
Artolazabal: “Lege honek beste urrats irmo bat egiten du berdintasunerantz eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz”
- Eusko Legebiltzarrak Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako Legea onartu du
- Legeak dakarren jauzi kualitatiboa nabarmendu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, berdintasun-politikak garatzeko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak eta teknikoak indartu egiten dira-eta
Vitoria-Gasteiz, 2022/03/03
Eusko Legebiltzarrak Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako Legea onartu du gaur goizean. 2005ean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu ondoren, legeak “beste urrats irmo bat egiten du berdintasunerantz”, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen hitzetan.
Artolazabalek esan duenez, “etorkizunari, berdintasun-agertoki berri bati begiratzen dion eta orain arte berdintasun-politikak garatzen egin den lanean sakontzeko oinarriak ezartzen dituen lege baten aurrean gaude”. Helburua da —esan du—, lege berriak eskaintzen duen aukeraren bitartez, “herri honek arlo horretako herrialde aurreratuenen mailan kokatzeko aukera izatea, eta, ildo horretan, herritarren eta etorriko diren belaunaldi berrien bizimodua hobetzea”.
Sailburuak zorionak eman dizkio Emakunderi bere hitzaldian, legea aldatzeko prozesuan lider izan delako, “ahalik eta iritzi eta ikuspegi kopururik handiena bildu eta bat etorrarazteko ahaleginean, ahalik eta kontsentsurik handiena lortzearren”. Izan ere, proiektuari 400 ekarpen baino gehiago egin zizkioten, bai gizarte zibilak bai erakundeek. Gero, ganberako talde politikoen proposamenak jaso ditu. Beraz, Artolazabalen iritziz, “lege hau euskal gizarte guztiarena eta euskal gizarte guztiarentzat da”.
Artolazabalek gogora ekarri du 2005. urtean onartutako legearen aitzindaritza eta Euskadiko berdintasunerako politiketan izan zuen eragina. “Oinarri sendoetatik abiatu gara, eta eraikitzen jarraitu nahi dugu” esan du, eta azaldu du legearen erronka handienetako bat dela “emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren arazo sistemiko eta unibertsalaren barruan kokatzeari buruzko ikuspegi partekatu hori bermatzen duela”, Europako Kontseiluak 2011. urtean hartutako emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari eta haren aurka borrokatzeari buruzko Istanbuleko Hitzarmenak ezartzen duen bezala.
Artolazabalek lege berriaren onura batzuk aipatu ditu:
- Berdintasun-politikak garatzeko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak eta teknikoak indartzea aurreikusten duen legea da.
- Generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzen du berdintasunaren aldeko lanean eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren aurka esku hartzeko esparru guztietan.
- Berdintasun-politikek aurrera egiteko funtsezko elementuak euskal sektore publiko instituzional osoan modu orokorrean ezartzea errazteko neurriak ezartzen ditu. Ahalbidetzen ditu, besteak beste, planak, zerbitzu espezializatuak, prestakuntza, erabakiak hartzeko esparruetan emakumeek eta gizonek izan behar duten ordezkaritzaren sustapena, edo araudian, dirulaguntza publikoetan eta kontratazio publikoan berdintasuna sustatzeko neurriak.
- Administrazioko langileen berdintasuneko prestakuntza bultzatzen du, berdintasunaren arloko prestakuntza oinarrizkoa, progresiboa, etengabea eta nahitaezkoa aurreikusten baitu euskal botere publikoetako langile guztientzat, eta, bereziki, emakumeen kontrako indarkeria matxistari erantzuten parte hartzen dutenentzat.
- Hezkidetzako lana indartzen du ikasgeletan, eta behar bezalako prestakuntza duten hezkidetzako eta berdintasuneko arduradunak edukitzeko betebeharra ezartzen die ikastetxe guztiei.
- Neska-mutilei eta nerabeei babes handiagoa ematen die indarkeria matxistaren aurrean. Ildo horretan, laguntza berri bat sortzen du indarkeria matxistaren ondoriozko seme-alaba zurtzentzat.
- Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren forma guztien biktimentzako arreta-sistema zabaltzen du. Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren edo familia barneko indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimez harago, indarkeria horren gainerako adierazpenen —genitalen mutilazioa edo sexu-esplotazioa helburu duen salerosketa, besteak beste— biktimentzako arreta-sistema arautu eta zabaltzen du legeak.
- Detekzio goiztiarreko sistemak hobetzeari heltzen dio. Gaur egun dauden protokoloak ezertan galarazi gabe, legeak beharrezkotzat jotzen du detekzio-protokolo eguneratuak ziurtatzea hezkuntzaren, osasunaren, poliziaren eta lanaren esparruko eta esparru judizial eta sozialeko profesionalentzat. Modu proaktibo eta koordinatuan jarduteko protokoloak, emakumeen kontrako indarkeriaren kasuak detektatu eta behar bezala bideratzeko.
- Aurreikusten du neurri guztien ardatzean kokatzea biktimen eskubideak eta ahalduntzea, eta haien arreta integrala bermatzea, edozein delarik ere prozedura judizialean duten inplikazio- edo kolaborazio-maila.
- Biktimen erreparazio-eskubidea aitortzea ahalbidetzen du. Beste zenbait neurriren artean, aitzindaria da Eusko Jaurlaritzak laguntza edo neurri ekonomikoak ezartzea judizialki ezarritako kalte-ordainak ordaintzen ez diren kasuetarako.
- Ikuspegi intersekzional bat integratzen du, eta biktima guztiek arreta integrala, doakoa, eskuragarria eta kalitatezkoa jasotzeko duten eskubidea ziurtatu beharra ezartzen du, edozein delarik ere haien egoera pertsonala, soziala eta administratiboa. Ikuspegi intersekzional hori bereziki zuzentzen zaie kalteberatasun handiagoko egoeran daudenei.
- Ikerketa areagotzea eta datuen erregistroa eta zabalkundea hobetzea ahalbidetzen du. Beste neurri batzuen artean, berdintasunerako behatokia sortzea aurreikusten du.
- Herritarren sentsibilizazioan sakontzen du, eta bermatzen du gizarte osoari zuzendutako gizarte-kontzientziazioko kanpainak eta programa instituzionalak egitea, bereziki gizonei eta mutikoei zuzendutakoak, baita emakumeak ahalduntzeko programak eta informazio-kanpainak ere.
- Indarrean dagoen araudian aurreikusitako emakumeen berdintasunerako neurriak eta haiek ahalduntzekoak indartzea planteatzen da, eta, bereziki, kulturaren, hezkuntzaren eta informazio- eta komunikazio-teknologia berrien esparruari dagozkionak.
- Eta espedienteen kudeaketa integratuarekin koordinatzeko sistemak hobetzea, egun dauden erakunde arteko akordioak eta koordinazio-protokoloak eguneratzea eta akordio eta protokolo berriak hartzea bultzatzen du.
-
2022-03-06
Are gehiago, ikus-entzunezko zein irakurketako merkatu materialetik emakumeenganako diskriminazio-zeinu matxistak ere kendu beharko lirateke. Estereotipo horiek mantendu egiten dira espiritu kritikoa galdu eta bortxaketak gerrarako arma gisa erabiltzen direnean bezala, ez dago modan lurraldea bera ere aldarrikatzea, ezta mundu kontsumista batean ezer galtzekorik ez egotea ere, gai izan baitaiteke kanpoko ogia kentzeko, baldin eta pribilegioak galtzen ez badituzte, baita promesak ere, hau da, dena ondo beteko dutela, dena arrantzatik.
-
2022-03-06
Habría incluso que retirar del mercado material tanto audiovisual como de lectura tuviera signos machistas discriminación hacia la mujer en todas sus formas, estereotipos que se van manteniendo como que se perdiera el espíritu crítico y se utilicen las violaciones como arma de guerra a ninguna parte tan de moda reivindicar hasta territorio aunque fuese ajeno como que no haya nada que perder en un mundo consumista puede ser capaz de quitar el pan ajeno con tal de no perder privilegios incluso con promesas de que todo va a ir mejor, promesas no terminan de cumplirse y a río revuelto ganancia de quienes pescan sacar leña del árbol caído como que fuésemos a tener más árboles a esquilmar terreno muerto.