250.000 eurotik gora kalitate- eta jatorri‑araubideak babesteko (Gobernu Bilera 2022-3-8)
- Jatorri-deiturak, Adierazpen Geografiko Babestuak eta beste bereizle ofizialetan sartzen diren produktuen sustapena finantzatuko da
- Aurreikusitako laguntzak informazio eta sustapen ekintzetarako eta ekoizleek kalitate-araubideetan aurrenekoz parte har dezaten izango dira
Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindua onetsi du. Agindu horren bidez, nekazaritza-produktuen eta elikagaien kalitate-araubideetarako laguntzetarako deialdia egin da 2022 ekitaldirako, 250.000 euro baino gehiagoz hornituta. Helburua da ekoizleek kalitate-araubideetan (Jatorri-deiturak, Adierazpen Geografiko Babestuak eta kalitate-bereizleak) aurrenekoz parte har dezaten erraztea, eta horiei buruzko informazio eta sustapen jarduerak babestea.
Bi eratako laguntzak aurreikusi dira:
- Ekoizle-taldeek merkatu erkideari begira, kalitate-araubidearen babespean dauden produktuei buruzko informazio eta sustapen jarduerentzako laguntza. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduera-kosteen ehuneko bati laguntza zuzena emango zaio.
- Ekoizleek kalitate-araubideetan aurrenekoz parte hartzeko laguntza. Ustiategiko emango den urteko hobaria izango da. Eskatzaileari kalitate‑araubideetan parte hartzeak sor diezazkiokeen kostu finkoen arabera erabakiko da zenbatekoa, onuradunak izena eman eta gehienez ere bost urtez.
Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, Aginduak ondorioak dituen egunetik hasita. Ereduak orrialde honetan daude eskuragarri: http://www.euskadi.eus, eta Eusko Jaurlaritzaren Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara bidali beharko dira.