Eman odola!
Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza sailak 15,8 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoan eskola-garraioko ibilbideak kontratatzeko (Gobernu Bilera 2022-3-8)

2022-03-08
  • Gipuzkoan eskola-garraioko 145 ibilbide kontratatzeko lehiaketa publikoa irekiko du Hezkuntza Sailak

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 15.885.361,80 euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoan. Zehazki, 145 ibilbide lizitatuko dira lurralde horretan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko ikasleei zuzenduak.

Ibilbide horietako bakoitzak lote bat osatzen du (kontratu bat). Kontratuek 20 hilabeteko iraupena izango dute, uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe, eta luzatzeko aukera izango da.

Ibilbide hauen esleipenerako lehiaketan parte hartu nahi duten garraio enpresek, zerbitzua garatzeko beharrezko den administrazio-baimena izan beharko dute –Bidaiarien Errepideko Garraioari buruzko 4/2004 Legean aurreikusia-. Horrez gain, eskola-garraioko eta adin txikikoen garraiorako segurtasun baldintzei buruz indarrean den araudiak ezartzen dituzten gutxieneko baldintzak ere bete beharko dituzte.

Eskola-garraioko zerbitzu osagarriak hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen du. Hezkuntza Sailak kudeatzen duen eskola garraioa erabiltzeko eskubidea dute bizilekutik ikastetxera 2 kilometro edo gehiagoko distantzia duten ikasleek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan. Gutxieneko distantzia hori 4 kilometro edo gehiagokoa izan beharko da DBHko bigarren zikloan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, eta 500 metrokoa besterik ez mugikortasun urriko ikasleen kasuan.

Egun, ikastetxe publikoetan ikasten ari diren ia 8.000 ikasle –aipaturiko baldintzak betetzen dituztenak- garraiatzen dira egunero Gipuzkoan, lurralde honetako 79 ikastetxeri zerbitzua ematen dieten 145 ibilbideetan.

Lizitatu beharreko ibilbide kopuru altua aintzat hartuta, eta enpresa txiki eta ertainei kontrataziorako sarbidea errazteko helburuz, lurralde historiko bakoitzeko kontratazio-espediente bat lizitatuko da. Araba eta Bizkaiko eskola garraioaren kontratuak datozen asteetako Gobernu Kontseiluetan onartzea aurreikusten du Hezkuntza Sailak. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko