Berriak Hezkuntza
qrcode

Alemaniako, Austriako, Bosnia-Herzegovinako eta Serbiako unibertsitateek Unibertsitate-prestakuntza Dualaren euskal ereduari begiratzen diote

2022-03-03
  • Makina Erremintaren Institutuaren eskutik, Euskadin dira bisitan egun hauetan, euskal unibertsitateak garatzen ari diren unibertsitate-prestakuntza duala ezagutu eta beren titulazioetara eramateko
  • Hezkuntza Sailak eredu duala barnean hartzen duen Unibertsitatea+ Enpresa Estrategia azaldu die Europako unibertsitateei

Bosnia-Herzegovinako, Serbiako, Austriako eta Alemaniako zortzi unibertsitatetako zenbait arduradunek, herrialde horietako hainbat enpresaren ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzaren egoitza bisitatu dute gaur goizean Gasteizen. Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisekin eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artarazekin bilera izan dute bertan. Horiek guztiak Euskadin daude egunotan, Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Unibertsitate eta Enpresaren arteko Estrategia bertatik bertara ezagutzeko; interes berezia dute estrategia horren barruan Euskal Unibertsitate Sisteman (EUS) garatzen ari diren unibertsitate-prestakuntza dualeko esperientzietan.

Egun hauetan Euskadi bisitatzen ari diren Bosniako lau unibertsitateek eta Serbiako unibertsitateak lankidetza estuan dihardute IMH Makina Erremintaren Institutuarekin (UPV/EHUri atxikitako ikastegia). Horrela bada, datorren ikasturtean hasiko dira prestakuntza dualaren eredua beren titulazioetan inplementatzen, euskal eredua erreferentziatzat hartuta. Bestalde, Austriako eta Alemaniako unibertsitateek irakaskuntza dualak inplementatzen dituzte dagoeneko, baina IMHrekin lankidetzan hasteko interesa erakutsi dute, esparru horretan esperientziak trukatzeko helburuarekin.

Unibertsitatea+Enpresa Estrategia

Lakuan egin duten lan-bileran, Eusko Jaurlaritzak 2017an abian jarri zuen Unibertsitatea+Enpresa Estrategiaren giltzarriak eta ezaugarri nagusiak azaldu dizkie Adolfo Morais sailburuordeak Europako ordezkariei. Estrategiaren helburuetako bat da enpresa-eremuaren premiei aplikatu eta egokitutako osagai bat duen gaitasun handietako giza kapitala prestatzea. Horregatik, estrategiaren jarduketa-ildo nagusien artean dago unibertsitate-titulazio dualak sortzea eta inplementatzea, ikasleek fakultate edo eskoletan bezalaxe sektoreko enpresetan ere har dezaten prestakuntza.

Prestakuntza dual horrek dituen berezitasunez eta ikasleei eskaintzen dien trebakuntza espezifikoagoaz gain, Moraisek estrategiaren barruan orain arte lortu diren emaitzarik adierazgarrienak ere azaldu ditu: 4Gune klusterra sortzea (Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia prestakuntzako klusterra); enpresa-erronkak ebazteko programa abian jartzea, EUS-eko ikasleen aldetik; edo 4.0 Industriaren arloko Gaitasunen Mapa sortzea.

Enpresetarako bisitak

Atzo hasi zen Europako unibertsitate eta enpresak Euskadira egiten ari diren bisita, IMHk Elgoibarren dituen egoitzan. Bertan, ikastegiak inplementatzen duen prestakuntza dualaren eredua aurkeztu zuen. Ondoren, ikasleak beren lantegi eta instalazioetan prestatuz modalitate dual horretan parte hartzen duten enpresa batzuk bisitatu zituzten. Aukera izan zuten, gainera, ikasle horiekin hitz egin eta haien esperientzia bertatik bertara ezagutzeko. Gaur arratsaldean eta bihar, prestakuntza-modalitate horretan sakontzen eta jakingarri gehiago jarraituko dute, IMHn.

Eusko Jaurlaritzak 2017an Unibertsitatea+Enpresa Estrategia abian jarri zuenetik, Euskal Unibertsitate Sistemako 47 unibertsitate-titulaziok lortu dute Unibasqu-eren (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren) aipu duala. Ordutik 2021. urtera arte trebakuntza mota hau jaso duen ikasle kopurua haziz joan da urtez urte Euskadin: guztira 4.857 ikasle hasieratik, eta horietatik 1.718 2021ean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak