez de tener que colapsar vertidos e impactar con nueva fabricación, en inventariado recursos también hay mucho trabajo en vez dejar a la suerte llamada casualidad muchas veces no suele ser de creer.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak