Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak eta Aiko Dantza Eskolak abian jarri dute “Dantza Munduan” ekimenaren bigarren edizioa

2022-03-04

2020an, pandemiak eztanda egin zuenean, Eusko Jaurlaritzak, Aiko Dantza Eskolarekin lankidetzan, “Dantza Munduan” izeneko euskal dantzen on-line programa abiarazi zuen, kanpoan den Euskal Komunitatearentzako pertsonei zuzendua.

 

Orain, 2022aren hasieran, eta pandemiaren tunelaren amaieran argia ikusten dugula dirudienean, “Dantza Munduan” ekimenaren bigarren edizioa martxan jarri da.

 

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak ―Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa― 11 herrialdetako 123 dantzariei eman die beka: Argentina, Alemania, Belgika, Brasil, Kuba, Estatu Batuak, Frantzia, Peru, Erresuma Batua, Uruguai eta Venezuelakoak dira. Talde honek Amerika eta Europako 50 euskal etxe ordezkatzen ditu.

 

Ikasle gehienak emakumeak dira, 96 eta adin guztietakoak. Baina, normala denez, gehienak emakume gazteak dira.

 

Gizonei dagokienez, 27 dira parte hartzen dutenak. Horietako asko Amerikakoak dira eta batez ere dantzari gazteak.

 

Ikusten denez, ikasle gehienak amerikar kontinentekoa dira, logikoa denez, hara joan baitzen euskal immigrazio historikoaren kopururik handiena.

 

Baina, adi izan, Alemania, Belgika, Frantzia edo Erresuma Batuko euskaldunek ere euskal dantzekiko interesa erakutsi digute. Herrialde horietako parte-hartzaileak ere badaude.

 

Aurreko edizioan bezala, eskolak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dira, eta zuzenean, emanaldian zehar, edo “a posteriori”, eman ondoren, jarraitu ahal dira, edozein unetan eta edonondik, saioak grabatuta eta erabiltzaileen eskura egongo baitira.

 

Bigarren edizio honetan, programak euskal dantza tradizionalak ditu ardatz, baina baita Europako beste tradizio batzuk Euskal Herrira egokitzea ere.

 

“Dantza Munduan” ekimenaren bigarren edizioaren erronka "dantzan irakastea" da. Eta hori dantza-pausoak irakasteaz harago doa. "Dantza Munduan II" ekimeneko ikasleak horretan ari dira Sabin Bikandi dantza irakasle eta folkloristarekin eta bere taldearekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak