Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Langabezia tasa % 0,6 igo da abenduan Euskadin, estatuko batez bestekoaren azpitik

2010.eko urtarrilak 08

*747 langabetu gehiago daude
*Gizarte Segurantzaren afiliazioa egonkortu egin da
*Hiru lurraldeen artean langabezia Araban baino ez da jaitsi (-% 0,3)

Abenduan Euskadin 747 langabetu gehiago zeuden erregistratuta azaroan baino. Horren ondorioz, % 0,6ko igoera izan da. Carlos Zapatero Laneko sailburuordearen hitzetan, "kopuru horiek oso urruti daude iazko abenduko % 6,2tik; izan ere, orduan krisi ekonomikoa bere fase gogorrenean baitzegoen.

2009ko abenduaren amaieran 128.201 langabetu zeuden, aurreko urtean baino 27.500 gehiago, eta % 27,4ko igoera izan da bi urteren artean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren datuen arabera.

Carlos Zapateroren iritziz, "egoera nahiko egonkorra izan da urteko azken hilabetean", eta, aurreratzen zuenez, "2010. urtearen hasieran langabezia areagotu egingo da oraindik, eta afiliazioa murriztu, urteko lehenengo bi hilabeteetan gertatu ohi den moduan. Dena dela, azken hilabeteetako bilakaera eta egungo aurreikuspen ekonomikoak ikusirik, martxotik aurrera egoera egonkortuko delakoan gaude".
Azken hilabetean Euskadi, % 0,6arekin, langabeziaren hazkunde txikiena izan zuten erkidegoetako bat izan da. Kanariar Uharteetan (-% 0) eta Andaluzian (+% 0,34) baino ez da datu hoberik izan, eta Estatuko batez bestekoa % 1,4koa izan da. Asturiasen (+3,75), Gaztela Leonen (+3,61) eta Nafarroan (+3,58) izan da eboluziorik txarrena hilabete horretan.

Generoaren arabera, abenduan erregistratutako langabeziaren datuak gizonentzat okerragoa izaten jarraitzen du; izan ere, % 3,3 igotzen baita, emakumezkoen langabezia % 2,1 murriztu den bitartean. Azken urtean gizonezkoen langabezia-tasa % 33,7 hazi da, eta emakumeena % 21,5.
Adin-taldeei dagokienez, erregistratutako langabetuen % 36,2k 35 urtetik behera ditu, % 47,1ek 35 eta 54 urte bitartean eta gainerako % 16,7k 54 urtetik gora. Azken urtean 35 urtetik 44ra bitarteko adin-taldeak nozitu du langabezia tasaren ehuneko igoera handiena (+% 31,3), eta txikiena, berriz, 55 urtetik 64 bitartekoak (+% 20,8).

Langabezian dauden enplegu-bilatzaileen % 59,1 prestazioren bat kobratzen ari da langabezian egoteagatik. Emakumeen kasuan proportzio hori % 52,4ra jaisten da, baina gizonezkoen artean % 65,7ra iristen da. 25 urtetik beherako langabetuen % 34,9k jasotzen du prestazioren bat, eta 55 urtetik gorakoen % 71,3 dago egoera horretan. Gainerako adin-taldeak batez bestekoaren inguruan daude.


Lurralde Historikoen arabera, langabezia Araban baino ez da jaitsi (-% 0,3). Bizkaian hazten da langabezia gehien (+% 0,9), eta Gipuzkoan, berriz, igoera txikiagoa da (+% 0,5).
Sektoreen arabera, Araban zerbitzuen sektorearen bilakaera onari esker jaitsi da langabezia. Bizkaian eboluzioa antzekoa da, baina zerbitzuen sektoreak suspertze txikiagoa duenez, hori ez da nahikoa gainerako sektoreen eboluzio txarra indargabetzeko. Gipuzkoan jaitsi da gutxien langabezia zerbitzuen sektorean, baina eraikuntzaren bilakaerari esker langabeziaren azken emaitza ez da hain txarra.


Azken hilabetean atzerritarren artean % 2,6 hazi da langabezia, eta ehuneko hori ez atzerritarren artekoa baino askoz handiagoa da (+% 0,3). Egun langabezian dauden atzerritarrak erregistratutako langabetu guztien % 10,9 dira, eta ehuneko hori espero zitekeena baino nabarmenki handiagoa da, Gizarte Segurantzako afiliatu guztien artean duten pisua kontuan izanda.

GIZARTE-SEGURANTZA

Abenduan Gizarte Segurantzako batez besteko afiliazioak egonkortuta jarraitzen du, eta 938.015 afiliatu zeuden, aurreko hilekoaren oso antzeko kopurua beraz (256 afiliazio gutxiago, -% 0,03).

Gai horri buruz sailburuak nabarmendu duenez, "2009ko apiriletik afiliatuen kopurua 940.000 inguruan egonkortu da, eta, horrenbestez, 2008aren amaiera aldean eta 2009aren hasieran izandako enplegua suntsitzeko joera bortitza hautsi egin da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera