Eusko Jaurlaritzak 2022rako jarduera-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkurari
- Horrez gainera, 2021eko istripuen balantzea eta memoria ere aurkeztu ditu
Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak 2022rako aurreikusitako ekintza-plana aurkeztu dute Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuran. Horrez gainera, 2021ean, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoaren baitan, gauzatutako jardueren memoria ere aurkeztu dute.
Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuraren urteko bilera Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egin da. Bileran izan dira udaletako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak, bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), Euskadiko Bide Segurtasuneko Fiskaltza eta mugikortasuna hobetzean inplikatutako hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak.
2021eko Jarduera Memoria
Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak 2021eko istripuen balantzea aurkeztu du. Mugikortasuna pandemia aurreko mailetara leheneratzeak markatu zuen urtean 42 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan, 2019an (parekatzeko moduko azken urtean) baino 9 gutxiago. Egin den analisian adierazi da istripuen tasak % 12 egin zuela behera, eta trafiko-istripuetan hildako pertsonen % 48 kolektibo zaurgarri batekoak zirela: 17 motozale, 2 txirrindulari eta oinezko bat. 2019arekin alderatuta, ehuneko horrek % 11 egin zuen behera. Gainera, trafiko-istripuetan hildako 34 pertsona gidariak ziren (16 motor-gidariak, 16 autoen edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 2 bizikleta-gidariak), 7 bidaiariak (bat motorrekoa) eta bat oinezkoa. Generoari dagokionez, hildakoen % 88 gizonezkoak ziren (37) eta % 12 emakumezkoak (5).
Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak honako hau esan du: “lanean jarraitzen dugu istripuei aurrea hartzeko eta hildakoen eta zauritu larrien kopurua jaisteko, arreta berezia jarrita kolektibo zaurgarrietan. Alde horretatik, motor-gidariena da talde zaurgarri kaltetuena, 2021ean 17 pertsona hil baitziren. Datu horri kontrajarrita, adierazi behar da iaz nabarmen egin zuela behera ibilgailu batek harrapatuta hil ziren oinezkoen kopuruak: pertsona bakarra hil zen, eta 2020an sei hil ziren eta 2019an 13. Baina ez da nahikoa. Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du trafiko-istripuen ondorioz zero biktima izateko ikuspegiarekin. Erronka handia da, eta Euskadiko errepide-sareko erabiltzaile eta eragile guztion ahalegin bateratua eskatzen du”.
Hauek dira 2021ko Memorian jaso diren beste jarduketa batzuk: Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoa onartu izana; mugikortasuna pixkana leheneratu izana, osasun-krisia gorabehera; zilindrada handiko motorren gidarientzako doako ikastaroak; bide-segurtasunarekin konpromisoa hartuta duten enpresak biltzen dituen Innovabide Sarea zabaltzea; Don’t be Dummy estrategia sendotzea; edo Trafikoko Jardunbide Profesionala formatu erdi-presentzialean egitea Donostiako Kursaal Biltzar Jauregitik.
2022ko Ekintza-plana
Aurtengo trakzio-proiektua Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoan kokatuta dagoen Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna sustatzea da. Ituna 2022. urtearen amaieran edo 2023. urtearen amaieran sinatzea aurreikusten da, eta bide-segurtasunarekin eta mugikortasun seguru, jasangarri, efiziente eta osasungarriarekin konpromisoa hartuta duten Euskadiko eragile instituzionalen eta sozialen ordezkaritza zabala izango du.
Gainera, 2022rako 46 zaintza- eta kontrol-kanpaina programatu dira, 2021ean programatutako kopuru bera. Kanpaina horiek Ertzaintzak gauzatuko ditu udaltzaingoen laguntzaz, eta arreta berezia jarriko da Euskadiko istripuen tasan eraginik handiena duten arrisku-faktoreetako batzuetan, besteak beste, arreta-galtzeetan edo abiadura desegokian. Helburua bide-segurtasuna hobetzea, gidatzean arrisku-portaerak zuzentzea eta trafiko-istripuen biktimen kopurua murriztea da.
Gainera, motor-gidarien artean istripuei aurrea hartzeko sentsibilizazio-ekintzak eta ikastaro teoriko-praktikoak egingo dira, “Nire gurpiletan jar zaitez” estrategiaren esparruan. Adinekoen kolektiboan harrapatzeei aurrea hartzera bideratutako programak garatuko dira, ikastetxeentzako material didaktikoak argitaratuko dira, ikasleekin programa espezifikoak landuko dira, eta trafiko-istripuen prebentziorako jarduera-lerroak diseinatuko dira. Innovabide Sareak lan-eremuan bide-segurtasuna sustatzen jarraituko du Kudeaketa Aurreratuaren bidez. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera ikerketa-proiektuak landuko dira, eta mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren arloan ezagutzak trukatzeko eta hedatzeko jardunaldiak egingo dira. Bestalde, eta Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, trafikoa denbora errealean hobeto eta efizientzia handiagoz kudeatzen lagunduko duten erreminta teknologikoak ezartzearen aldeko apustua egingo da.