Artolazabal: “Neska gazteek presioa jasaten dute beraien gorputzetan eta itxura fisikoan”

2022-03-08
  • Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak Radio Euskadin azaldu duenez, 8Mren kanpainaren ardatza “itxura fisikoaren diktadura honen gordintasuna erakustea” izan da

  • Eman dituen datuen artean, 2021ean Sateviko telefono-zenbakiak (900 840 111) 2.955 dei jaso zituela azaldu du

  • 60 urtetik gorako emakumeen deiak ugaritu egin dira, baita indarkeria matxista jasaten 10 urtetik gora daramaten biktimen kopurua ere

  • Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak akordio bat lortu du Zehar Errefuxiatuekin errefuxiatuak@euskadi.eus helbidean jasotako bi mila laguntza-eskaintzak bideratzeaz arduratzeko

 Vitoria-Gasteiz, 2022/03/08

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak, Beatriz Artolazabalek, gaur goizean Radio Euskadin azaldu duenez, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta (8 M) bere sailak Emakunderen bitartez bultzatu duen kanpainaren ardatza “emakumeek jasaten duten diktaduraren gordinkeria erakustea” da, gorputzaren gurtza deritzonagatik, eta gizarteari interpelazioa egin dio erantzun dezan.

“Argi dago emakumeek, eta bereziki neska gazteek, presio handia jasaten dutela beren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean. Errealitate ukaezina da hori. Bere gorputzen nahitaezko perfekzioa, ezarritako edertasun-kanon zorrotza, hipersexualizazioa…” esan dio Xabier García Ramsdeni Boulevard saioan.

Halaber, adierazi duenez, Gazteriaren Behatokiaren azterketa baten arabera, emakumeak, batez ere gazteak, ez daude beren gorputzarekin gustura.

“Orain erreakzionatzen badugu”, jarraitu du esaten sailburuak, “neska hauek -kanpainan parte hartzen duten lau neskei dagokienez- beren autoestimuari, osasunari eta munduan duten posizioari zuzenean eragingo dieten mezuen bonbardaketa bat jasotzea saihestu ahal izango dugu. Ez dezagun ahaztu haien gorputzen gaineko presio horrek gaixotu ere egiten dituela. Anorexiak eta bestelako elikadura-nahasteek neska askori eragiten diete”.

Puntu horretan, esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Emakunderen bidez, Generation Equality nazioarteko ekimena sustatzen ari dela. Ekimenaren helburua da “neska horiei erantzutea, hurrengo emakume-belaunaldia berdintasunarena izateko”.

Satevi balantzea

Elkarrizketan, Berdintasun sailburuak Satevi - 900 840 111, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta-zerbitzuaren zenbait datu eman ditu. Hala, esan duenez, iaz 2.955 dei jaso ziren, eta horietatik 2.159 zuzeneko biktimek egin zituzten.

Esan duenez, 60 urtetik gorako emakumeengandik jasotako deien kopuruak gora egin du, baita 10 urtetik gora indarkeria jasaten ari diren emakumeen kopurua ere; horietako gehienak 60 urtetik gorakoen talde horretakoak dira. Eta, azkenik, haurdun dauden biktima gehiago ere erregistratu dira.

900 840 111 zenbakira egindako deien hazkundearen azalpen posibleen artean, Artolazabalek adierazi duenez, “sentsibilizazio-kanpainek funtzionatu dute, Satevi agerian utzi da, eta gizarte-kontzientzia areagotu da Rocio Carrascoren edo Kanarietako nesken kasuengatik”.

Ukrainatik etorritakoak

Radio Euskadiko elkarrizketak Euskadira iritsi diren errefuxiatuen egoera ere jorratu du, gaurkotasuneko beste gai batzuen artean. Bertan, sailburuak iragarri du Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak akordio bat lortu duela jada Zehar Errefuxiatuekin errefuxiatuak@euskadi.eus helbidean jasotako bi mila laguntza-eskaintzak bideratzeaz arduratzeko.

Ildo horretatik, Beatriz Artolazabalek gaur egun Oñati,Tolosa eta Berrizko baliabideetan dauden hogei pertsonei buruz hitz egin du, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak kudeatuta. Halaber, aitortu du Gurutze Gorriak jarritako telefonoak 200 dei inguru jaso dituela, horietako batzuk ukrainarrenak, laguntza eskatzeko.

“Oraindik ez ditugu jasotzen modu antolatuan Ukrainatik iristen diren pertsonak, baina bai beren kabuz Euskadira iristen ari diren pertsonak, inolako gizarte- edo familia-sarerik gabe. Haiei laguntzen eta gure baliabideetara bideratzen ari gara”, azaldu du sailburuak, eta esan du arreta integrala ematen ari zaiela (egoitza, janaria, laguntza psikologikoa…).

Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak erabiltzen dituen datuen arabera, Ukrainako komunitate bat dago Euskadin, 3.500 pertsona inguruk osatua. “Ukrainatik egun hauetan iristen direnak beren familiakoen eta familia hartzaileen etxeetara joaten ari dira, eta ezin dira kontabilizatu. Gainera, Euskadin familia askok, Txernobilgo haurrak hartzeko programen ondorioz, loturak dituzte Ukrainako biztanleriarekin”.

Artolazabalek onartu du Eusko Jaurlaritzak dena prestatuta duela Ukrainatik iristen diren pertsonak hartzeko, eta gogorarazi du “pertsona ukrainar horiek guztiek, bai gure baliabideetan daudenek, bai familiakoen eta lagunen etxean daudenek, babes-eskaeraren izapidea egin beharko dutela”.

Azkenik, Pablo Gonzalez kazetari euskaldunaren egoerari buruz, Poloniak atxilotuta eta espioitzaz akusatuta, Artolazabalek esan du Eusko Jaurlaritza harremanetan dagoela familiarekin eta Espainiako Gobernuarekin. Eta hau erantsi dio García Ramsdeni: "Bat egiten dut Reporteros sin fronteras-ek esan duen guztiarekin. Zuen lanbidea aldarrikatu nahi dut, eta epaiketa bidezkoa eta azkarra eskatu nahi dut Polonian Pablo Gonzalezentzat".

2 iruzkin
  • 2022-03-08

    Presioa, artistek ere ustiatutako moda-itxura ona kontuan hartzen ez duten arte, hautagaiak baztertu arte.

  • 2022-03-08

    presión hasta que si no consideran buena apariencia de moda explotada incluso por artistas, se autodescartan candidaturas

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak