Eusko Jaurlaritzak euskal klusterrekin aztertu ditu Errusiak Ukrainan hasitako gatazka armatuaren ondorioz enpresei laguntzeko jarduerak

2022-03-03
  • Arantxa Tapia sailburuak, bere lan-taldearekin batera euskal klusterrekin bilera egin du gaur arratsaldean, gatazka luzatzen bada eta inoiz ikusi gabeko neurri berriak hartzen badira, erabakiak azkartasunez hartu ahal izateko
  • SPRI Taldeko Nazioartekotze Agentziak leihatila- eta arreta-zerbitzu bat ireki du webgunean, laguntza behar duten edo kontsultak egin nahi dituzten enpresa eta pertsonentzat
  • Lehengaien eta energiaren prezioak, banatzaileekiko tentsioak, finantza-eskemetan eragina eta animo eta konfiantzan kolpea dira kezka komunak euskal enpresa osoarentzat.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak euskal kluster nagusien ordezkariekin partekatu ditu, Errusiak Ukrainan hasi duen gatazka armatuaren ondorioz, Eusko Jaurlaritza euskal enpresei laguntzeko egiten ari den jarduerak.

Arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin den bileran kluster guztien informazioa kontrastatu eta aztertu da, etengabeko laguntza ahalbidetzeko. Eragile ekonomikoen behar eta kezka zehatzak partekatu dira, eta jarraipena eman zaio azken asteetan enpresekin egiten ari den hurbiltasun-ekintzari. Azpimarratzekoa da, SPRI Taldeko Nazioartekotzeko Euskal Agentzia, Basque Trade & Investment egunero eta etengabe dagoela harremanetan liskarraren eraginpeko eremuetan dauden enpresekin.

Klusterren ordezkariek Arantxa Tapia sailburuari, Mikel Amundarain Industriako sailburuordeari, Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiari eta Ainhoa Ondarzabal Basque Tradeko zuzendariari jakinarazi diete euren elkarteetako enpresek bizi duten egoera zehatza.

Kezka amankomunak

Industria kezkatuta agertu da orokorrean, Errusiako eta Ukrainako merkatuekin duten merkataritza-harremanaren intentsitatea edozein dela ere:

  • Epe labur/ertainerako eragin nagusiak lehengaien eta energiaren prezioen igoera berri baten ondorio izango direla kalkulatzen da.
  • Banatzaileekiko tentsioak gehiago zailtzen dira
  • Finantza-mailan, merkatuen ziurgabetasunak ere aurreikusten du finantzaketa garestiagoa
  • Kolpea animoari eta konfiantza orokorrari, ziurgabetasun ekonomikoa eta susperraldi ekonomikoaren atzerapena, oraindik osasun-krisitik atera gabe gaudenean, eta, ondorioz, kontsumoa moteltzea eta inbertsioak gelditzea
  • Gerra honek beste merkatu batzuetara ekar ditzakeen ondorioak, hala nola: Polonia, Txekia, Eslovakia, Estonia
  • Zigorrek sektorearen eragiketa globalen oinarri diren finantza-eskemetan duten eragina, horniduran ez ezik, inbertsioetan eta abarretan ere.
  • Euskal industriari kalte egingo dioten abalak exekuta litezkelako beldurra.

Kezka espezifikoak

Kluster gehienek adierazi duten arren beren industrien harreman zuzena erlatiboki txikia dela Errusiarekin edo Ukrainarekin, kezka espezifiko batzuk badaude, sektore batzuetan:

  • Material estrategikoak garestitzea. Hala nola: aluminioa, paladioa, altzairua, titanioa, zirkoia, edo landare-olioa (ekilorea); eta garia, artoa edo garagarra bezalako zerealak (eraldaketa-prozesuetan zuzenean sartzen dira, eta animalientzako pentsu gisa ere balio dute). Europak dio animalien elikadura bermatzeko lehengaien hornidura arriskua egon daitekeela.
  • Hornidura-kateko desorekak, produkzio-geldialdiak eta finantza-tentsioek eragindako desdoikuntzak
  • Material osagarrien kostuak, hala nola plastikozko eta aluminiozko ontzien kostuak, gehikuntza nabarmena izan dezakete.
  • Logistika: aire-espazioa ixteak kontinenteen arteko hegaldietarako ordu gehiago eskatzen ditu, Ukrainarako itsas trafiko guztia bertan behera geratu da, edukiontzi-ontzi nagusiek Errusiako portuetarako erreserbak bertan behera utzi dituzte, Ukrainan errepideko garraiorako mugak itxita daude, laguntza humanitariorako izan ezik.

Euskadiko eraginari dagokionez, Bilboko portuan Errusiarekin (San Petersburgo) zerbitzu erregularrean dauden eta beren ibilbidean (Europa barrukoa) jarduten duten bi ontzi-konpainietatik batek gaur bertan behera utzi du zerbitzua, eta bigarrenak oraindik mantentzen du nahiz eta  erreserbak bertan behera geratzen ari diren.

Enpresak eta pertsonak atenditzeko lehiatilla

Eusko Jaurlaritzak asteak daramatza gatazkaren eremuan kokatutako euskal enpresekin lotutako pertsonen egoera intentsitatez monitorizatzen, baita egoera lazgarri horrek enpresetan duen eraginaren berri zuzenean jasotzen ere.

Zehazki, SPRI Taldeko Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egunero eguneratzen du egoeraren azterketa, gertatzen diren gertakari zehatzak, Moskutik eta inguruko beste bulego batzuetatik jasotzen diren informazioak (Polonian, esaterako) edo energien, lehengaien eta abarren prezioak monitorizatuz.

Era berean, SPRI Taldeak leihatila- eta arreta-zerbitzu bat ireki du Basque Traderen webgunean, laguntza behar duten edo kontsultaren bat egin nahi duten enpresa eta pertsonentzat, inprimaki batekin eta telefono zenbaki batekin.

Basque Trade erakundeak lehentasun nagusitzat hartu du gerra-eremuan edo handik gertu dauden bulegoekin lan egiten duten edo harremana duten pertsonen ongizatea bermatzea. Otsailaren erdialdetik, bekadunak birkokatu dira, eta etengabeko harremana dago inguruko bulego guztiekin.

Euskal enpresak gatazka-inguruan

Giza baliabideen egoera aztertuta, egiaztatu da eskualde horretan ekoizpen-plantak dituzten euskal enpresak laguntza humanitarioan laguntzen ari direla.

Basque Tradek Errusian kokatutako 25 euskal enpresa ditu erregistratuta, 29 ezarpenekin, horietatik 12 produktiboak eta 17 komertzialak.

Sektore nagusiak automobilgintza, fabrikazio aurreratuko teknologiak eta siderurgia dira, eta automobilgintza nabarmentzen da ekoizpen-ezarpenei dagokienez.

Ukrainan bi bulego komertzial daude.

Merkataritza harremanak

Errusia bazkide komertzial garrantzitsua da Euskadirentzat. Esportazioetarako 13.gune garrantzitsuena da, eta inportazioetarako zazpigarrena 2020an. Iaz berriz (urrirarteko datuen arabera) 18. postuan kokatu da esportazioetan, eta 4. inportazioetan.

Ukraina, bere aldetik, 55.herrialdea da esportazioei dagokienez 2020an eta 54.a 2021ean. Inportazioetarako 26.herrialde garrantzitsuena izan zen 2020an eta 28.ena 2021ean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak