Negozio-zifrak balioak berreskuratu ditu zerbitzuetan eta industrian, euskal hoteletako gaualdiek gora egin duten bitartean
Adierazle ekonomikoetan aberatsa den aste honetan, zerbitzuetako negozio-zifra nabarmentzen da, beste errekor bat ezarri baitu. Susperraldi horretan, euskal industriaren negozio-zifra gero eta handiagoa da; aldiz, Euskadiko hoteletako gaualdiak hirukoiztu egin dira aurtengo urtarrilean (urte arteko datua). Horiek dira gaur, Astekonomia asteroko laburpenaren ardatz diren adierazleak.
Joan gaitezen zatika. 2021ean, zerbitzuetako negozio zifra %15,4 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta. Horri esker, urteko batez besteko indizea 122,5ekoa izan zen, serie historikoaren mailarik altuena baita. Bestalde, enpleguak ere portaera ona izan zuen eta %3,0 areagotu zen 2020arekin alderatuta.
Bestalde, industriako negozio zifra %18,3 hazi zen abenduan, eta 2021. urtean, oro har, %18,2. Igoera handia izan zen arren, ez zituen pandemiaren aurreko emaitza altuak berdindu, ez 2018koa ez 2019koa, nahiz eta urte horiekiko aldea nahiko txikia den.
Azkenik, EAEko hoteletan egindako gaualdiak %167,3 hazi ziren 2022ko urtarrilean, aurreko urtearen aldean. Hazkunde handi hori omicron aldaeraren hedapena kontrolatzeko jarduera murrizketen testuinguru batean gertatu zen, eta, beraz, ezinezkoa izan zen pandemiaren aurreko balioak osorik berreskuratzea.
Asteroko laburpen hau Ekonomia Zuzendaritzak egiten du, «Astekonomia» izenarekin, eta minutu bateko iraupena duten bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren zabalkundea eta jarraipena errazteko.