
2021ean, 28.116 erreklamazio aurkeztu zituzten kontsumitzaileek, “gero eta trebatuago eta informatuago daude eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten dute”, azaldu du Javier Hurtado sailburuak
- 2021ean 28.116 erreklamazio tramitatu ziren Kontsumobiden, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetan eta kontsumitzaileen elkarteetan. Erreklamazio gehienak (7.970, % 28) telekomunikazioekin eta telefonia-zerbitzuekin lotuta daude
- Kontsumobiden aurkeztutako erreklamazioen, kexen eta salaketen erdiak bide telematikotik tramitatu dira (% 48).
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Laura Alzola Kontsumobideko zuzendariak Kontsumobideren 2021eko memoriaren datuak aurkeztu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko erreklamazioak % 3,5 hazi dira 2021ean, eta guztira 28.116 erreklamazio tramitatu dira Kontsumobiden, kontsumoko udal-bulegoetan eta kontsumitzaileen elkarteetan.
Berriro ere, telekomunikazioak eta telefonia-zerbitzuak daude erreklamazioen buru, guztira 7.970 erreklamaziorekin, hau da, erreklamazio guztien % 28rekin. Izatez, zehapenen zenbatekoaren erdia sektore horri dagokio. Kontsumobidek 611 zehapen-espediente ebatzi ditu, guztira 1.172.615 euroko zenbatekoarekin. Horietatik, 560.000 baino gehiago telefoniaren sektoreari ezarri zaizkio.
Erreklamazioen artean, online tramitatutako erreklamazioek 2020an izandako pisuari eutsi diote, 2019an % 9 izatetik 2020an % 46 izatera pasa baitzen. Hazkunde hori finkatu egin da, jada pandemiak eragindako jauzi handi hori gabe, eta 2021ean % 48,6koa izan da.
Prestakuntzari dagokionez, 2021ean, guztira 1988 lantegi egin ziren. Horietatik 1.362 lantegi ikasleei emandako lantegiak izan ziren —Lehen Hezkuntzakoei, Bigarren Hezkuntzakoei eta Lanbide Heziketako II. mailakoei—, eta haien ikastetxeetan zein Kontsumobideren zentroetan eskaini ziren. Guztira, ia 19.000 pertsonek parte hartu zuten lantegi horietan.
Merkatuaren kontrolari dagokionez, eta kontrol- eta ikuskapen-jarduketen bidez (jarduketa propioak izan zein beste erakunde eta entitate batzuekin koordinatuak izan), 2021ean 3.048 ikuskapen-jarduketa egin dira, alerta-sareak eraginda, berariazko kanpainek bultzatuta, eskaerek eta salaketek eraginda, ofizioz eginda eta abar.
Sailburuak aditzera eman duenez, “orain kontsumerismoa indartzen ari da, eta, hartara, kontsumo arduratsuan trebatuta eta informatuta dauden eta arrazoizko irizpideak dituzten kontsumitzaileak ditugu. Horixe da, hain zuzen ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik bultzatzen duguna, eta Kontsumobidek funtsezko zeregina betetzen du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informazioan, prestakuntzan eta sentsibilizazioan. Ez dugu ahaztu behar gure gaurko kontsumoa biharko gure mundua izango dela.”
Horregatik, “kontsumo arduratsua, tokiko erosketa eta kontsumitzaile gisa ditugun eskubideen defentsa aldarrikatuko dugu beti, baina eraiki nahi dugun gizartea ahaztu gabe”, azaldu du. Eta, horretarako, “arreta berezia emango diegu gure eguneroko jardueran zaurgarrienak diren kolektiboei, hurrengo egunetan aurkeztuko dugun Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren bidez”.