Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak uste du Bizkaiko Foru Aldundiak Arbitraje Batzordean aurrezki-kutxen lege-proiektuaren kontra errekurtsoa ipintzeko hartu duen erabakia arduragabea dela

2011.eko urriak 04

Carlos Aguirrek ohartarazi du aldundiaren erabakiaren ondorioz geldiarazi egin daitekeela dagoeneko azken fasean dagoen EAEko aurrezki-kutxak berrantolatzeko prozesua. "Benetan harrigarria da eskumenak hartzearen ustezko arazoa argudiatzen saiatzea, arazo hori ez zenean azaldu Bizkaiko Foru Aldundiak lege-aurreproiektuari aurkeztu zizkion alegazioen artean".

Halaber, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi du Arbitraje Batzordeak dagoeneko iritzia eman duela aurrezki-kutxen legearen alorrean, baterako erakundeetan kokatzen duela eskumen-eremua.

Carlos Aguirreren hitzetan "EAJ, dotorezia eskasaz, EAEko kutxak integratzeko prozesua oztopatzen saiatzen dabil, adostasun handiena lortzeko bidea eginda zegoenean".

 

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du errekurtsoa ipiniko duela Arbitraje Batzordean Eusko Jaurlaritzak egin duen eta une honetan Legebiltzarreko izapide-fasean dagoen Aurrezki Kutxen Lege Proiektuaren kontra. Iragarki horri dagokionez, honakoa esan du Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak:

1.- Lege-proiektua Arbitraje Batzordera eramanez gero, proiektua geldiaraziko da, baliteke lau hilabetez. Ondorioz, arriskuan ipin liteke, eta geldiaraz egin liteke, EAEko hiru aurrezki-kutxak bat-egiteko prozesua, orain dela gutxi onetsi zutela bertako batzarrek eztabaida bizi baten ostean, inoiz lortu izan ez den adostasun-mailarekin.

2. Organo eskudunen aurrean (Espainiako Bankua, Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionala, Aseguruen Zuzendaritza Nagusia...) hasi diren baimen-prozesuak ere geldiaraz litezke eta, ondorioz, bat egiteko prozesua ere.

3. Alegazioak aurkezteko epean Bizkaiko Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen, baina batean ere ez zen aipatu lege-proiektuaren 41. artikulua, horixe dela, Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailearen iritziz eztabaida sortzen duena. Horrenbestez, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak ez du egia esan.

4. Atzo bertan, Eusko Jaurlaritzak berak eskatuta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak aurrezki-kutxen lege-proiektua aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarreko Ekonomia Batzordean. Talde batek ere ez zuen adierazi lurralde historikoen eskumenak hartzen zirenik, eta horixe egiten du, Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailearen ustez, lege-proiektuaren 41. artikuluaren bitartez. Horrek esan nahi du deskoordinazio nabaria dagoela Eusko Alderdi Jeltzalearen erakunde-organoen artean edo, bestela, asmo txarra, besterik ez.

5. Ezin da sinetsi Bizkaiko Foru Aldundiak uste izatea 41. artikuluak bere eskumenak hartzen dituenik. Izan ere, berak izendatzen ditu Batzar Nagusiak, eta horixe da lurraldeen subiranotasuna ordezkatzen duen organoa, aurrezki-kutxetako gobernu-organoetan ordezkariak aukeratzeko profesionaltasun- eta proportzionaltasun-irizpideekin, eta Batzarrek eurek zehaztutako prozedurei jarraituz.
Bestalde, honakoa dio Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez urratu egin den Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 37.3.a artikuluak: "Nolanahi ere, bakarreko eskumena izango du bakoitzak bere lurralde barruan honako gaiotan: a) Beren erakunde propioen antolaketa, araubidea eta jarduera". Baina ez da hala, aurrezki-kutxen lege-proiektuaren 41. artikuluak honakoa baitio:
"Dagozkien Batzar Nagusiek izendatuko dituzte lurralde historikoak ordezkatzeko kontseilari nagusiak, eta ospe eta profesionaltasun handikoak izango dira. Erakunde horien osoko bilkuretan aukeratuko dituzte, Batzarkide-talde bakoitzak duen kide-kopuruari dagokion proportzioan, Batzar Nagusiek berek erabakitako prozeduren arabera."

6. Nabarmentzekoa da aurrekari berdintsu bat dagoela, eta Arbitraje Batzordeak horri buruzko iritzia eman zuela 2000. urteko ebazpen batean. Bertan adierazi zen aurrezki-kutxen erregulazioak nahitaez hartu behar duela bere gobernu-organoena. Horien eraketa eta hautaketa-moduak azaltzen dira, besteak beste, aurrezki-kutxen legean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)