Gobernu Kontseiluaren Adierazpena Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta (Gobernu Bilera 2022-3-8)

2022-03-08

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aldarrikapenerako eguna da; izan ere, aurrerapausoak eman diren arren, mundu guztian irauten du gizon eta emakumeen arteko egiturazko berdintasun ezak. Honen adierazpenak dira soldata-arrakala, emakumeek botere-esparruetara eta erabakiguneetara iristeko dituzten zailtasunak, zaintza- eta etxeko lanen banaketa desorekatua edo emakumeen aurkako indarkeria.

Emakumeen eskubideak aldarrikatzen diren egun honetan, Eusko Jaurlaritzak bere konpromiso irmoa adierazi nahi du benetako berdintasuna lortzeko bidean lanean jarraitzeko. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea lehentasuna da Gobernu eta herri honentzat. Horren erakusgarri da berriki onartu den Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea; izan ere, 2005ean Berdintasunerako Legea onartzeak gure berdintasun-politiketan eragin zuen inflexio-puntuaren ondoren, lege hau eraldaketarako tresna bihurtzea nahi dugu, eta berriz ere izan dadila aurrera egiteko aukera handi bat.

Aurrerantzean tresna eraginkorragoa eta garaietara egokitutakoa izango dugu hainbat alorretan aurrera egiteko: berdintasunaren zeharkakotasunean politika publikoetan, berdintasunerako egituren indartzean, emakumeen ahalduntzean, soldata-berdintasunean, zaintza-lanen  banaketan, gizonen inplikazioan, hezkidetzan edo emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren alde.

Berdintasunak legeak bezalako tresnak behar ditu, baina, baita gizarte osoaren borondatea eta ekarpena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik, Emakunderen bitartez, Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko Herri Ituna bultzatzen ari gara. Izan ere, berdintasunaren aldeko pausoak bizkortu behar ditugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa. Badakigu euskal gizartea berdintasunarekin konprometituta dagoela eta hurrengo belaunaldientzako berdintasunean oinarritutako etorkizun bat nahi duela. Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu konpromiso hori publikoki adierazi dezaten egunero, eta batez ere gaur, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko