Berriak
Eu

EAEko ehun enpresa eta erakunde izango ditu lagun lehendakariak, AEBetara egingo duen hurrengo enpresa-bidaian

2011.eko urriak 05

Lehendakaria AEBetara joango da datorren astean, EAEko eta AEBetako enpresen arteko harremanak sendotzeko helburuz

Urriaren 13tik 21era, Patxi López lehendakaria AEBetan izango da, hemengo enpresak sustatzeko helburuz egingo duen bidaia instituzionala gidatzen. Xede nagusia Estatu Batuetako enpresen eta Euskadikoen arteko harremana sendotzea izango da, baita hemengo enpresei nazioartean hedatzen laguntzea ere. Gainera, ikerketa teknologikoetan jarduten duten goi-mailako zentroekin eta agintari aldeaniztunekin ere elkartuko da lehendakaria. Bidaia hau baliatuz, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoa helburu turistiko gisa sustatuko dute.

Amerikako Estatu Batuak EAEko enpresen hirugarren esportazio-merkatua dira; hori horrela izanik, Pedro Gómez Damborenea Industria Sailaren mendeko Kabinete, Plangintza eta Estrategia sailburuordeak azaldu duenez, merkatu horrek «lehentasuna» dauka euskal enpresentzat. Arrazoi hori dela eta, AEBetako Ekialdeko Kostaldera joango dira. Bernabe Unda Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburua ere bidaian izango da. Era berean, nekazaritzako elikagaien sektorearekin harremana duten enpresa kopuru handia ikusirik, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua ere joango da.

Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Pedro Gómez Damborenea Industria Saileko Kabinete, Plangintza eta Estrategia sailburuordeak eta Ainhoa Alday Kanpo Harremanetarako zuzendariak prentsaurrekoa eman dute, Patxi López lehendakariak egingo duen bidaiaren helburuak azaltzeko asmoz. Bidaiaren beste xedeetariko bat, Echeniqueren hitzetan, «Euskal Autonomia Erkidegoaren irudia hobetzea da, herrialde erakargarri eta dinamiko gisa». Hori horrela izanik, Euskal Herriaren xarma turistikoak eta kulturalak ezagutaraziko dituzte bide batez, baita sukaldearekin lotutakoak ere.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azaldu duenez, erakunde eta enpresa misio hau «goi-mailako» zentro akademikoak eta ikerketa-zentroak topatzeko aukera bikaina izango da. Era berean, egoitza New Yorken eta Washingtonen duten elkarte multilateraletako agintariekin ere elkartuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)