Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak bi urteko pandemiaren gobernantzako eta kudeaketako memoria utzi du Euskadiko Artxibo Historikoan

2022-03-11
  • ”Etorkizunerako ikasitakoak” izeneko dokumentua Eusko Legebiltzarrera bidali da eta Ireian dago eskuragarri 
  • Edukiak gertatutakoa deskribatzen du, pandemiaren gobernantzaren autoebaluazioa eta balorazioa eskaintzen ditu, baita etorkizunerako hausnarketak ere.
  • Hobekuntza-esparruak: nazioarteko osasun-erakundeak, osasun publikoa, lehen mailako arreta eta arreta soziosanitarioa, segurtasun juridikoa eta kogobernantza.
  • Praktika positiboak: LABIren arkitektura, zerbitzu publikoen erantzuna, premiazkoa eta garrantzitsua gobernatzea eta irizpideen hierarkia.
  • Artxibo Historikoan garatutako ekitaldian, memoria hori hiru euskal unibertsitateei, Jakiunderi eta Eusko Ikaskuntzari ere eman zaie.
  • Txostenak herri gisa lau adierazleren azterketan oinarritutako balantzea iradokitzen du: erresistentzia, erresilientzia, elkartasuna eta pronostikoa.

Iñigo Urkullu Renteria Lehendariak "Euskadin pandemiaren gobernantza eta kudeaketa bi urtetan. Etorkizunerako ikasitakoak" izeneko dokumentua utzi du gaur, 16:00etan, Euskadiko Artxibo Historikoan. Aldi berean, memoria hori Eusko Legebiltzarrera bidali da, eta ordu horretatik aurrera herritar guztiek hemen dute eskuragarri (estekaren helbidea).

Dokumentuaren edukia

106 orrialdeko txostena Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak egin du, eta bi zati eta epilogo bat ditu. Lehenengo zatian, “deskribapena” izenekoan, bi atal daude. Lehenengoak ibilbide kronologikoa du. Euskadin eta Euskaditik pandemiaren 730 eguneko historia da. Bigarren atalak ibilbide hori baloratzeko lau gako nabarmentzen ditu: testak egitea, txertaketa, erantzun soziala eta COVID aldian izandako heriotzen gorakada.

Memoriaren bigarren zatia ere, “balorazioa” izenekoa, bi ataletan egituratuta dago. Lehenengoak 12 gai jorratzen ditu, eta, duten garrantziagatik, berariazko azterketa merezi dute. Bigarren atalak modu eskematikoagoan laburbiltzen ditu esperientzia horretatik atera daitezkeen ikaskuntza-multzo bat eta etorkizunerako proposamen-hausnarketen multzo bat. Epilogoak azken gogoeten bilduma bat aurkezten du, etorkizunari begira.

Dokumentua 2022ko otsailaren 28an itxi zen. Duela bi urte, egun honetan detektatu ziren COVID-19aren lehen bi kasu positiboak Euskadin. Martxoaren 11n aurkeztu da jendaurrean, duela bi urte, egun horretan bertan, pandemia deklaratu zuen OMEk.

Dokumentuak bi helburu ditu: batak iraganari begiratzen dio eta besteak etorkizunari. Atzera begiratuz, bi urteko denbora pandemikoko kudeaketa-memoria bat eskaintzen da, Lehendakariak gidatutako gobernantzaren ikuspuntutik landua, LABIren eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan hartu beharreko erabakien bidez, eta kudeaketa-esperientzia horrek ekarri duenaren balorazio ireki batekin batera.

Ez da kanpo-ebaluazio bat, baizik eta barrutik egindako memoria bat, aginte-gelatik egina. Zentzu horretan, autoebaluazio eta balorazio izaera du. Pandemiaren erantzuna gidatzeko ardura izan dutenek ondo funtzionatu duena, defizitarioa izan dena, hobeto egin ahal izan dena edo behar izango zutena eta izan ez dutena islatzen dute.

Bigarren helburua, lehenengoari lotua, ikasgaiak ateratzera eta etorkizunerako gogoetak eta iradokizunak formulatzera bideratuta dago. Batetik, pandemiaren kudeaketari berari buruzko ikaskuntzak; eta, bestetik, gizarte gisa gure bizimoduei eta harremanei buruz atera ditzakegun ikasgaiak. Ziurrenik, erronkarik garrantzitsuena: zer ikasten dugun bizipen honetatik eta nola erabiliko dugun gizakiari eta gizarteari begira hobetzeko.

Nolanahi ere, ez da behin betiko balorazioa, besteak beste, pandemiak oraindik ere irauten duelako. Ebaluazio integral baten zati bat da, eta barrutik kanpora eta kanpotik barrura begirako begiradak batu beharko ditu, beste eremu batzuk ere aztertu beharko dituena, eta, gainera, denbora beharko duena perspektiba hartzeko.

Ezagutza akademikoa ordezkatzen duten erakundeekin bilera

Dokumentu hori Euskadiko Artxibo Historikoan utzi ondoren, Lehendakariak nahi izan du dokumentu horren edukiari buruzko lehen kontrastea eta eskura ematea ezagutza akademikoa ordezkatzen duten erakundeekin egindako bilera baten bidez egitea.

Horrela, Lehendakaria, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak eta Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiak lagunduta, Eva Ferreira EHUko errektorearekin, Elena Auzmendi Deustuko Unibertsitateko errektoreordearekin (Jose Maria Guibert errektorearen izenean), Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin, Juan Ignacio Pérez Iglesias Jakiundeko presidentearekin eta Ana Urkiza Jakiundeko presidentearekin bildu da.

Bileran, Lehendakariak dokumentuaren edukia aurkeztu du, eta bertaratutakoei hausnarketa bat partekatzeko gonbita egin die, hiru erreferentzia hartuta kontuan: lehenik eta behin, dokumentuaren “Epilogoan” jasotako ondorioen lehen balorazio bat; bigarrenik, pandemiak uzten dituen ikaskuntzei buruzko gogoeta bat; eta, hirugarrenik, Euskadirentzako etorkizuneko erronkei eta eraldaketari buruzko ekarpen bat.

Lehendakariak bilera itxi du eta bileran parte hartu duten pertsonei iradoki die, erakunde akademiko gisa eta pandemia bizi ondoren, Euskadik behar dituen orainaren eta etorkizunaren eraldaketei buruzko ekarpen gogoetatsua eskaini ahal izatea datozen hilabeteetan. Zehazki, ekarpen horiek Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroan aurkeztu ahal izatea proposatu die, Eraldaketa Sozialerako Lantaldearen bitartez.

Epilogoa: Azken gogoetak etorkizunera begira

Euskadi ere, munduko gainerako herrialdeek bezala, izaera, larritasun eta eragin ikaragarriko pandemia baten ondorioak pairatzen ari da –pairatu ditu–, duela bi urte imajinaezinak zirenak. Haren eragina suntsitzailea eta urratzailea izan da gizadiarentzat, gizarteentzat, familia eta pertsonentzat, bereziki egoera ahulenean zeudenentzat; eta baita herrientzat, gobernuentzat, negozioentzat, enpresentzat edo jarduerentzat ere.

Hasiera-hasieratik, arazo ezezagunei eman beharreko erantzunak inprobisatu behar izan ziren, batez ere herrialde garatuetan, edo gure belaunaldien biografian aurrekaririk ez zuten neurriak aplikatu behar izan ziren, hala nola konfinamenduak, murrizketak, burbuilak, itxiera perimetralak, edo funtsezkoak ez diren jarduera sozioekonomikoak ixtea. Pandemia ustekabekoa izan da, eta haren portaera ezin aurreikusizkoa izan da, orain arte sei olatu izan baititu, bata bestearen atzetik, kutsaduraren transmisioan gora eta behera egiteko.

  • Balantzea egiteko metodologia

Memoria honen helburua balantze bat eskaintzea da, ateratako ikasgaiak proiektatuko dituena. Ikuspuntu metodologikotik, planteatzen den gaia da non kokatu behar den balorazioaren gakoa ondorioren bat ezartzeko.

Ikuspegi sinplista batek ebaluazio-erreferentzia gisa ezar lezake zailtasunik, akatsik edo gabeziarikez izatea edo gehiago edo gutxiago agertzea. Balorazio handieneko adierazlea, beraz, erantzun guztien artean ahalik eta ondoen asmatzea izango litzateke. Arazoak egon diren neurrian, ondorioa, kasu honetan, negatiboa izango litzateke. Munduko herrialde bakar batek ere azterketa hori onartuko ez balu ere, planteamendu hori gaizki bideratuta dago, ez baitu aintzat hartzen horrelako pandemia batek ekarri duenaren errealitatea.

Pandemiaren ondorio nagusietako bat, giza ondorioez gain, izan da, hain zuzen ere, arazoak sortzea eta hauskortasunak azaleratzea, inor ez zegoelako prest horrelako “tsunami“ sanitario, sozial eta ekonomiko honetarako. Birus horrek kontrolean, omnipotentzian eta zaurgarritasunik ezean oinarritutako gizakiaren edo politikaren nahia biluzarazi du. Mugatua izatearen errealitate-printzipioan kokatzen gaitu, bai gure giza izaerari dagokionez, bai gure izaera politikoari dagokionez.

Balantze baterako erreferentziazko adierazlea ezin da izan pandemiari erantzuteko kudeaketan eta norabidean zailtasunik, gabeziarik edo akatsik ez egotea. Balorazioa egitean, ziurtzat jo behar da, bizitakoaren moduko testuinguru batean, inperfekzioa eta kalteberatasuna prozesuaren beraren berezko zati direla. Gogoeta hori, Euskadiri dagokionez, ez da interpretatu behar oker egindakoak minimizatzearen zentzuan. Aitzitik, memoria honen premisa da pandemiak edozein esparrutan erakutsi dituen hauskortasunei heltzea; izan ere, ahulgune horiek dira politika publikoak hobetzeko gai-zerrendarik onena.

Argudio hori ere ez litzateke interpretatu behar erakunde-politikari soilik mugatuta. Esku hartzen duten eragile sozial, politiko, akademiko, zientifiko, mediatiko, ekonomiko, enpresarial edo kultural guztiak “ukitzen“ ditu pandemiak erakutsitako hauskortasunei buruzko hausnarketa honek. Logikoa denez, guztiek ez dute erantzukizun bera, baina errealitate-kolpe horrek emandako erantzunen eta erakutsitako jarreren inperfekzioari eragin dio neurri batean.

Pandemiari erantzuteko gobernantzaren zuzendaritza instituzionalari dagokionez, esan behar da ez geundela prestatuta horrelako larrialdi baterako eta saiakuntza-errore metodoaren arabera funtzionatu behar izan dugula. Haztamuka egin behar izan genuen aurrera, aurkikuntza zientifiko progresiboen erritmora. Gaur egun ere asko da zientziak birusari buruz ez dakiena. Ez dakigu zer portaera izango duen datozen hilabeteetan, zazpigarren olatu bat egongo den ala ez, edo pandemia batetik endemia batera igarotzen ari garen ala ez. Edozein balantze errealitate- eta apal-printzipio horretatik abiatu behar da.

  • Lau adierazle

Aurreko guztia esanda, galdera honakoa da: zein dira balantze bat egiteko adierazleak? Hipotesia da erreferentzia horiek, gutxienez, elkarren osagarri diren lau diagnostikorekin dutela zerikusia: erresistentzia, erresilientzia, elkartasuna, eta pronostikoa.

  • Erresistentzia, nola egin diogu aurre kolpeari? Zailtasunak eta sufrimendu larriak pairatu ditugu eramu guztietan. Pandemiak agerian jarri ditu ahuleziak eta hobetu beharrekoak (memoriaren 3 eta 4 puntuetan zehaztu dira). Dena den, gure zerbitzu publikoek kolpeari eutsi eta herritarren beharrei erantzun diete. Txertaketa edo hezkuntzan presentzialtasunari eustea, bi adibide aipatzearren, erresistentziaren eta “auzolanaren” erakusgarri ona dira. Gizarte gisa, oso proba gogorrak jasan ditugu, etxean konfinamendu zorrotzak izatetik murrizketa gogor eta luzeak izatera. Familia eta pertsona bakoitzak, enpresa bakoitzak, erakunde bakoitzak mugak eta estutasunak pairatu behar izan ditu bere gain eguneroko jardunean. Sufritu dugu, baina Euskadik fidagarritasunez egin dio aurre.
  • Erresilientzia, zein izan da ezbeharren aurrean egokitzeko eta berreskuratzeko dugun gaitasuna? Bi urte hauek Euskadin arazo larriak eta etengabeak gainditu izanaren historia dira. Arazo, errore, krisi edo gabezia bakoitzak erantzun bat izan du, arrazoizko denboran eta eraginkortasunean. Arnasgailu edo norbera babesteko ekipamendu gabeziatik, gizarte-laguntzetara edo aldi baterako lan-erregulazioko espedienteetara arte, eta Dekretu, kontingentzia-plan edo zerbitzu publikoen edo sanitarioen berrantolaketa bakoitzetik pasatu da inguruabar bakoitzean. Zailtasun bakoitzak konpontzeko bide bat aurkitu du. Irtenbide horiek, askotan, ez dira perfektuak, baina, azkenean, oztopoak gainditu ahal izan dituzte, kolapsatu gabe. Sufritutakoa gorabehera, erresilientziari esker ari da ematen gure gizartearen susperraldi sanitarioa, soziala, ekonomikoa edo emozionala.
  • Elkartasuna, nola funtzionatu dute baliabide komunitarioak eta kohesio sozialekoek? Azterlan soziologiko guztiek erakusten dute euskal herritar gehienak bat datozela hartutako osasun publikoko neurriekin, eta nabarmentzekoa da neurri horien betetze-maila. Testak edo baheketak egitean eta, bereziki, txertaketan eman den erantzun soziala isla objektiboa da. Komunitate-zentzu horren beste froga bat izan da adinekoei edo kalteberenei laguntzeko lehen olatuan sortutako boluntariotza-ekimena. “Guztion artean” izan zen erakusle nagusia. Bestalde, udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako sailek laguntza-ildoak ireki dituzte zailtasun handienak dituzten pertsona, familia, erakunde edo enpresentzat. Kohesio sozialak benetako isla izan du.
  • Pronostikoa, zer baldintzatan gaude herri gisa aurrera egiten jarraitzeko? “Ekaitza” delakoak inpaktuak eragin ditu, konpondu egin behar direnak; baina konponketarekin batera eraldaketa eta susperraldia behar dira. Indarra daukagu. Ekonomiaren eta enpleguaren susperraldia errealitate bihurtzen ari da. Egoera politikoa, instituzionala, aurrekontukoa eta zerbitzu publikoetakoa sendoa eta egonkorra da. Pandemian Eusko Jaurlaritzak, pandemiaren premiari erantzuteko ez ezik, etorkizuna eta hiru trantsizioak: teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta demografiko-soziala prestatzeko ere gobernatu du. 2030 Agendarekin hartutako konpromisoa, ekonomia eta enplegua suspertzeko “Berpiztu Programa“, edo, Europako Funtsak eskuratu ahal izateko “Euskadi Next“ proiektua dauzkagu. Herri gisa aurrera egiten jarraitzeko baldintzak ematen dira; pronostikoa positiboa da.

Autokonplazentziarik gabe, azterketa honek aukera ematen du tonu positiboko balantze bat egiteko Euskadin pandemiari emandako erantzunaren gobernantzaren emaitzari buruz. Balantzea eraikitzailea da, akatsak egin ditugun arren eta gabeziak, zailtasunak eta arazo larriak izan ditugun arren. Herri gisa balantze ona, erresistentziaren, erresilientziaren, elkartasunaren eta pronostikoaren adierazleen azterketan oinarritzen dena.

Lehenik eta behin, kolpeari eta erresistentziari eutsi diogu; bigarrenik, arazo bakoitzaren aurrean erantzuteko, egokitzeko eta gure onera etortzeko gai izan gara, erresilientziaz; hirugarrenik, komunitate-zentzuz jokatu dugu eta kohesio soziala eta elkartasuna babestu ditugu; eta laugarrenik, herri gisa aurrera egiten jarraitzeko egoera onean gaude, pronostiko onean.

  • Ikasitakoen alderdi nagusia

Hauskortasuna agerian utzi duten lau eremu nagusi. Politika publikoen eremuak dira, eta horietan ahalegin handiagoa egin beharko dugu politika horiek erreformatzen eta egokitzen saiatzeko:

  • Nazioarteko erakundeen aholkularitza zientifikoa. Indarguneekin batera –zalantzarik gabe izan baitituzte– une jakin batzuetan ahuleziak agertu dituzte aurrea hartzeari, koordinazioari, eraginari edo irizpide orokorra bateratzeari eta aplikazio koordinatuari dagokienez. Funtsezkoa da nazioarteko eta alde anitzeko osasun-erakundeak indartzea, bai giza baliabideei eta baliabide materialei eta ekonomikoei dagokienez, bai eremu politikoen eta zientifikoen arteko koordinazio handiagoa eta hobea lortzeko mekanismoei dagokienez.
  • Zerbitzu propioak hobetzea. Osasun-krisiak agerian utzi ditu zerbitzu publikoen hauskortasun-guneak. Osasunaren arloan, osasun publikoaren arloaren azpiegitura berriz pentsatu eta indartu behar da sistema osoaren barruan. Era berean, lehen mailako arreta eta familia-medikuntzakoa egokitu, berrantolatu eta prestigioa eman behar zaio. Estrategia soziosanitarioaren barruan, zainketa-eredua indartu behar da, bai eta gizarte- eta egoitza-eremuetako osasun-arretaren prebentzioa optimizatu ere.
  • Segurtasun juridikorik eza. Segurtasun juridikorik ez izatea arazo larria izan da krisi honen gobernantzarako. Estatuko lege-esparruaren erreformei heldu behar zaie sortutako distortsioak konpontzeko. Euskadin, izapidetzen ari den Osasun Publikoaren Euskal Legeak kontuan hartu beharko ditu kontingentzia historiko honetan ikasitakoak. Era berean, autogobernu-estatus berriari buruzko parlamentu-erabakiak larrialdi-testuinguruetan estaldura juridikoa emateko beharra jaso beharko luke.
  • Kogobernantza. Lurraldeen arteko koordinazioari dagokionez, hobetzeko tartea dago. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko harremanak funtzionatzea. Alde anitzeko lankidetzari dagokionez, Presidenteen Konferentziak edo Lurralde arteko Kontseiluek metodologia bat behar dute, eskumen-eremuak errespetatuz, baterako gobernantza eraginkorra ahalbidetuko duena: aldez aurreko prestakuntza, eztabaida partekatua, elkarrizketa, elkarrekintza, koordinazioa eta, hala badagokio, adostasunak sortzea.
  • Euskadin pandemiaren gobernantzan modu positiboenean lagundu duten eta jardunbide egokitzat har daitezkeen lau eremu nagusi ere badira:
  • LABIren arkitektura. LABIren Aholku Batzordea, haren Batzorde Zientifiko-Teknikoa eta “Bizi Berri” planak aktibo bat eta funtsezko laguntza bat izan dira erabakiak esparru ordenatu eta erabilgarri batean hartzeko. Arkitektura horri esker, gainera, erakundeen arteko baterako gobernantza-esparru bat sortu da. Hori guztia praktika egoki erreplikagarritzat jo daiteke larrialdi-testuinguruetan.
  • Euskadiko zerbitzu publikoen erantzuna. Bi urteren ondoren, indartu egiten da haren garrantzia eta inbertsioa etengabe egokitzeko. Krisi pandemikoak gure zerbitzu publikoak probatu ditu. Izandako zailtasunei aurre egiteaz eta hauek gainditzeaz gain, euskal zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun diete. Etorkizunari begira duten egoera sendoa da. Gure autogobernu-erakundeen indargune baten aurrean gaude, eta balantze orokor eraikitzailea azaltzen du.
  • Premiazkoaren zein garrantzitsuaren gobernua. Lehenik eta behin, premiazkoa: osasun-erantzuna eta erreakzio sozio-ekonomikoa, gehien behar duenari laguntzeko. Bigarrenik, aldi berean, etorkizunerako eta Euskadik behar dituen eraldaketetarako gobernatzen jarraitzea: ekonomia eta enplegua suspertzea, eta hiru trantsizioetan aurrera egitea. Ikaskuntzen balantzean, premiazkoa eta berehalakoa denari erantzuteko eta garrantzitsua eta estrategikoa dena gobernatzeko konbinazio hori euskal gobernantzaren aktiboen parte da.
  • Irizpideen hierarkia eta haztapena erabakietan. LABIren erabakiak hartzerakoan, lau irizpide erabili dira: bizitza eta osasun publikoa defendatzea, ospitaleen eta osasun-zerbitzuen blokeoa prebenitzea, kolapso itzulezinak saihestea eta inpaktu sozioekonomikoak arintzea. Hori oinarri hartuta, irizpide horiek sentikortasunez, erantzukizunez, enpatiaz eta etorkizun-ikuspegiz haztatzean OREKA lortzea izan da ardatz nagusia. Eredu hori etengabe mantentzea faktore erabakigarria izan da.

Azkenik, pandemiaren eta etorkizuneko pronostiko onaren aurreko gobernantzaren balantzea egiteko lau datu objektibo nabarmendu behar dira:

  • Euskadi –bere osasun-sistema eta herritarrak– test kopuru handiena egin duten erkidegoen artean egon da.
  • Euskadik –bere osasun-sistemak eta bere herritarrek– Europako altuenen artean dauden txertaketa-emaitzak ditu.
  • Euskal gizartearen gehiengoaren konpromisoa prebentzio-neurriak betetzen.
  • Azkenik, INEren datuen arabera, Covid aldian heriotza gutxien izan duen Autonomia Erkidegoetako bat da Euskadi.

Datu horiek emaitza objektiboa erakusten dute, eta oinarri sendoko balantzea eratzen laguntzen dute.

  • Gizartea eta etorkizuna eraldatzeko hausnarketak

Pandemiaren hasieratik, askotan galdetu izan diogu geure buruari bizipen global horretatik pertsona eta gizarte gisa hobeto edo okerrago aterako ginatekeen. Ziurrenik, bata zein bestea mantentzeko baldintzak egongo dira. Gertakariek araugintza-boterea dute, eta pandemia honek ere badu. Atzeraezina da. Dagoeneko gertatu da. Aldatu egin gaitu, aldatzen ari zaigu… nahiz eta ez jakin ziur nola egiten ari den.

Ikuspuntu politikotik, ez da arbitrarioa esatea krisi global honetatik hobeto ateratzeko beharrezkoa dela esfortzuak areagotzea trantsizio energetiko-klimatiko eta ekologikoan, trantsizio ekonomiko, teknologiko eta digitalean, eta trantsizio sozial, demografiko eta sanitarioan. Garapen Jasangarrirako Helburuekiko konpromisoak planeta, mundua eta Euskadi hobetzen lagun dezake.

Baina krisi honetatik hobeto edo okerrago aterako garen galdetzen dugunean, gizartea eta pertsona bakoitza ere interpelatuta daude. Giza eta komunitate-dimentsio horretan sakontzeko, hausnarketarako lau ildo aipatu ditzakegu etorkizunerako.

  • Lehenik eta behin, gure zaurgarritasuna onartzea. Pandemiak giza izaeraren ahultasuna erakutsi digu. Autosufizientzia edo harrokeria desagertu egin dira. Apaltasuna da gure mugak aitortzea eta ezagutza horren arabera jardutea. Iraunkortasunak mugatua izatearen kontzientzia eskatzen du. Baliabideak eta gaitasunak mugatuak dira.
  • Bigarrena, eskuragarri dagoena baloratzea. Pandemiak aukera eman digu geneukana eta daukaguna baloratzeko, galdu egin dezakegula konturarazi gaitu. Beti dago zerbait baliotsua errealitateari aurre egiteko, eta ez da gutxietsi behar, ezta mespretxatu ere. Garapen jasangarriaren oinarria eskuragarri dagoen ona eta positiboa baliatzea da. Zailtasunen arteko aukerak sustatzea.
  • Hirugarrena, komunitate-kontzientzia etikoan sakontzea. Pandemiaren gogortasunak komunitate-zentzuaren eta erantzunkidetasunaren garrantzia nabarmendu du. Guztien ongia edo auzolana ez dira apelazioak; benetako premiak dira. Indibidualismoaren aurrean, elkartasunaren etika partekatu behar da komunitatearentzat. Arduraz eta zentzu etikoz hautatzeko kontzientzia dugu. Denok egin dezakegu gure ekarpena.
  • Laugarrena, aurrerapen sozial eta ekonomikoa sustatzea, giza duintasunaren neurrira. Pandemiak gogorarazi digu pertsona aurrerapenaren erdigunean dagoela eta giza duintasuna osasunerako, hezkuntzarako, gizarte-babeserako edo zerbitzu publikoetarako eskubideari lotuta dagoela. Kohesioan eta Giza Garapen Iraunkorrean islatzen da. Konpromiso horrek dimentsio globala, lokala eta pertsonala izan behar du. Giza duintasuna giza eskubideen oinarria da, eta pertsona izatearen zentzua adierazten du.

Pandemia hasi zenetik bi urte igaro direnean, Euskadi suspertzeko, berrabiarazteko eta eraldatzeko etapa bati ekiten ari gatzaizkio. Erakutsitako erresistentziak, erresilientziak eta elkartasunak etorkizunerako pronostiko on bati eusten diote. Orainaldi eta etorkizun honekin, Eusko Jaurlaritzak bere konfiantza eta erabakia adierazi eta partekatu nahi ditu.

2022ko otsailaren 24an, dokumentu hau itxitzat eman baino lau egun lehenago, Errusiako Gobernuak Ukrainaren gaineko inbasio militarra hasi zuen. Ziurgabetasuna eta mehatxua munduaren gainean daude berriro. Berriz ere, erresistentzia, erresilientzia eta elkartasun hitzek zentzu osoa hartzen dute etorkizun eta itxaropen iragarpen on bati eutsi ahal izateko.

2 iruzkin
  • Argazkia Peter
    2022-03-16

    La Administración de Drogas y Alimentos de los EE. UU. (FDA) se vio obligada por orden judicial a publicar todos los documentos confidenciales que Pfizer les envió con respecto a la aprobación de uso de emergencia de la inyección Pfizer Covid-19. La última ronda de documentos se publicó el 1 de marzo de 2022 y uno de los documentos confirma que la inyección de Pfizer Covid-19 se acumula en los ovarios con el tiempo: https://t.me/elinvestigador_org/10120

    Publicaron Documentos Confidenciales de Pfizer que revelan que la vacuna contra el Covid-19 se acumula en los ovarios. Y ahora los datos oficiales del Reino Unido muestran que los casos de cáncer de ovario están en su punto más alto.
    Los datos sobre la cantidad de personas que padecen cáncer de ovario muestran que la tendencia conocida en 2021 fue significativamente más alta que en 2020 y que el promedio de 2017-2019: https://dailyexpose.uk/2022/03/11/pfizer-docs-vaccine-accumulates-ovaries-cancer/

  • Argazkia Peter
    2022-03-12

    Pfizer and Moderna have admitted in Federal Filings that their mRNA injections are gene therapy.

    Thomas Renz: "So if you're wondering why so many side effects are possible, it's because it's an untested category of drug... They don't know what's gonna happen."

    Video here: https://rumble.com/vwujn7-pfizer-and-moderna-have-admitted-in-federal-filings-that-their-mrna-injecti.html

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)