Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza

Arrantza sektorea portugaletearren eskura

2011.eko urriak 04

Arrantza sektorea
portugaletearren eskura

Arrantzaren mundua ezagutzera ematea helburu duen Egun bat arrantzan erakusketa ibiltaria ireki da gaur Portugaleteko Santa Clara Kultur Zentroan eta bertan egongo da urriaren 21. Sarrera doakoa da.

Egun bat arrantzan erakusketa ibiltaria irailaren 15ean inauguratu zen Bilboko Itsas Museoan eta orduz geroztik bertan egon da. Gaurtik hasi eta urriaren 21 arte Portugaleten egon ostean berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herri eta hiritatik igaroko da arrantza-kultura herritarrengana hurbiltzeko.

Portugaleteko Santa Clara Kultur Zentroan egin den erakusketaren irekiera ekitaldian izan dira Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industriarako sailburuordea eta Mikel Torres Portugaleteko alkatea.

Azkueren esanetan, arrantza sektoreak bere garrantzia izaten jarraitzen du EAEn eta horren berri eman egin behar zaie herritarrei, arrantzan lan egiten duen pertsona bakoitzeko lehorrean x3,5 gehiago baitaude. Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren ustez, gaur Portugaleten ireki den erakusketa ibiltariak zuzen zuzenean erantzuten dio zeregin horri, izan ere, helburuen artean dago arrantza herritarrengana hurbiltzea eta ezagutza areagotzea, arrantza mundua ezagutzera ematea modu berezi eta erakargarrian edota arrantza sektorean parte hartzen duten agente ezberdinei protagonismoa ematea. Badirudi, sarritan arrantza sektorea oso sektore ezezaguna dela herritar askorentzat eta horrexegatik, erakusketa honen bidez sektoreak bere barne hartzen dituen hainbat gai jorratu dira.

Portugaleteko alkate Mikel Torresek, ezeren aurretik, eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari erakusketa jartzeko kokalekuen artean Portugalete aukeratu izanagatik. Alkateak azaldu duenez, Portugaleteren izenak adierazten duen moduan, herria betidanik egon da itsasoari oso lotua: “Arrantzarekin loturiko jarduerak ez ezik, Portugaleten garrantzia handikoa izan da betidanik ontzigintza. Lanbide horiek, ordea, gero eta jende gutxiagok egiten ditu, nahiz eta berebiziko garrantzia izaten jarraitzen duen sektoreak. Beraz, oso aberasgarria iruditzen zait arrantza sektorea nahiz haren inguruan egituratzen den kultura guztia herritarrei hurbildu eta azaltzea”.

Ikastetxeetako publiko gaztearengana ere modu zehatzean zuzentzen da erakusketa hau.  Portugaleteko nahiz inguruko herrietako ikastetxeek erakusketa bisitatzeko aukera izango dute gida baten laguntzaz. Honez gain, gaztetxoek ondo pasatzeko arrantzaren gaiarekin loturiko antzerkia ere egongo da.

Baina helduek ere badute zer ikasi eta erakusketak osatzen duten 14 panelek arrantza sektorearen tematika ezberdinak lantzen dituzte, tartean testigantzekin osatutako hiru ikus-entzunezko daude. Bata, arrantza sektorean lan egiten duten emakumeei eginiko elkarrizketek osatzen dute; bigarrena, gizonezkoei eginiko elkarrizketek; eta hirugarrena, arrantza munduan teknologiak izan duten eragina lantzen duen bideoak, Azti-Tecnaliarenak.  

Egun bat arrantzan erakusketan arrantza sektorean parte hartzen duten agente guztiei ematen zaie protagonismoa. Ondoko atalak jorratzen ditu erakusketak: arrantza-ontzidia, arrantza motak, arrantza-ontziak, arrantza lekuak eta portuak, garaian garaiko arraina, arrantzaleak (gizonezkoak arrantza sektorean), emakumeak arrantza sektorean, lehorreratzea eta benta, arrain fabrikak, ikerketa eta arrantza hezkuntza, gastronomia eta akuikultura. Gizonezkoak eta emakumezkoak arrantza sektorean gaiak lantzeko testigantzetan oinarrituriko ikus-entzunezkoak prestatu dira. Baxurako nahiz alturako arrantzaleak, maioristak, Pasaiako portuko langilea, kontserba fabrikako langilea, saregilea, neskatila, kofradiako idazkaria eta enpakadora ageri dira bertan.

Erakusketa honetan ipuin kontalari bat ere egongo da. Ikastola eta ikastetxeei zuzenduta batez ere, arrantza istorioak entzuteko eta hauek kolektiboki sortzeko aukera emango da. Ipuin eta istorioen bidez, ikasleei arrantzaren mundua modu erakargarrian eta oso gertutik azalduko zaie. Erakusketan bestalde, gida bat egongo da erakusketara doan edozein ikusleren zalantzak argitzeko eta erakusketa osoaren azalpena emateko. Azkenik, garaian garaiko arrainen berri ematen duen eskuorri bat ere jarriko da erakusketara bertaratzen direnen eskura.

Portugaleteko Santa Clara kultur zentroan egon ostean, Donostiako Aquariumera igaroko da erakusketa, eta datozen bederatzi hilabeteetan Euskal Autonomia Erkidegoko herri eta hiri batetik bestera ibiliko da. Horien artean daude Arrasate, Laudio, Hondarribia, Artea merkatal gunea, Eibarko El Corte Inglés, Vitoria-Gasteizko Boulevard merkatal gunea edota Urbil merkatal gunea. Erakusketa irekia da eta edozein herritarrentzat da aproposa, bai arrantza giroa eta sektorea ezagutzen ez dutenentzat, baina baita oso gertutik bizi dutenentzat ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak