Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Irailean 1.177 pertsona gehiago izan dira langabezian Euskadin

2011.eko urriak 04

Irailean Euskadin 1.177 pertsona gehiago izan dira langabezian; aurreko hilean baino % 0,84 gehiago eta, guztira, 141.906 ziren enplegu‑eskatzaileak.

 

Langabeziak irailean izan duen igoera txikiena izan da 2008. urtetik hona. Gainera, Euskadin langabeziak izan duen hazkundea Espainiako bataz bestekoa baino ia hiru aldiz txikiagoa da; izan ere, Estatuan % 2,32 igo baita, eta 4.226.744 langabetu izatera iritsi baitira. Gizarte Segurantzako afiliazioa, berriz, hazi egin da EAEn, 1.944 afiliatu gehiagorekin, eta 918.700 dira egun afiliatutakoak.

Araban 153 langabetu gehiago daude (% 0,70); Gipuzkoan 161 (% 0,40), eta hazkunderik handiena Bizkaian izan da, 863 enplegu-eskatzaile gehiagorekin (% 1,10).

Javier Ruiz Plangintza eta Enplegu sailburuordeak datuak aztertu ditu, eta adierazi duenez, "nahiz eta oraindik Estatuko batez bestekoaren oso azpitik gauden, eta 2008. urtetik hona izandako irail onena izan den, langabezia hazi egin da, eta 141.906 herritar daude lanik gabe Euskadin. Beraz, ahalegintzen jarraitu behar dugu lana aurkitu eta langabezia utzi dezaten".

Adin-tarteen arabera, 562 enplegu-eskatzaile gehiago daude 25 urtetik beherakoen artean. Hazkundea dago, baita ere, 25 urtetik 45ra bitartekoen artean, 121 gehiago baitira langabetuak, eta 45 urtetik gorakoen artean, berriz, 494 gehiago.

Irailean, emakumeen langabeziak gora egin du uztailarekin alderatuta; izan ere, 816 emakume langabe gehiago izan dira (% 1,11). Gizonen artean, berriz, igoera % 0,54koa izan da (361 gizonezko).

Sektoreei erreparatuz, zerbitzuetan eta aurreko lanposturik gabekoen artean izan da enplegu-eskatzaileen hazkunde handiena. Zerbitzuen sektorean 726 langabetu gehiago sortu dira, eta 427 gehiago langabezian erregistratu zirenean lanik ez zutenen artean; 1.153 lagun guztira. Lehen sektorean 126 langabetu gutxiago izan dira irailean (-% 5,44), eta industrian ere murriztu egin da langabezia, 16 langabetu gutxiagorekin.

"Datu horiek agerian uzten dute langabeziaren igoera zerbitzuen sektorean sortu dela batez ere, udako kontratuen amaieragatik, baita aurretik lanik egin ez duten eta lan-merkatura sartu nahi dutenen artean ere. Azken datu horrek aditzera ematen du herritar aktibo gehiago daudela", adierazi du Ruizek.

Euskal Autonomia Erkidegoa eboluzio onena izan duen laugarren erkidegoa da, % 0,84ko hazkundearekin, Errioxa, Gaztela-Mantxa eta Kanariar Uharteen atzetik.

"Langabeziari aurre egiteko lanean tinko jarraitu behar dugu, baita garapen ekonomikorako aukera gehiago eta handiagoak sortzeko ere, langabezia-mailak jaistearren" adierazi du Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak. Ildo beretik, gogorarazi du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduna lagungarria izan dela enpleguko politika aktiboak, orientabidea eta bitartekotza hobetzeko.

Eskualdeka, eboluzio onena industriaren pisu handia duten bailaretan izan da, besteak beste Durangaldean (-70) eta Urola Erdian (-70), baita lehen sektore indartsua dutenetan ere, Arabako Errioxa kasu (-68).

 

Gizarte Segurantzarako afiliazioen gorakada

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, abuztuan baino 1.944 afiliatu gehiago daude; beraz, Euskadin 918.700 afiliatu daude guztira. Hazkunde handiena Bizkaian izan da, 1.530 afiliatu gehiagorekin (% 0,33). Jarraian Araba dago, 394 afiliatu gehiagorekin (% 0,26), eta azkenik Gipuzkoa non 19 pertsona gehiago dauden afiliatuta (% 0,01). "Datu horiek agerian uzten dute ez dela enplegurik suntsitu", azpimarratu du Javier Ruizek.

Estatuan % 0,37 murriztu da Gizarte Segurantzako afiliazioa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan