Berriak Osasuna

Gotzone Sagardui: “Gurutzetako eta Basurtuko bihotzeko kirurgia konplexuak bateratzea zerbitzua hobetzearen eta etorkizuneko teknologia berriak sartzearen aldeko apustua da”

2022-03-07

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Herri Irratian, "Egunon Bizkaia" saioan, eta, bertan, ziurtatu du Gurutzetako eta Basurtuko bihotzeko kirurgia konplexuak bateratzea zerbitzua hobetzearen eta etorkizuneko teknologia berriak sartzearen aldeko apustua dela. “Ez da desagertzen Basurtuko Ospitaletik kardiologia zerbitzua; aitzitik, bihotzeko kirurgia konplexuko prozedurak Osakidetzako beste zentro batean egingo dira, Osakidetzan sarean lan egiten delako”, zehaztu du.

Hala, sailburuak azpimarratu nahi izan du Basurtu ez dela alde batera uzten ari, eta azaldu du zabaltze eta berrantolatze proiektuak martxan daudela. “Basurtun hobetu nahi dugu, ez dago  kalitatea eta instalazioak murrizteko arriskurik, baina beharrezkoa da gure ahaleginak batzea etorkizunari begira”, adierazi du. Laburbilduz, Gotzone Sagarduik azpimarratu du kalitatea hobetu nahi dela, eta, horretarako, Osasun Saila eta Osakidetza “gure zerbitzu guztiak modernizatzen jarraitzeko” proiektuak lantzen ari direla.

Osakidetza

Elkarrizketan, Gotzone Sagarduik Osakidetzari buruz ere hitz egin du, eta nabarmendu du Euskal Osasun Publikoaren Sistemak profesionaltasunez eta sendotasunez egin diola aurre pandemiari hilabete hauetan.

Horrela, Osasun sailburuak adierazi du ez dagoela murrizketarik Osakidetza, baizik eta berrantolaketak egin direla beharrak aldatzen joan diren heinean. Hori horrela, argi utzi nahi izan du Osakidetzan inoizko kontrataziorik handiena izan dela, LEPa abian dela, teknologia berrietan aurrera egiten dela Euskadi punta-puntakoa izan dadin, eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren aurrekontua igo egin dela azken bi urteetan, profesionalei 2/3 bideratuz. "Euskadiko osasun publikoaz harro egon behar dugu", adierazi du.

Era berean, espezialitate jakin batzuk indartzeko dauden arazoak azpimarratu ditu, adibidez, familia-medikuarena. Egoera horri erantzuteko, sailburuak adierazi du dauden baliabideak ahalik eta hobekien kudeatu behar direla, eta hori egiteko moduari buruzko hausnarketa serioa egin behar dela, arazo hori areagotu ez dadin.

Pandemia

Egoera pandemikoari buruz galdetuta, Osasun sailburuak gogorarazi du pandemia ez dela amaitu, “baina birusarekin bizitzen ikasten ari gara”. Ildo horretan, joerak hobera egin duela esan du, baina altua izaten jarraitzen duelaintzidentzia, eta, beraz, erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu ditu.

Maskarari dagokionez, Sagarduik adierazi du oraindik ez dagoela finkatuta iritzi bat barruan maskarak erabiltzeari buruz, Osasun Sistema Nazionaleko Osasun Publikoko Batzordeak oraindik ez baitu gai hori planteatu. "Zuhurtzia ez da inoiz txarra, baina itxarongo dugu eztabaida nola aurkezten den ikusteko", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak