Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak benetako berdintasun eraginkorra lortzeko lanean jarraitzeko konpromiso irmoa du, eta gizarte osoaren borondatea eta ekarpena eskatzen ditu

2022-03-08
  • Eusko Jaurlaritzak premiazko eta ezohiko irtenbideak eskatu dizkio Europari, energia-larrialdiari aurre egiteko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta gaurko Gobernu Kontseiluak onartu duen adierazpen instituzionala irakurri du.

Horrela, esan du, gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aldarrikapenerako eguna dela; izan ere, “aurrerapausoak eman diren arren, mundu guztian irauten du gizon eta emakumeen arteko egiturazko berdintasun ezak. Honen adierazpenak dira soldata-arrakala, emakumeek botere-esparruetara eta erabakiguneetara iristeko dituzten zailtasunak, zaintza- eta etxeko lanen banaketa desorekatua edo emakumeen aurkako indarkeria”. Zentzu honetan, eta Emakumeen eskubideak aldarrikatzen diren egun delarik, Berdintasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa adierazi du benetako berdintasuna lortzeko bidean lanean jarraitzeko. “Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea lehentasuna da Gobernu eta herri honentzat”, gaineratu du.

Horren erakusgarri, Artolazabalek berriki onartu den Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea aipatu du; “lege hau eraldaketarako tresna bihurtzea nahi dugu, eta berriz ere izan dadila aurrera egiteko aukera handi bat”, esan du. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, lege honi erreferentzia eginez, azpimarratu du aurrerantzean “tresna eraginkorragoa eta garaietara egokitutakoa” izango dugula hainbat alorretan aurrera egiteko: berdintasunaren zeharkakotasunean politika publikoetan, berdintasunerako egituren indartzean, emakumeen ahalduntzean, soldata-berdintasunean, zaintza-lanen  banaketan, gizonen inplikazioan, hezkidetzan edo emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren alde.

Halaber, Artolazabal sailburuak berdintasunak gizarte osoaren borondatea eta ekarpena behar dituela nabarmendu du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik, Emakunderen bitartez, Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko Herri Ituna bultzatzen ari gara. “Izan ere, berdintasunaren aldeko pausoak bizkortu behar ditugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa. Badakigu euskal gizartea berdintasunarekin konprometituta dagoela eta hurrengo belaunaldientzako berdintasunean oinarritutako etorkizun bat nahi duela. Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu konpromiso hori publikoki adierazi dezaten egunero, eta batez ere gaur, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean”, amaitu du.

UKRAINA

Bere aldetik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Ukrainako gatazkak euskal ekonomian izaten ari den eraginaz mintzatu da.

Tapia sailburuak azaldu duenez, EAEko enpresa-sarea oso erne eta kezkatuta dago lehengaiak erosteko sortzen ari diren zailtasunengatik eta horrek ekoizpenean eragiten dituen zailtasunengatik, eta, bereziki, elektrizitatearen kostuagatik. “Elektrizitatearen kostua etxeetan eta industrian inoiz ezagutzen ez den prezioan ordaintzen ari gara”, zehaztu du. Energia-larrialdiaren aurrean, Europan erabakiak hartzeko beharra planteatu du. “Errusian ezarri diren neurriak gero eta sakonagoak dira, eta jakin behar dugu horrek ere eragina duela gugan. Beharrezko neurriak dira, baina jakin behar dugu gugan ere zailtasunak dituela”, adierazi du.

Euskadik kanpoarekiko duen mendekotasun energetikoa kontuan hartuta, sailburuak adierazi du beharrezkoa dela eraginkortasun energetikoko politikak areagotzea. “Premiazkoa da Euskadin urriak eta beharrezkoak diren energia berriztagarrien azpiegiturak bizkortzea, eta energia garbiak (hidrogenoa, adibidez) lortzeko berrikuntza behar dugu; izan ere, gaur egiaztatu ahal izan denez, Euskadik gogor egiten du lan eremu horretan”, aipatu du. Nolanahi ere, azpimarratu du energia-larrialdi honek premiazko eta ezohiko konponbideak eskatzen dituela, eta “irtenbide horiek Europar Batasunera begira jartzen gaituzte, non atzo merkatu elektrikoaren eredu marjinalista aldatzeko ekimen bat iragarri zen”, gaineratu du.

Ostegun honetan, martxoaren 10ean, Kontseilu Europarrak energiaren kostua gasaren erreferentziazko preziotik bereizteko aukera aztertzea aurreikusi da. Tapiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak premiazkotzat jotzen du erabaki hori, elektrizitatearen kostuak ez dezan eragin kaltegarririk izan ez gizartean, ez euskal enpresen lehiakortasunean.

Era berean, sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak egokitzat jotzen dituela Europako, Estatuko eta Euskadiren baliabide propio berriak aktibatzea ahalbidetuko duten ezohiko neurriak, eragin hori arintze aldera. “Osasun-larrialdiko fasean jardun zen bezala, energia-larrialdiak ere jarduera globala eskatzen du, inpaktu-neurri sendo, malgu eta bizkorrekin”, adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Hezkuntza arloan, alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Hezkuntza Sailaren 2022 urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu du. Dokumentu honetan Hezkuntza Sailaren lau Sailburuordetzek eta 12 Zuzendaritzek kudeatzen dituzten dirulaguntza deialdi guztiak jasotzen dira, eta laguntza hauen aplikazioarekin lortu nahi diren helburuak eta eraginak ere zehazten dira.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du 15,8 milioi euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoan. Zehazki, 145 ibilbide lizitatuko dira lurralde horretan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko ikasleei zuzenduak.

Gainera, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Larraulen (Gipuzkoa) Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe publikoa sortzen duen Dekretua. Datorren 2022-2023 ikasturterako sortuko da eskola berria, Asteasuko Pello Errota Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearengandik bananduta.

Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailari lotuta, Eusko Jaurlaritzak, gaurko Gobernu Kontseiluan, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek garatuko dituzten proiektu, programa ikerketa edo jarduerak laguntzeko 280.000 euroko diru partida bat onartu du.

Azkenik, bozeramaileak jakitera eman du, alde batetik, Jaurlaritzak baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baterako Legegintzako Herri Ekimena ez duela aintzat hartuko adierazi duela, Euskadik jadanik arlo honetan emaitza onak ematen ari den eredu arrakastatsua duela uste duelako. Eta, bestetik, transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legea aldatzeko lege proposamena kontuan hartzearen aldeko irizpidea adierazi duela gaur Jaurlaritzak.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak