qrcode

Beatriz Artolazabalek lore-eskaintza egin die Vitoria-Gasteizko martxoaren 3ko gertakarien biktimei

2022-03-03
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 46. urteurreneko omenaldian parte hartu du

Vitoria-Gasteiz, 2022/03/03

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren ordezkaritzaren buru izan da, martxoaren 3ko gertakarien biktimen omenaldian. Zaramaga auzoko Martxoaren 3ko plazan lore-eskaintza egin zaie, bertan ekarri baitira gogora gertakarien bost hildakoak: José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro María Martínez Ocio.

Sailburuarekin batera, Josean Rodríguez Ranz (Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea), Monika Hernando (Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria) eta Aintzane Ezenarro (Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria) izan dira.

1976ko martxoaren 3a egun markatua da Vitoria-Gasteizen eta gasteiztarren memorian, hala nola Artolazabalen beraren memorian, 5 urte baitzituen 1976ko martxoan eta Zaramaga auzokoa baitzen.

Gasteizko gertakari izenez ezagutzen direnak Francisco Franco diktadorea hil eta hilabete gutxi batzuk geroago iritsi ziren. Martxoaren 3 hartan, grebarako jardunaldia deitu zuten, eta milaka langile Zaramagako auzoko Asisko San Frantzisko elizaren inguruetan zeuden; bertan biltzar bat egin nahi zuten. Arratsaldeko bostak inguru, Polizia Armatuko kideek tenplua utzarazi zuten eta, horretarako, gas negar-eragileak jaurti zituzten elizaren barrualdera, eta, hala, izua eragin zuten. Jendea elizatik irteten zebilen bitartean, benetako sua eta gomazko pilotak jaurti zituzten.

Ehunka pertsona zauritu zituzten, eta bost hil egin ziren: José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro María Martínez Ocio. 17 eta 32 urte bitartean zituzten.

Oroimenerako zentroa

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Gasteizko Elizbarrutiak Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenerako Zentroa  sortzeko konpromisoa berretsi dute. Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan egongo da; han izan ziren gertakariak, duela 46 urte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak