Lanbidek gazteen enplegagarritasuna hobetu egiten du, Lehen Aukera programaren bidez, Lan eta Enplegu Sailak eskatutako ikerketa baten arabera

2022-02-28
  • 2021ean zehar, 525 lagunek lortu zuten lan egiteko beren lehen aukera, eta dagoeneko zabalik dago aurtengo eskaerak egiteko epea

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak laneratze-kalitate handiagoa lortzen du Lehen Aukera programan parte hartzen duten pertsonen artean, programa egiten ez duten gazteen aldean. Horrela dio Iseak Fundazioaren ikerketa batek. Ikerketa Lan eta Enplegu Sailak enkargatu zuen, enplegu- politika publikoen eragina ebaluatzeko.

Lehen Aukera enplegu-politika aktiboen berezko ekimenetako bat da (Eusko Jaurlaritzak enplegu-politikaren eskumena du, Lanbide horren buru delarik). Lehen Aukera zuzeneko laguntzen programa da, ete xede du 30 urtetik beherako pertsonak kontratatzea (hain zuzen ere, lan-esperientziarik ez, edo, gehienez, sei hilabeteko esperientzia dutenak). Programak helburu du aipatu pertsonen enplegarritasuna hobetzen laguntzea (esperientzia profesionala eskuratuz eta beren laneratzea sendotuz).

Erantzukizuna bere gain hartzean, Idoia Mendia lehendakariordeak ekimenen eraginkortasunaren errepasoa egin nahi izan zuen (ekimen bakoitzean erabilitako aurrekontuari dagokionez); eta, kasu honetan, zehaztu nahi zuen ea kontrataziorako zuzeneko laguntzek “hildako pisuaren” efektua eragiten ote duten: hau da, aztertzea ea onuraduna, sorospen hori jaso gabe ere, berdin kontratatuko zuten; eta, beraz, eraginkortasunik gabeko gastua ote den.

Lehen Aukera zuzenduta dago enpresa pribatuak kontratazioak egin ditzan (modu mugagabean, zein praktiketan). Eta eskatzen du enpresak langile-kopurua handitzea (ez erabiltzeko dagoeneko lanean ari den norbait ordezkatzeko).

Azterlanak hurrengoa ondorioztatu du. Konparatzen baditugu programan parte hartu dutenak eta parte hartu ez dutenak, batetik, lehenengoek probabilitate nabarmen txikiagoa dute langabe gisa erregistratuta egoteko diru-laguntzak amaitu eta hurrengo urtean (12 hilabeteren buruan, aldea % 42koa da). Bestetik, langabeziaren iraupena erdira murrizten da. Eta, azkenik, hurrengo urte horretan lan egindako egunen kopurua % 26-29 igotzen da.

Halaber, programan parte hartu ez dutenen aldean, Lehen Aukeran parte hartzen duten pertsonek enplegu-kalitate hobea erakusten dute, egonkortasun handiagoa baitute sinatutako kontratu kopuru txikiagoan (1,29 vs 1,63); gehi kontratu mugagabe gehiago dute (% 16 vs % 9); eta praktiketako kontratu gehiago dute (% 77 vs % 12). Gainera, parte hartzen ez dutenek eragin handiagoa dute obra- eta zerbitzu-kontratuetan (% 26) eta bestelako aldi baterako kontratuetan (% 40). Emaitza horiek mugatu egiten dute “Hildako pisuaren” faktorea; hau da, programa eraginkorra da kontrataziorako eta egonkortasunerako.

2021ean, 525 gaztek bat egin zuten programa horrekin (guztira, lau milioi euroko diru-laguntzarekin). Aurten, urtarrilera aurreratu da deialdia (lehenbailehen aktibatzeko gazteei lehen aukera eskaintzen dien mekanismo bat). Gainera, eta modu osagarrian, beste deialdi bat ireki da gazteei administrazio publikoan lehen esperientzia profesionala eskaintzeko (Europako funtsetatik jasotako 7,5 milioi euroko zuzkidura duena).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak